Hirugarren bagoian

Gure Esku Dago-k uste du «demokraziaren eta erabakiaren trenera» igo dela Euskal Herria ere.Batzordeetako ordezkariak bildu ditu Arrasaten

Gure Esku Dago plataformak atzo Arrasateko antzoki batean egindako batzarra. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2014ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Udazkena garrantzitsua izango da Europan estaturik gabeko herrientzat: irailaren 18an independentzia galdeketa egingo dute Eskozian, eta azaroaren 9rako estatu izateko kontsulta deitua dute Katalunian —aurrez, irailaren 11n, Kataluniako Diadan, ANCk antolatuta beste mobilizazio erraldoi bat egingo dute independentziaren alde—. Euskal Herrian, oraingoz, ez dago galdeketarik deituta, baina Gure Esku Dago plataforma baikor dago gerora begira, atzo Zelai Nikolas bozeramaileak esan zuenez: «Orain urtebete esan genuen Europan tren bat dabilela: demokraziarena, erabakiarena. Eskozia doa bagoi batean, bigarrenean Katalunia. Hirugarren bagoi bat gehitu genion tren horri ekainaren 8an». Durango eta Iruñe artean orduan egindako giza katean 150.000 lagun baino gehiago bildu zituen Gure Esku Dago-k «hiru milioi euskal herritarren» erabakitzeko eskubidearen alde.

Bide hori urratzen segitzeko beste ale bat jarri zuen atzo, Arrasaten (Gipuzkoa), Amaia antzokian hiri eta herri batzordeetako ordezkariekin batzar bat eginda.

«Ekainaren 8koa urte guztian egindako lanaren zati bat izan da, icebergaren punta. Baina horren atzean herriz herri sortutako konfiantza eta lortutako aniztasuna daude», adierazi zuen Nikolasek batzarrean. «Geu zoriontzeko moduan gaudela diogu, hiru arrazoirengatik: pentsatu egin genuelako, sinetsi egin genuelako eta egin egin dugulako».

Erabakitzeko eskubidearen alde pedagogia egiteko eta giza katea prestatzeko herritarren artean izandako parte hartzea goretsi zuen, eta aurrerantzean ere hiri eta herrietan lanean segitu beharko dela zioen. Gaur egun 170en bat batzorde daude. Gure Esku Dago-k udazkenean beste batzar handi bat egiteko asmoa du. Irailaren 13an ekingo diote ikasturte berriari, «indarberrituta».

Antolaketa eredua

«Harrokeriarik gabe, baina harro esan dezakegu, herritar guzti-guztiei zabalik dagoen elkarlanerako eskola bat dela Gure Esku Dago», idatzi berri du Norabidea.info-n Zelai Nikolasek berak aste honetan. Egituratzeari garrantzia eman dio. «Erronka garrantzitsu bat du Gure Esku Dago-k aurrerantzean: herri dinamikari zein antolaketa eredua emango diogun erabakitzea, betiere sortu dugun estilo propioari jarraiki».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.