Koronabirusa

Pertsiana: gaitz eta sendabide

Zazpi Kaleetako ostalari ia guztiek itxi egin dute negozioa, «zentzuak» hala bultzatuta. Laguntza publikoa eskatu dute Gizarte Segurantzari, maileguei edo errenta gastuei aurre egiteko.

Maite Casanueva Soiz 3 tabernaren atean. I. M. E.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Uholdeak ezagutu nituen 1983an, eta hau agian okerragoa da. Orduan, nolabait, gure esku zegoen negozioa altxatzea, eta jendeak lagundu zuen, baina orain gure kontrolpean ez dagoen zerbait da». Javi Gonzalezena da esaldia, Rotterdam Txakur kaleko tabernako barran daramatzan 40 urteen eskarmentuaren lekukotza. Zalantzan egon ondoren, atzo goizean ireki egin zuen, baina eguerdirako itxita zeukan. «Irekita edukitzea alferrik da, eta gu guztion osasunarengatik egin behar dugun keinua da. Bezeroek arriskua dute, eta guk ere bai».

Goiz ezberdina izan zen Bilboko Zazpi Kaleetan. Dendetan mugimendu pixka bat bazen, baina taberna gehienak itxita esnatu ziren. 200 inguru dira guztira, eta Erronda eta Somerako isiltasuna anomalia historikotzat jo daiteke. Ostiral gauean hasi zuten bijilia, eta ikusteko dago zenbat iraungo duen. Errondaren muturretako batean Muñoz Maria kalea dago, eta, bertan, Soiz 3 taberna. Han ere pertsiana beheraino jaitsi zuen Maite Casanuevak. Ia berrogei urte daramatza ostalaritzan, eta azken seiak egungo negozioa gobernatzen. «Goikoek ez badute izurritea mozten behekook moztu beharko dugu. Zentzuak eraman gaitu ixtera, eta kalean inor ez dabil. Jendarteak ulertu du, eta ostalariok ere bai».

Osasunak arduratzen ditu tabernariak, baina baita negozioak ere. Aste osoa izan da txarra, jende gutxi ibili da, eta bart gauean indarrean sarturiko taberna ixteko agindua berandu iritsi dela uste du Gonzalezek. «Agindu ez bada ere, ixtea aholkatu izan balute... Okerrena neurri hori hartu arteko itxaronaldia izan da. Ez dakit zeren zain zebiltzan. Agintarien bultzada falta izan da, eta, azkenean, guk erabaki dugu ixtea. Ea zer datorren orain». Orain horrek etorkizun hurbila esan nahi du, eta Casanuevak argi du zeinek izan behar den hurrengo pausoa. «Ostalarientzat, ixtea ez da erraza, laguntzak behar ditugu. Gastu finkoekin behintzat: langileen gizarte segurantza, maileguak, argindarra, zergak... Ordainketa erraztu behar dute, edo, gutxienez, atzeratu».

Gonzalez eta Casanueva bat datoz halakorik ez dutela ezagutu. Hainbat tabernarirentzat, baina, egoera hau lazgarria izan daiteke. BERRIAk izena eman nahi izan ez duen beste batekin hitz egin zuen, hark ere Zazpi Kaleetan du negozioa, eta duela gutxi hartu du. «Espero dut goiz amaitzea. Hilabete bat iraungo nuke, baina bi ez. Ez, behintzat, lokalaren jabeak erraztasunak ematen ez badizkit». 3.000 eurotik gorako errenta du, eta laguntza eskatu dio hornitzaile bati.

Zazpi Kaleetako negozioen %30 dira tabernak. Beste guztiak dendak dira, eta historikoenetako bat Muñoz alkandora denda. 127 urte daramatza Bidebarrieta kalean. Atzo goizean bezero bakar bat ere ez zela sartu azaldu du Jon Larrañaga langileak. «Otsaila hilabete txarra izaten da, eta martxoan, burua altxatzen hasten garenean, etorri da kolpe hau. Aste hau hondamendi hutsa izan da. Guretzat aitaren eguneko inguruko data hauek garrantzitsuak dira». Albisteei begira pasatu zuen goiz osoa, ixteko agindua iristen zen jakiteko. «Goizago espero nuen. Jendea beldur da, eta ulertzen dugu, Baina dendariontzat garrantzitsua da aginduarengatik itxi dugula esan ahal izatea. Ikusi beharko da lege aldetik nola bideratzen den hau guztia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.