Mendian amesten jarraitu nahi du

81 urte dituen arren, sasoi betean da Carlos Soria alpinista. Hamalau zortzimilakoak osatzeko, Dhaulagiri eta Shisha Pangma falta zaizkio, eta bere mugak zeintzuk diren jakitun da. Baina balentria lortzeko motibazioa, gogoa eta ilusioa dauzka.

Carlos Soria, iaz, espedizio batetik bueltan lagunak agurtzen Madrilgo aireportuan. J. J. GUILEN / EFE.
Unai Ugartemendia.
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Ez da geldirik egotekoa Carlos Soria alpinista. (Avila, Espainia, 1939).81 urte eduki arren, Himalaiako menditzar handiekin amesten segitzen du. COVID-19aren pandemiak ere ez du izutu azken bi hilabete eta erdian. Lanetik erretiroa hartu zuenetik, udaberri gehienak Himalaian pasatzera ohituta zegoen. Aurten, ordea, etxean egon behar izan du, konfinamenduagatik. «Ez naiz oso lotuta sentitu. Orain, lehen baino etxe handiagoa daukat, eta, alde horretatik, ez naiz itota egon. Lehen, Madrilen bizi nintzen,65 metro koadroko etxe batean. Kontuan izanda lau alaba ditudala, hau duela urte batzuk pasatu izan balitzait, beste zerbait izango zen», azaldu du umoretsu.

Etxean denetik egin du: indar ariketak, bizikletan ibili arrabolaren gainean... Arriskurik handiena duten adin tartean dago, eta berak ere izan ditu koronabirusaren zantzu batzuk. «Martxoaren 12an ohiko fisioterapeutarengana joan nintzen. Bi egunera, deitu zidaten esanez COVID-19a zuela. Ni bikain sentitu nintzen lehen egun haietan, eta entrenamendu luzeak ere egin nituen. Baina, handik oso gutxira, dezima batzuekin hasi nintzen, gaur arte. Bi proba egin dizkidate, eta esan didate ez dudala pasatu koronabirusa. Sendagileak esaten dit nirekin ezin daitekeela bat fidatu. Lasaiago ibiltzeko gomendatzen dit gehienetan, baina hori ezinezkoa da», nabarmendu du.

Kalera irteteko aukera izan zuen lehen egunean, etxe inguruko tontor bat igo zuen: Cerro del Telegrafo (Madril, 1.331 metro). 300 metroko pendiza positiboa besterik ez duen arren, gozatu egin zuen. «Denetik egiteko aukera izan zuen; igoera azkarrak, serieak... Larreak inoiz baino loratuago aurkitu nituen, Ikusgarri zeuden! Urtarorik politena da udaberria, baita Madrilen ere. Gainera, bi hilabete eta erdiz naturari atseden eman diogu, eta oso itxura polita du».

Baina Soriak Himalaian utzi du batez ere arrastoa. Marka asko ezarri ditu han. Betidanik izan da mendizalea, baina batez ere 60 urtetik aurrera hasi zen zortzimilakoei erreparatzen. Igoak dituen hamabi zortzimilakoetatik hamar, eta adin horretatik aurrera igo ditu. Adibidez, 62 urterekin igo zuen Everest (8.848 metro), 65ekin K2 (8.610 metro), 75ekin Kanchenjunga (8.586 metro) eta, 77 urterekin, Annapurna (8.091 metro). Baina Makaluko (Nepal, Himalaia, 8.463 metro) igoera du bereziki gogoan: «69 urterekin lortu nuen, oxigenorik gabe, eta lehenengoan. Uste dut denbora batean ez duela inork balentria hori hobetuko».

Zortzimilako baten gailurrean azkenengoz egon zenetik lau lau urte pasatu dira. Annapurna izan zen. Geroztik, saiakera batzuk egin dituen arren, ez du besterik igotzerik lortu. Hamalauko zerrenda osatzeko Dhaulagiri (Nepal, Himalaia, 8.167 metro) eta Shisha Pangma (Txina, Himalaia, 8.027 metro) besterik ez zaio gelditzen. Ez du etsi nahi, baina ez da itsu-itsu itzuliko. Badaki urteak aurrera doazela: «Ez dut barregarri geratzeko asmorik. Jabetzen naiz zein adin dudan, eta badakit hara joateko sasoiko egon behar dudala». Falta zaizkion biak igoko ez balitu ere, egindakoarekin «pozik» dagoela nabarmendu du: «Ez da oso ohikoa nire adineko pertsona bat oraindik ere goi mendietan ibiltzea. Esan didate askorentzat ispilu izan naizela».

Hara itzuli ahal izateko, entrenatzen jarraitzeko gogoa eta ilusioa dauzka. Azken urteetan, bera baino bidelagun gazteagoekin ibili da espedizioetan, eta oraindik ere horretan jarraitu nahi du. «Badakit nire mugak zeintzuk diren, baina oraindik ere motibazioa sobera daukat, eta, gorputzak laguntzen didan bitartean, saiatu nahiko nuke». Orain dela hiru urte, belaunean protesi bat jarri zioten, eta bizikletan ibiltzeko arazo txiki batzuk dituen arren, oraindik gazte sentitzen da. «Urte batzuetarako ibilbidea luzatu didate», aitortu du.

Dhaulagiri da begiz jota daukan mendia. Hamalau zortzimilakoen arten zazpigarrena da. Saiakera asko egindakoa da. Hamar aldiz egon da oinarrizko kanpalekuan, baina ez du igotzea lortu. Bada, zein zailtasun du mendi horrek? Berehala erantzun du: «Hirugarren kanpalekua oso deserosoa da lo egiteko, eta gailurreko eguna oso luzea izaten da. Jendeak ulertu ez arren, hara itzuli nahi dut».

Martxoaren 28an beste ahalegin bat egitekoa zen. Espedizioa prest zuen, baina COVID 19ak bere asmoak zapuztu zituen. Udazkenean beste saiakera bat egiteko itxaropena du. «Azken saiakera bat egin nahi dut. Izan ere, zorte txarra izan dut egindako ahaleginetan. Saiakeretako batean tontorretik 75 metrora geratu nintzen. Nahiko berandu zen, eta galdu ere egin ginen bidean. Azkenean, atzera egin genuen». Mendizaleentzat kolpea izaten dira halako erabakiak hartu behar izatea, baina Soriak ez du sekula zalantzarik egin: «Nire leloa beti izaten da bizitza oso polita dela,eta mendiak beti egongo direla hor».

Azken urteetan, eta hamalau zortzimilakoak osatzeko ahaleginean hasi zenetik, babesle ezagun batzuek bere aldeko apustua egin zuten. Azken bi urteetan, aldiz, diru iturri hori eten egin zaio Soriari. «Zorte txarra izan nuen babesle batekin. Oso banku ezaguna da Espainian, baina enpresako politika aldaketa bategatik, babesten zituen kirolari guztiak utzi egin zituen. Enpresa handi askotan gertatzen da hori, eta horren aurka ezin da ezer egin». Babesleengatik inoiz presiorik izan duen galdetzean, ez du zalantzarik egin:«Inoiz ez». Jakitun da datozen urteetan gauzak ez direla hobetuko, baina horrek ez ditu bere ametsak zapuzten.

Itsasoarekin ere kezka

Hamalau urterekin egin zuen lehen mendi irteera. Ordutik, espedizio askotan hartu du parte, eta alpinista asko izan ditu sokalagun. Azkenaldian, erlojua izan dute bidelagun alpinista askok. Horri lotutako erronkei heldu diete. Hor daude, besteak beste, Kilian Jorneten, Nirmal Purjaren eta Sergi Mingoteren kasuak. «Denetik dago alpinismoan, eta bakoitzak bere bidea egin nahi izan du, bere zirrikituak aurkitu. Hortik etorri dira errekor ezberdinak. Niri ez zaizkit gaizki iruditzen. Adibidez, Kilian Jornetek egiten dituen gauzak izugarrizko inbidia ematen didate. Haren gaitasunak izugarriak dira. Hura bezala, alpinista gehiago ere badago, eta makinak dirudite». Hortik harago, Soriak ez du onartzen alpinistek gezurra esatea eta esajeraziorako dagoen joera hori «Baten batek korrika igo nahi badu, ondo iruditzen zait, betiere errespetuz aritzen bada mendiarekin eta mendizaleekin. Mendiak ere eboluzio bat eskatzen zuen, bizitzak bezala, ezin dugu jarraitu orain 40 urte bezalako espedizioak egiten. Baina oxigenoa erabiliz gero, esan egin behar da».

Konfinamenduak iraun duen denboran, hedabide askok deitu diote. Gehienek, orain dela urtebeteko Everesteko argazki famatu hura izan dute hizketa gai: tontorreko azken metroetan izandako ilara luzeak: «Ero kuadrilla bat iruditzen zait, bizitza arriskuan jartzen ari direnak. Eguraldi aldaketa batekin, denak han geldituko lirateke. Baina Everesti ez dio ezertan kalterik egiten. Gutxien kutsatuta dagoen mendia izango da ziurrenik. Urte guztian, hiru edo lau egunez igotzen da bakarrik, ondoren ez da beste inor egoten bertan. Kilimanjaron [Tanzania, Afrika, 5.895 metro] edo Aneton [Aragoi, Espainia, 3.404 metro], berriz, lau hilabetez jende andana ibiltzen da». Itsasoagatik ere kezka azaldu du: «Hori izango da hurrengo pandemia. Ez naiz zientzialaria, baina konturatu behar dugu zenbat zerrikeria botatzen dugun egunero itsasora. Zerbait pentsatzen hasi behar dugu!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.