ETAren jardun armatuaren amaieraren 10. urteurrena. Erakundeen adierazpenak

Urkulluk esan du ETA «hanka sartzea» izan zela, «hasieratik amaieraraino»

«Memoria zintzoa» aldarrikatu du ETAren biktimak gogoratzeko ekitaldian. Txibitek positibotzat jo du ezker abertzaleak «eragindako mina aitortu izana»

Maria Txibite lehendakaria eta Nafarroako erakundeetako ordezkari politikoak, atzoko ekitaldian. JESUS DIGES / EFE.
Gotzon Hermosilla - Joxerra Senar
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Hamar urte bete ziren atzo ETAk bere jardunbidea behin betiko bukatutzat eman zuela, eta gogoetarako eta memoriarako eguna izan zen atzokoa. Erakundeek ekitaldi ugari antolatu zituzten: Eusko Jaurlaritzak, esaterako, ETAren biktimak jarri nahi izan zituen fokuaren argipean, eta Biktimak gogoan. Elkarbizitza eraikiz izeneko ekitaldia antolatu zuten Gogora institutuak Bilbon duen egoitzan. Iñigo Urkullu lehendakariak hitza hartu zuen, eta esan zuen ETA «hanka sartze bat» izan zela «hasieratik amaieraraino», eta ez zuela «inoiz existitu behar».

Horrez gain, «etorkizunari begiratuko dion memoria zintzo bat» aldarrikatu du Urkulluk, eta bide horretan biktimen zeregina nabarmendu eta goretsi egin zuen: «Biktimek bizikidetzaren eta etorkizunaren eraikuntzaren parte aktibo izaten jarrai dezatela nahi dugu».

Urkulluren ustez, «terrorismora jotzea, ETAk egin zuen bezala, errore erradikala da, akats etiko, politiko eta demokratikoa», eta deitoratu du «begien bistako ideia hori argi eta garbi onartu ez duenik oraindik egotea». Etorkizunari begira, betebeharrak ere zerrendatu zituen Urkulluk: «Biktimei eragindako bidegabeko kaltea aitortu behar da. Beharrezkoa da biktimei eta gizarteari mina eragin zien indarkeria gaitzestea. Indarkeriarenerabilera ukatu behar da helburu politikoak lortzeko. Hori da hurrengo belaunaldientzako oinarrizko ondarea».

Ekitaldiaren hasieran, Urkulluk eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak harrera egin zieten ETAren biktimen ordezkariei: han zeuden, besteak beste, Jesus Maria Pedrosaren, Joseba Goikoetxearen, Manuel Zamarreñoren eta ETAk hildako beste zenbait lagunen senitartekoak.

Musika emanaldi labur baten ostean, ekitaldia egiteko prestaturik zegoen aretora eraman zituzten. Agintariak zeuden han zain: Jaurlaritzaren ordezkaritza zabal bat, Josu Erkoreka eta Idoia Mendia tartean zirela, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Juan Maria Aburto Bilboko alkatea eta Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde ia guztien ordezkariak, besteak beste. Ez da EH Bilduren ordezkaririk egon.

«Biktima guztiak» gogoan

Ekitaldian, biktima batek ere hartu zuen hitza: Maria Jauregik, ETAk hildako Juan Maria Jauregiren alabak. ETAk armak utzi zitueneko urteurrena izaki, adierazpen guztiek ETA eta haren biktimak izan zituzten ardatz, baina Jauregik bestelako biktimak ere gomutan hartu nahi izan zituen. Esan zuenez, Euskal Herrian azken hamarkadetan «beste indarkeria batzuk» ere egon dira, «Estatuko Segurtasun Indarrek eskubideak urratu eta biktimak eragin» egin dituzte, eta biktima horiek ez dute «aitortzarik».

«Biktima guztiak izan behar ditugu gogoan», esan zuen Jauregik. «Beharrezkoa da elkar errespetatzea eta zubiak eraikitzea, inor atzean utzi gabe. Gaur gure artean ez dauden pertsona guztiei zor diegu».

Goizean, beste ekitaldi batean parte hartu zuen Urkulluk: Gazteria, Bizikidetza eta Etorkizuna izeneko jardunaldietan, Bilboko Azkuna zentroan. Urkulluk «itxaropena» agertu zuen: «Uste sendoa dut euskal gazteek elkarbizitza eraikiko dutela, eta horrek guk bizi genuena baino etorkizun hobe batera eramango gaituela».

Iruñean, Navarra Suma gabe

Eusko Jaurlaritzak ez ezik, Nafarroako Gobernuak ere omenaldia egin zien atzo ETAren biktimei, Iruñeko Baluarte plazan. Gobernuko kontseilariekin eta Maria Txibite lehendakariarekin batera, bertan izan ziren PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkaritza bat. Navarra Sumaren izenean ez zen inor joan, Anvite Nafarroako biktimen elkarteko kiderik ere ez zen izan.

Ana Ollok euskaraz eta Maria Txibitek gazteleraz, zazpi puntuko adierazpen bat irakurri zuten ekitaldian. Lehenik, «ETAren indarkeria terrorista bidegabea eta ez-legitimoa izateaz gain, demokraziaren eta bizikidetzaren aurkako mehatxua» izan zela adierazi dute agirian.

Halaber, gobernuaren ikuspegitik «positiboa» izan da hamarkada honetan ezker abertzaleak egin duen urratsa, baita «asteon biktimei eragindako sufrimendua eta mina aitortu izana ere». Adierazpenak beharrezkotzat jotzen du «indarkeria erabili zutenek edo hari babes soziala eta politikoa eman ziotenek gogoeta etiko oso bat egitea». Bitxikeria gisa, Txibitek irakurritako gobernuaren bigarren puntu hori ez da ageri Nafarroako Parlamentuak adierazpen horri buruz egindako oharrean, iradokiz azken unean txertatu dela.

Gainerako puntuetan, biktimei, memoriari eta elkarbizitzari egiten zaio aipamen. Hala, gobernuak nabarmendu zuen ETAko biktimekin eta haiek ordezkatzen dituzten elkarteekin lanean jarraituko duela egia, justizia eta erreparazioa izan dezaten lagunduko dieten politika publikoak garatzen.

Iraganarekiko «memoria kritiko eta anitza» sustatzeko konpromisoa agertu zuen gobernuak, «ETAren biktimei eragindako min bidegabearen aitortzan oinarrituta», eta baita «elkarbizitzaren estrategia oso bat» garatzeko asmoa ere. Ikasgeletan biktimen topaketak eta «memoriaren eta terrorismoaren prebentziorako» unitate didaktikoak bultzatuko ditu, besteak beste.

Adierazpena irakurrita, Txibitek berak eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak lore eskaintza egin zuten biktimen omenezko eskulturaren aurrean. Hualderekin batera, bertan ziren Inma Jurio Parlamentuko Mahaiko lehendakariorde lehena eta Maiorga Ramirez idazkari bigarrena. Gainera, PSNren izenean, joan ziren Ramon Alzorriz, Javier Lekunberri, Jorge Agirre, Ainhoa Unzu eta Carlos Mena; Geroa Baiko Pablo Azkona, Javier Arakama, Mikel Asiain, Ana Ansa eta Blanca Regulez; Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarez eta Mikel Buil eta Ezkerrako Marisa de Simon. EH Bilduko ordezkaria Maiorga Ramirez izan zen.

Navarra Suma eta Anvite elkartea omenaldira batu ez izanaz galdetuta, Javier Remirez presidenteordeak esan zuen ekitaldia «gizarteari eta taldeei» irekia zegoela: «Joan ez direnek eurek jakingo dute zer arrazoirengatik ez diren etorri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.