Albistea entzun

Hamar urte tokiko ekonomia lantzen

Hamar urtean, Europan gehien erabiltzen den diru osagarria bilakatu da euskoa. Erabiltzaile eta profesional gehiago lortu nahi dituzte, Ipar Euskal Herrian osatu duten zirkuitu ekonomikoa indartu eta iraunkor bilakatzeko.
Erabiltzaile bat euroak euskotara aldatzen, Baionan.
Erabiltzaile bat euroak euskotara aldatzen, Baionan. BOB EDME Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko otsailak 14 - Baiona

Eskatu dituzten bi kafeak bukatu ondotik, zerbitzariak eskura eman dion QR kodea eskaneatu du bezeroetako batek, Euskopay aplikazioaren bidez. Ordaindu nahi duen kopurua idatzi du (2,6 eusko), eta zerbitzariaren kontrolpean baieztatu du ordainketa. Ipar Euskal Herriko saltoki andanatan ohikoa bilakatua da ekintza hori. Hamar urteren ondotik, euskal diruak 4.000 erabiltzaile ditu, eta 1.300 profesionalek onartzen dute. Aplikazioaren bidez ez ezik, paperezko billeteen eta txartelaren bidez ere egin daitezke ordainketak. Urtarrilaren 31ko kontaketaren arabera, 3,7 milioi eusko daude zirkulazioan Ipar Euskal Herrian.

Gainontzeko diru osagarriekin gertatzen den bezala, tokiko zirkuitu ekonomiko bat osatzea da euskal monetaren helburua. Kidetza sistema batekin funtzionatzen du: kide diren norbanakoek erabil dezakete, kide diren profesionalei ordainketak egiteko, perimetro jakin batean. Hain zuzen, eusko bilakatzen den euro bakoitzak Ipar Euskal Herrian soilik zirkulatuko du. Profesionalek badute parada euskoak berriz euro bilakatzeko, baina balioaren %5 galduko dute transakzioan. Diru hori bitan banatzen da: %2 Euskal Moneta elkartea finantzatzeko erabilia da, eta gainerako %3a, berriz, kide diren elkarteei dohaintzak egiteko. Horri esker, Euskal Monetaren funtzionamenduaren %76 autofinantzatua zen 2021ean. Hamar urtean 250.000 eusko eman dizkiete 70 elkarteri.

Era berean, zirkuitu ekonomikoaren sarea indartzeko modua ere bada %5eko freno hori, euskoa erabiltzen duten hornitzaileak bilatzera bultzatzen baititu profesionalak. Euskal Monetaren arabera, Eusko sareko profesionalen %56k Ipar Euskal Herriko hornitzaile berri bat hartu dute euskoak erabili ahal izateko. Bestalde, %84k ez dute sekula beharrik ukan eusko bakar bat ere euroekin trukatzeko.

Hala ere, gertatzen da profesional batzuek euskoak metatzea, horiekin zer egin ez dakitela, beren sektorean ez dutelako atzematen euskoa erabiltzen duen hornitzaile egokirik. Mendi Esteban Euskal Monetako kidearen hitzetan, «ez da problema bat, erronka bat baizik». Kasuz kasu, laguntza eman izan diete profesionalei, bakoitzari egokitutako adibideak atzemateko. «Euskoaren funtsezko gaia da hastapenetik».

Hego Euskal Herria helburu

«Basoa erdi hutsa ala erdi betea» ikus daiteke, Estebanen iritziz. Argi bazuten ere Euskal Herriko mugimendu militantea indar bat izan zitekeela, duela hamar urte ez zuten uste euskoak halako bilakaera izanen zuenik. Okzitaniako abeille (erlea) tokiko moneta eredu hartuta abiatu zuten proiektua, 2010eko hamarkadan. «Sare militantearen bidez zabaldu genuen deia. Ate joka joan ginen; konfiantzazko harremanaren bidez egin zen». Hamar urteren buruan, Europan gehien erabiltzen den diru osagarria da. Orduan apustua egin zutenak eskertu nahi izan ditu Estebanek.

Erabiltzaile eta profesional sarea garatzea da ondoko urteetarako duten erronka nagusia. Horretarako, zenbait lan lerro dituztela esplikatu du Estebanek. «Gizartean hedatu behar da, komunago bilakatzeko». Gizarteak eraldatzeko behar duen denbora azpimarratu du.

Beste batzuek instituzioen parte hartzea indartzean ikusten dute aukera. Erakundeek euskoa erabili ahal izateko Frantziako araudia arintzea da Euskal Monetaren erronketako bat.

Baina bada gaitzeko erronka bat hastapenetik helburu gisa ezarria dutena: euskoa Hego Euskal Herrira zabaldu eta Euskal Herri osoko diru bilakatzea. «Bide horretan ari gara lanean, aditu batzuen laguntzarekin. Jadanik izan diren esperientzia batzuetan ere oinarritu gara», azaldu du Estebanek. Asmoa ikerketa fasean da oraingoz. «Urratsa egitekotan, baldintza onetan egin behar dugu».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Adonis Georgiadis Greziako Lan ministroa, bakarrik, lan erreforma onartu duten saioan. ©GEORGE VITSARAS / EFE

Greziako parlamentuak astean sei egunez lan egin ahal izatea onartu du

Iñaut Matauko Rada

Lan erreforma berriarekin langileek egunean hamairu orduz egin ahal izango dute lan, bi lan badituzte. Atzo greba orokorra egin zuten herrialdean lege berriaren aurka.

Eroskik bere bidaien adarra saldu behar izan zuen zorrari aurre egiteko. ©Juanan Ruiz / Foku

Eroskik merkatuetara joko du bankuei ordaintzeko

Iker Aranburu

600 milioi euro arteko bonu bat jaulkiko du, datorren urtean itzuli beharreko zorra amortizatzeko.

Nafarroako Volkswageneko langileak, fabrikaren atarian, artxiboko irudian. ©Idoia Zabaleta / FOKU

Nafarroako VWen etsi egin dute baterien lantegiaren aferan, eta itunean jarriko dituzte indarrak

Irune Lasa

Langile batzordearentzat, «hutsegitea» da bateriak muntatzeko fabrika Landabenetik at egotea. Datozen bi urteetan espero den pattalaldiari begira, enpleguari eutsi nahi dio hitzarmen berriaren negoziazioan.

Kontsumo pribatuak eutsi egiten dio ekonomiari. ©Idoia Zabaleta / Foku

Nafarroako ekonomiak moteltzen jarraitzen du

Iker Aranburu

Nastatek hamarren bat kendu dio uztailean aurreratutako datuari: %2 hazi da BPGa azken urtean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...