Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketaren bukaera

Ez delako gorrotoa

Akusatuek azken mintzaldia egin dute, eta baliatu dute ohartarazteko Goreneko epaimahaiari epaiak oinarrizko eskubideen etorkizuna baldintzatuko duela. Hamabi auzipetuen artean Oriol Junqueras izan da gutxien hitz egin duena. Auzipetuen azken hitza bideoan, albistearen amaieran.

Oriol Junqueras azken mintzaldian, gainerako akusatuak atzean dituela, atzo, Auzitegi Gorenean. AUZITEGI GORENA / EFE.
Igor Susaeta.
Madril
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Ez zen Espainiarekiko eta espainiarrekiko gorroto sentipen bat izan Kataluniako independentisten artean gorakada nabarmen bat eragin zuena. Ez. Beste zerbait izan zen. Buruzagi subiranisten kontra Auzitegi Gorenean egindako epaiketan epaituak izan direnek ez zuten, atzo, azken hitzaldia egin zutenean, zehatz adierazi, baina Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Estatutuari murrizketa nabarmenak egin zizkion, PPren eskariz, 2010ean, eta horrek, min horrek, bultzada indartsu bat eman zion gorakadari. Gorrotoa? Ezetz auzipetuek. Eta Raul Romevak leporatu zion fiskaltzari kataluniarren «Espainiarekiko gorrotoan» oinarritu duela akusazioa, eta hori «gezurra» dela, «arduragabekeria bat». Aldez edo moldez, beste kontzeptu batzuk plazaratuta, baina gainontzeko akusatu gehienek ideia hori berretsi zuten, eta argi esan zioten tribunalari auzia politikoa dela, eta politikara itzuli behar duela, «inoiz atera behar ez zen esparrura», Oriol Junquerasen hitzetan.

Frogatu ahal izan dute epaiketak iraun dituen lau hilabeteetan ikusi eta entzundakoak erakutsi duela Katalunian ez zela matxinadarik gertatu 2017ko udazkenean. Fiskaltzak ere bideo eta argazki berak ikusi ditu, deklarazio berak entzun, baina kontrakoa uste du, altxamendu biolento bat gertatu zela. Horregatik Carme Forcadellen baieztapena, aintzat hartuta Ministerio Publikoak instrukzio faseko tesiari eutsi diola: «Dirudienez, lau hilabete hauek ez dute ezertarako balio izan».

52 saioren ondoren, epaiaren zain geratuko da makroepaiketa. Carles Mundok bere alegatua aurkeztu eta gero, Manuel Marchena epaimahaiko presidenteak, hoztasunez eta protokolora mugatuz, «epaiaren zain geratu da» ahoratu zuen, 19:00ak inguru zirenean. Ez du zurmailurik, eta ez zuen horrekin mahaian kolperik jo.

Baina akusatuek gogorarazi nahi izan zioten berari eta epaimahaiko beste sei magistratuei, oinarrizko eskubideen etorkizuna baldintzatuko duela epaiak eskubideen «zabaltasuna», Jordi Turullek azpimarratu moduan, azkenean, nahiz eta ez duten hala hitzez adierazi, zentzagarria bada akusazioek iradoki bezala. Jordi Cuixartena da esana: «Epaiketa honen emaitzaren araberakoa izango da kalitate demokratikoa». Espainiako Estatu osoan. Sanchezek nabarmendu nahi izan zuen baietz, «injustua» dela epaimahai batek auzi politiko bat konpondu behar izatea. Baina ardura hori bizkarreratu diotenez, erantzukizun bat duela esan zion Marchenari: «Krisi politikoa ez areagotzea».

Izan ere, auzipetuek sentitzen dute haien ideologiagatik izan direla jazarriak eta epaituak. «Fiskalek ezetz diote, baina gertakarien errealitateak gezurtatu egiten ditu ezetz esaten dutenean», bota zuen Joaquim Fornek. Forcadell ere, antzera. «Epaitua izaten ari naiz nire ibilbide politikoagatik, naizena izateagatik, ez nire ekintzengatik». Eta nor da? Kataluniako Legebiltzarreko presidente kargugabetua zen auzipetu zutenean, baina lehenago, 2012tik 2015era, ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea izan zen, eta elkarte subiranista horrek erreferenduma bultzatu zuen.

Eta Junqueras? Fiskaltzaren ustez, altxamendu biolento baten bidez Espainiako Konstituzioa erorarazteko planaren «motorra» izan zen. Haren hitzen zain zeuden herritarrak, kazetariak Goreneko prentsa aretoan, baina, kurioski, haren alegatua izan zen denetan laburrena. Hitz egiteko Marchenak emandako ordu laurdena zukutu zuten akusatu gehienek, baina Generalitateko presidenteorde espetxeratuak nahikoa izan zuen hiruzpalau minuturekin. «Giza eskubideak errespetatuz hitz egiteko borondatea inoiz ezin da delitu izan; bozkatzeak ez luke delitua izan beharko», adierazi zuen. Eta joan den otsailaren 14ean deklaratu zuenean bezala, elkarrizketarako deia egin zion Espainiako Gobernuari. «Hitz egitea eta elkarri entzutea daude elkar ulertze ororen oinarrian».

Europarlamentari aukeratu zuten Junqueras joan den maiatzaren 28ko hauteskundeetan. Datorren astelehenean diputatu akta hartu beharra dauka Madrilen, Espainiako Hauteskunde Batzordean. Baina kartzelatuta dago. Fiskaltzak ez dio akta hartzera joateko baimenik eman nahi; Estatuko Abokatutza, ordea, baiezkoan dago. Gorenak erabaki beharko du.

Turull, mentalitateez

Espainiako Estatuaren kalitate demokratikoa zalantzan jartzeko baliatu zuen agerraldia Turullek. Saioaren etenaldi batean, korridoreetan, alegatu txalotuenetakoa izan zen epaiketa jarraitzen ari diren subiranisten artean. Generalitateko Presidentetza kontseilaria izan zenarentzako, fiskalak egin duen kontakizuna «eldarniozkoa» izan da. «Ados ez egotea, kritika, erasoekin eta errespetu faltekin nahastu ditu», nabarmendu zuen. Eta jarraian eztenkada: «Hori gertatzen da bere buruaz oso ziur ez dauden mentalitateetan; ez, ordea, mentalitate demokratikoetan».

Arratsaldeko saioko —goizean ondorioak aurkezteko falta ziren defentsek jardun zuten— unerik hunkigarrienetako bateko protagonista izan zen Turull. Beste akusatuetako batzuek bezala, hitz batzuk eskaini nahi izan zizkien senideei. Horiek ahoratu behar izan zituenean, ordea, ezin izan zuen. «Barkatu» esan zien Goreneko areto nagusian bildutakoei, negarrez hasteko puntuan zegoenean. Jordi Pina abokatuak begiak bustita zituela jarraitu zuen haren bezeroaren kontakizuna.

Cuixarten alegatuak ere ikusmina piztu zuen; batik batik, joan den otsailaren 26an egindako deklarazioa gogoangarria izan zelako desobedientzia zibilaren defentsari dagokionean. Ohikoa duen irribarrea aurpegitik erantzi gabe mintzatu zitzaien fiskalei eta epaimahaiko fiskalei. Adierazi zuen akusazioek egozten dioten delituetako bat dela mobilizazio iraunkorrerako deia egin zuela. «Hori egin nuela? Noski. Eta berriro egingo nuke». Iruditzen zaio protesta eskubidea zalantzan jarri nahi dela, eta nabarmendu zuen modu horretan egiten dutela «aurrera» gizarteek. Desobedientzia zibil «ez biolentoa» aldarrikatu ondoren, perla bat mahai gainean jarriz argudioa sendotzeko: «Obedientzia zibila da arazoa; eskuin muturrak demokratak akusatzea baimentzea». Izan ere, Vox alderdia izan da herri akusazioa.

Gorrotoaren gaiari ere heldu zion. «Inoiz ez gaituzte Espainiako herri desberdinen artean etsaituko». Esan zuen Espainiako beste herriak «anaiak» direla, «Europakoak bezalaxe», eta datu bat eman: kataluniarren %70ek Kataluniatik kanpo dituztela haien «sustraiak». Hausnarketa errematatu nahi izan zuen: «Inor gorrotatzeari uko egiten diot».

Diskurtso nolabait gogorrena Sanchezek egin zuen. 604 egun daramatza kartzelan Cuixartek bezainbeste, hori oroitarazi nahi izan zien akusatzaileei, eta Espainiako Estatuari leporatu zion behin-behineko espetxealdiaren «gehiegizko erabilera» egiten duela. Gainera, fiskalak jopuntuan jarri zituen, eta nabarmendu nahi izan zuen ziur dela, gauean, «argia itzaltzen» dutenean, kontzientzia ez dutela lasai. «Harrigarriena da herri akusazioak eta Fiskaltzak nola ukatzen duten egia, nola ukatzen duten errealitatea», gehitu zuen. Dolors Bassak esan zuen epaiketako lau hilabeteek «sumindu, eskandalizatu eta tristatu» egin dutela.

Forcadell ere sumindu antzean mintzatu zen, gertatzen ari dena ulertu ezinda bezala. Beharbada, berea izan zen alegato pertsonalena; norberaren kasuari gehien loturikoa nolabait. Azpimarratu zuen Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide ziren besteei desobedientzia egozten dietela, eta Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian epaituko dituztela. «Ulertezina da. Nire kideen jarrera bera eduki nuen. Nire botoa haiena bezain inportantea izan zen, edo haiena bezain ez-inportantea».

Urriaren 1eko erreferenduma bera ere izan zuten hizpide, funtsean horregatik eserarazi baitituzte aulkian. Horri heldu zion Romevak: «Hemen 2,2 milioi pertsona gaude eserita». Jende kopuru horrek parte hartu zuen galdeketan, Generalitateak eman zituen zenbakien arabera.

Sanchezek ere U-1ean bozkatu zituenak aipatu zituen, Fiskaltzak egotzitako indarkeriaz hitz egiteko. «U-1a bizi izan zutenak ezingo dituzue konbentzitu biolentzia egon zenik». Romevak eskatu zion epaimahaiari «ausarta» izan dadila. Dena dela, aspektu bat jakinarazi nahi izan zien magistratuei: epaia edozein dela ere, independentismoak, katalanek haien etorkizuna erabakitzeko dutenen gogoak —«%80a dago erreferendumaren alde— hor, bizirik, jarraituko duela. Turullek esana:«Katalanak ez du etsitzen»

Josep Rullek beste erreferendum batzuk zerrendatu zituen: Erresuma Batuak Eskozian ahalbidetutakoa, Kanadak Quebec-en... Eta Espainiari «elkarrizketarik eza inposatzea» egotzi zion. Mundorentzat, «irtenbideak bilatzeko garaia» da. Izan ere, epaiketak «politikaren porrota» islatu duela uste du.

Oraintxe auzitegi baten teilatuan dago gatazkaren pilota, politikarenean egon beharrean. Cuixartek uste du hori gertatzen ari dela «etsai bat» bilatzeko «obsesioa» dagoelako. Elikatutako gorroto batek hauspotutako etsaia eta obsesioa. Epaia udazkenen hasierarako kaleratzekoa da.

[youtube]https://youtu.be/_ghTEc9kTZY[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.