begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Adarbakar gainean, sua lagun, Andra Mari

2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Sua Berarekin dabil gaur, misterio guztien gau eternalean ibili den moduan. Sua. Dabil. Berarekin.

Su hartuko dute gaur pantailek. Donostiakoek. Viktoria Eugenia saloikoek, Antzoki Zaharrekoek nola. Su hartuko dute pantailetan Arrikrutz, Leze eta Pozalagua kobazuloek. Su hartuko Antso III.a Nagusiak eraikitako Loarre gaztelu Aragoikoak. Su hartuko Irati basoak, non, kontu jakina da, Albreteko Joana erregina txit agurgarriaren hezur azkenek eta hats ilunabarrekoak hegan egiten duten.

Sua. Dabil. Berarekin. Unikornio belztu gainean. Dator. Bera. Anboton (Mariurrika koban, Artaungo Sakonean) etxaleku izanda, mendi guztietako erraietan dagoen Bera.

Mari deitzen diote. Diogu. Aragoin, berriz, Mariuenea diote, mendeetan zehar bertan mintzo zen Nafarroako mintzoarekin akordatuz.

Sua. Dabil. Berarekin. Gaur estreinatzen baita Donostian Paul Urkijo Alijoren Irati filma. Bi emanaldi izango dira. Beste bat gehitu dute, azaroaren 4an. Berandutuko baita, atzeratuko baita gure etxe ondoko areto korrienteetan estreinaldi ofiziala. Erabaki traketsa hartu dute, nire irudiko, banatzaileek, 2023ko otsailaren 24rako geroratuz. Orain behar zuen izan. Orain, Sitgesen izandako txalo eta sarien zaparrada baretu ez den orain honetan.

Sua. Dabil. Berarekin. Bai, ofizialki, printzipioz eta gidoiak oinarri hartutako Iratiren zikloa komikiari leial jarraituz, aitortu behar da pertsonaia nagusia bera ez dela. Inperio Karolingioaren aurka ziharduten jauntxoen buruzagia zen Izaban jaiotako Eneko Arista edo Eneko Enekoitz jaun prestua dugu, bai, protagonista. Arabiarrek Wannaqo deitutako huraxe.

Borrokan zein amodio jokoetan betirako bere ondoan, basoko eta uretako kreatura bat. Defentsan eta erasoan, labanarekin ederki moldatzen da Irati, muskerraren antzera, oinetan ezkatak dituen izakia, kontakizunari, pelikulari eta baso sakratuari izena ematen diona.

Bai, Kordobako emirren mendeko izatea erabaki arren, era berean, artean existitzen ez zen Nafarroako erreinuaren zutabe lehena izan zen Oneka andrearen semea eta lur honetako jainko guztien leinukoa zen neska dira protagonistak. Baina Bera da Suarekin Batera datorkiguna. Unikornio belztu gainean. Bera. Mari. Anbotokoa. Iratikoa. Lezekoa. Aragoikoa. Andra. Jabe. Mari.

Ez, ez dator sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik, baizik eta Alberto Vazquezek eta beste zientok pantailetan marrazturiko beste baso bat (baso guztiak ez ote dira BASOA?) babestuko duten adarbakarren gainean.

Izan ere, bai Errenterian, bai Iruñean, bai Gasteizen, bai Bilbon ikusgai da parekorik ez duen Unicorn Wars film garratz, eder, basa. Gerrako zinema oro oinarri hartzen duena, gure panpinekin izan dugun hartu-emana azpikoz gora jartzen duena. Ikusi eta gero, zuen peluxezko hartzei beste era batez begiratuko diezue, eta ulertuko hartzaren besarkada ez dela maitasun keinu bat. Are gutxiago hartza drogak harturik eta odol gose badator, fusila eta granadak atzaparretan.

Bide batez, Donostiako Beldurrezkoan datorren asteazkenean pantailan izango den Pablo Polledriren Loop animaziozko labur errepikaezinean harrapatuko dituzu Wars-en parte hartu duten hainbaten izenak; ekoizpenean Ivan Miñambres; animazioan, Arkaitz del Rio; marrazkien hondoen definizioan, Leire Acha. Eta musikan, Joseba Beristain.

Sua. Dabil. Berarekin. Unikornio gainean dator. Mari. Andra. Ta Jabe. Hartzak ere mendeko izango zituen Jainkosa. Gurea. Besteena ere bai. Begizta batean ikusi beharko genituzke Irati, Unicorn Wars eta Loop. Sutan baitira hirurak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.