Libano. Krisi ekonomikoa

Vatxe: «Bankuak irentsi egin du 60 urtez aurreztu dudan guztia»

Vatxek, portuko leherketaren osteko dendaren argazki batekin eskuetan. J. C. V.
2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Vatxek den-dena galdu du, eta lokal txiki bat baino ez du, bere elektronika denda. 70 urte inguru izango du, eta gogoan du nola, libera libanoarrak dolarrarekiko truke finkoa zuen garaian, soldatak 1.500 dolarretik gorakoak ziren beti. Horren guztiaren arrastorik ez dago gaur egun. «Etengabe aldatzen dizkiet prezioak nire salgaiei», erantzun du, sorbaldak goratuz. «Hori bai, libera libanoarretan kobratzen dut, nahiz eta orain nire bezero gehienek dolarretan ordaintzen duten».

Vatxek atsegina du begitartea, baina ez bizipena. «Orain, inor ez da fidatzen ez bankuez eta ez agintariez», bota du, irmo. Azaldu duenez, bankuak mundu guztiaren aurrezkiak desagerrarazi ditu, eta inork ez du azalpenik txikiena ere eman. «Nire diru guztia», erantzun du, galdeturik ea berak ere ba al zuen aurrezkirik bankuan. «Orain, ez daukat hura eskuratzeko modurik; hilean 50 dolar bakarrik ateratzen uzten didate. 60 urtean kobratu dudan guztia, nire lan bizitza osoa, desagertu da. Bankuak irentsi du». Konbentzituta dago herrialdeko gobernariek, berak «mafia» deitzen dien horiek, atzerrira eraman dutela den-dena. Riad Salame aipatu du, Banku Zentraleko gobernadorea: «Bazekiten sistemak behea joko zuela, eta aldez aurretik eraman zuten harrapakina».

Zerbaitetan zortea izan zuen: Beiruteko portutik 200 metrora dauka denda, baina bera etxean zegoen leherketa gertatu zenean. «Hemen egon izan banintz, ezingo zenuke nirekin hitz egin», esan du, hasperen batez. Argazki batzuk erakutsi ditu, lokala nola geratu zen ikusteko. «Dendara etorri nintzenean, ez nuen ikusi ere egiten», gogoratu du. «Dena airean atera zen errepidearen aldera». Miseria kolektiboa den arren, ziurtatu du inork ez duela indarrik protesta egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.