Albistea entzun

Meadows txostenak, 50 urte. Antonio Valero. Erromako Nazioarteko Klubeko kidea

«Gure aztarna ekologikoak egungoaren hamarren bat izan behar du»

Kontsumoa eta ekoizpena apaltzea eta espiraleko ekonomia martxan jartzea beste biderik ez du ikusten Antonio Valerok.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman -

2022ko azaroak 27

Hazkundearen Mugak txostena egin zuten Donella eta Denis Meadows senar-emazteen adiskide eta taldekide izan zen, eta material kritikoei buruzko ikerketetan nabarmendu da azken urteotan Antonio Valero Capilla (Zaragoza, Espainia, 1951), Zaragozako Energia Baliabideen eta Kontsumoaren Ikerketa Zentroko ikertzailea. Txostenak arrazoi zuela uste du, eta egoera okertu baino ez dela egin. Espiraleko ekonomia ezartzea beste aukerarik ez du ikusten.

Zer esango zenuke Hazkundearen Mugak txostenaren garrantzi historikoaz?

Gizaterian aldaketa handi bat gertatu zen 1970eko hamarkadako energia krisiaren ondorioz. Jendea kezkatuta zegoen ezin zuelako gasolina ordaindu, baina, MITen, sistemen dinamiken inguruan lan egiten ari ziren, eta gaia hartu zuten, aztertzeko. Ikertu zuten, ez bakarrik energia, baizik eta planetari zer gertatuko litzaiokeen norabide berean jarraituz gero. [Jay Wright] Forresterren lanak oinarri hartuta, ondorioztatu zuten arazoa ez zegokiola energiari, eta askoz sakonagoa zela. Ondorioa zen berdin jarraituz gero XXI. mendean kolapsora iritsiko ginela.

Zer erreakzio eragin zuten?

Jendea harrituta geratu zen, baina hori hasiera besterik ez zen. Ondorengo urteetan, sekulako eragina izan du.

Duela 50 urte emandako abisu horiek balekotzat jo ditzakegu, lau berrikusketaren ostean?

Neoliberalismoaren garaian, [Margaret] Thatcherren-eta agintea indarrean zenean, aditu asko hasi zen esaten autore horiek erotuta zeudela, eta azeleragailua sakatzea zela egin beharrekoa, ekonomiak salbatuko gintuelako. Hori hala, 2000ko hamarkadaren amaieran sekulako finantza krisia heldu zen. 1970etik 1990era, kezkaz bizi izan genuen aro bat, baina pentsatuta agian larritasuna ez zela horrenbestekoa. 2000ko lehen hamarkadako finantza krisi horrek kolapsoaren arriskua iragarri zigun berriro. 30 urteren ostean, lehen berrikusketa argitaratu zen, eta emaitza izan zen gauzak uste baino askoz okerrago joan zirela.

Azkenaldiko krisiak planetaren mugak gainditzearen ondorio dira?

Mundu osoko krisi bat baino gehiago bizitzen ari gara: pandemia, klima aldaketa, Ukrainako gerra... Horrek denak 1970eko hamarkadan iragarri zutena baieztatu baino ez du egiten. Orduan, informazio gutxiago zegoen, eta, gainera, aldagaiak ez zeuden horren banatuta... Gaur egun, aurrera egin da alor horietan ere, eta zehaztu daiteke nitrogenoa, fosforoa, lurraren erabilera... Informazioa zehazteak berretsi baino ez du egin 1972ko mezu hura.

Ekonomia neoliberalaren norabidea inoiz ez da aldatu... Noiz arte jarraitu dezake hazkunde horrek?

Paperetan hazten ari gara, billeteetan. Baina paper bakoitzaren atzean, ordaindu behar den elikadura dago, ordenagailuak, bidaiak... Ekuazioa argia da: zenbat eta gehiago hazi, gehiago erauzten diogu Lurrari. Natur baliabideen erabileran, %2-2,5 hazten ari gara urtero... Meadowsek argi azaldu izan du kontu hau: garapen esponentzialak kolapsora garamatza. Hazkunde iraunkor batek antzututako planeta bat utziko digu, kutsaduraz betea, eta denontzako baliabiderik gabe. Horrek esan nahi du gerrak eta era guztietako tentsioak etorriko direla. 50 urte barru, gaur eskatzen dioguna halako bi eskatuko diogu planetari. Posible al da hori? Ez dut uste. Mugak dituen planeta batean ezin da mugarik gabeko desirarik ase. Eta agintariek ez dute mezu hori entzun nahi.

Aurrezte energetikoa eta ekonomia zirkularra aipatzen dira egun. Zerbait aldatzen ari da?

Ez. Gure aztarna materiala itzela da. Norbere telefonoan 50 osagai baino gehiago daude, eta horietako 20 baino gehiago kritikoak dira. Nork birziklatzen ditu mugikorrak? Orain, modan jarri da ekonomia zirkularra, baina zuriketa berdea atzematen dut. Errealitatea bestelakoa da. Ibilgailuetan ere, 50 osagai baino gehiago daude, eta hogei baino gehiago, kritikoak. Diotenez, ibilgailu elektrikoak izango ditugu, merkeagoak eta kontsumo apalagokoak. Eta nondik atera behar ditugu bateriak eta ekipo elektronikoak ekoizteko materialak? Non daude lantegi fotovoltaikoak eta eolikoak eraikitzeko osagaiak? Uste dugu europarrok eginda besteok jarraituko digutela, baina ezinezkoa da, ez baitiegu utziko hori egin ahal izateko material nahikorik.

Eta energiaren aurrezteari buruz, zer diozu?

Gure motxila energetikoa urtean 2,3 tona petrolio baliokidekoa da. Imajinatu gutako bakoitza —espainiarrez ari naiz, AEBetakoena halako bi baita— halako motxila batekin. Esaten dute: «Aurrez dezagun energia, eta isurketak %20 gutxitzea lortuko dugu». Ondo, eta beste bi tonak zer? Lur emankorrak ere suntsitzen ari gara. Ahal duena eta ezin duena eskatzen diogu Lurrari, eta ongarrietan fosfatoak sartzen dizkiogu... Naturak milioika urtean sortu dituenak erauzten ari gatzaizkio urte gutxian. Nitrogenoa gas eta energia elektriko pila batekin sortzen da, amoniako bihurtzeko. Hor joaten zaigu energia osoaren %5 eta %10 artean, elikagai katean. Gure aztarna ekologikoak egungoaren hamarren bat izan behar du, iraunkorra izateko eta gaur egun horretara iristen ez direnen aztarna orain halako bi izateko. Indiarrek, latinoamerikarrek eta asiarrek gure garapen maila lortzeko, gure kontsumoa apaldu behar dugu. Prest gaude horretarako?

Erregai fosilen ekoizpenak goia jo duela diote ikertzaile batzuek.

Oraindik nahikoa dagoela uste dut. Venezuelan, adibidez, badago nahiko petrolio. LPEEko buru ohi Zaki Yamanik esan zuenez, petrolioa amaitu baino lehenago amaituko da petrolioaren aroa. Kontua da erregai fosilekin jarraitzen badugu klima aldaketak planeta suntsituko duela. Beraz, energia berriztagarrietara jo behar dugu. Baina horiek, eskatzen dugun hazkundea gehituta, ezin dute bermatu eskaria. Eguzkitik bizi behar dugu, baina petrolioarekin egin dugun guztia ezin da ordezkatu, ez daudelako beharrezko material guztiak: ez kobrea, ez eztainua, ez litioa...

Erromako Klubeko nazioarteko taldean zertan ari zarete?

Bi ideia garatzen ari gara. Planeta suntsitzen ari garen ebidentziatik abiatuta, baliabiderik gabe geratuko gara noizbait. Orduan, neur dezakegu urtero zenbat baliabide suntsitzen ari garen. Hau da, hustutako planeta horretara iritsi bitartean —guk Thanatia deitzen diogu— planteatzen dugu gure aztarna txikitu behar dugula, hara horren azkar ez iristeko. Bestalde, zer irtenbide dauden ere ikertu nahi dugu: murriztea eta desazkundea aplikatzea ez ezik, badaude beste bide batzuk ere: espiraleko ekonomia serio hartzea.

Zer da espiraleko ekonomia?

Jarduera guztietan, hondakinak sortzen dira, baina, gauzak ongi eginez gero, hondakin gutxiago sortuko dugu. Naturak hondakinak birziklatzen ditu, eta berriz erabil daitezke. Guk gauza bera egin behar dugu. Ekonomia zirkularretik espiralera joateko bidea ikertzen ari gara.

Oraindik ere, gailu teknologiko eta elektronikoak zabortegira eramateko diseinatuta daude.

Berriki, Seat eta Volkswageneko hainbat ordezkarirekin elkartu da Alicia Valero. Haiek milioi bat ibilgailu muntatzen dute urtero, baina ez dute bakar bat ere desmuntatzen. Orduan, zer egin behar da? Desmuntatzeko eta berrerabiltzeko diseinatu. Auto zaharra txatartegira eramaten dugunean, hainbat osagai ongi dauzka, agian osorik dago ongi... Sakelakoak, gailu elektronikoak... Denak diseinatu behar dira berrerabiltzeko. Bestela, baliabide mineralik gabe geratuko gara. Gainera, erregai fosilen %10 meategietako materialak erauzteko erabiltzen dira. Beraz, klima eragina ere handitu egiten da.

Eta zer esan zioten konpainiek Aliciari?

Bada, ados daudela, baina enpresa handiak transatlantikoak bezalakoak dira. Aldaketa horiek asko kostatzen dira, baina mezu hori presazkoa da. Espero dut oso serio hartzen hastea: beira, manganesoa, rutenioa... Osagaiak birziklatu behar dira.

Industria handiak zaharkitze programatua martxan jarri zuenean, planetaren mugak gainditzeko oinarria jarri zuen?

Tamalgarria da. Ez bakarrik gauzak ez irauteko moduan ekoiztea, baizik eta, gainera, horri epemuga bat jartzea. Ekoizpen gehiago, mozkin gehiago: beraz, inbertsio gehiago ekoizpenean eta material erauzketan. Beraz, hazkunde handiagoa. Gurpil zoro bat da. Naturak ez du dirua eskatzen. Badirudi naturak doan ematen digula dena. Guk kobre kilo baten prezioa erauzketa egin duenari ordaintzen diogu, baina ez naturari. Ez dugu lehengoratzen, ez zaintzen. Nora goaz? Zaharkitze programatuaren teknika horiek planeta lehertzeko teknikak dira.

Gero eta gehiago hitz egiten da energia krisiaz eta baliabideen krisiaz... Ukrainako gerrak eragin du hori?

Hori diogu... Errua gerrari botatzen diogu, baina benetako arazoa da planetak ez duela gehiago ematen. Elementu baikor moduan esan dezakegu jendea ohartzen ari dela aurrezteko eta gauzak beste modu batera egiteko beharraz; gure aitona-amonen gauzak egiteko molde horiei begiratzen hasi gatzaizkie. Planeta hanka erakusten ari zaigu, eta, nahiz eta batzuek pentsatu gerra amaitu ostean lehengora itzuliko garela, klima aldaketak esaten digu ezin garela itzuli. Duela 20 urtetik esaten ari gara material kritikoak daudela, eta liburuak idatzi ditugu, eta orain modan jarri gara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sindikatu Medikoko ordezkariak, atzo, Iruñean egin zuten agerraldian. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Sindikatu Medikoak ezezkoa eman dio Osasunbidearen eskaintzari, eta eskaerak gogortu ditu

Ion Orzaiz

Sindikatu ultrakontserbadorea ez da azaldu Nafarroako Gobernuarekin zuen bilerara, eta esan du biharko greba deialdiari eutsiko diola «eskaintza zoragarri bat jaso ezean»

Mutilentzat bakarrik den Erain ikastetxea, artxiboko irudi batean ©Gorka Rubio/ Foku

Eusko Jaurlaritzak finantzaketa etengo die ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei

Edurne Begiristain

Jokin Bildarratzek esan du «ahalik eta modu adostuenean» egin nahi dutela prozesua, eta ikastetxeekin harremanetan direla. Eusko Jaurlaritzak halako sei ikastetxe ditu itundurik.

Araban %70eko jarraipena izaten ari da greba, letradu elkarteen arabera. ©Juanan Ruiz / Foku

Epaitegiak «kolapsatuta», letraduen grebaren ondorioz

Maite Asensio Lozano

Hego Euskal Herriko letraduek astea bete dute gaur greba mugagabean. Soldatak igotzeko eskatu diote Espainiako Justizia Ministerioari.

Galduriko emakumea bilateko operazioan parte hartu duen lagileetako bat. ©SOS Deiak

Hilda topatu dute Loiun galduriko emakumea

Berria

Igandetik ari ziren 78 urteko andrearen bila.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...