Zizken eta mizken argazki bat

EHUko ikerketa batek unibertsitateko elikagai eta edari makinen eskaintza aztertu du. Emaitza: produktuen ia erdiak kalitate nutrizional eskasekoak direla, eta eskaintzaren hiru laurdenak prozesatze maila handia duela.

Elikagai makina bat, hutsik, pandemia garaian. JEROME FAVRE / EFE.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Jakinaren gainean egindako bekatu bat. Urduritasunari eta estresari, ordu gutxiko loari edo egunik makurrenari nahita emandako erantzun txar baina goxo bat. Aspaldian patrikan bueltaka dabilen txanponarentzako ihesbide bat, eta ezorduarentzako erremedio bat. Aldez edo moldez jakina zena berretsi eta datatu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Elikadura Jasangarria ikerketa taldeak: haien hiru campusetan jarrita dauden elikagai eta edari makinetan balio nutrizional eskasekoak direla produktuen ia erdiak, eta prozesatze maila handikoak hiru laurdenak.

Naiara Martinezek eta Marta Arroyok egin dute ikerketa. Erizaintza Saileko irakaslea da Martinez, eta testuingurua jarri dio ikerketari: «Obesitatearen pandemia ere hor dago. Eta horri aurre egiteko OME Osasunaren Munduko Erakundeak dio dauden faktoreen artean bat elikadura ingurunea deitutakoa dela, erakundeetako elikadura testuinguruak, alegia: ikastetxeak, unibertsitateak, lantokiak... Osasun erakundearen arabera, horiek dira ingurune aproposak osasuna lantzeko eta elikadura osasuntsua sustatzeko». Obesitateari aurre egiteko helburuz diseinatu zuten, beraz, ikerketa: «Esku hartu baino lehen, beti egin behar da egoeraren diagnostiko bat, identifikatu behar dira zeintzuk diren arazoak».

Eta hori egin dute. Izan ere, pentsatzekoa da makina horietan dauden elikagaien kalitatea ez dela puntakoena, baina hori «hipotesi bat» da; «demostratu» egin behar da, «metodologia bat» erabiliz horretarako: «Unibertsitate mailako ikerketarik ez zegoen publikatuta. Hutsune hori betetzea izan da helburua. Ikertzaile nagusia Marta Arroyo da. Bera izan da nire tesiaren zuzendaria ere. Urteak daramatza unibertsitate osasungarri baten alde lanean. Eginda dauzka alor horretan hainbat ikerketa».

Metodologiaeta irizpideak

EHUren hiru campusetan izan zen Martinez. Haren ardura izan zen fakultate bakoitzera joatea, makina bakoitzari argazkiak ateratzea, eta datuak jasotzea: makina bakoitza non zegoen kokatuta, zer eskaintzen zuen, zer elikagai eta zer edari, zer preziotan, non kokatuta zegoen elikagai eta edari jakin hori... Ikasleek erabil ditzaketen EHUko fakultate eta zentro guztietako makina guztiak aztertu zituzten: 202 makina, hiru campusetan (35 Araban, 65 Gipuzkoan eta 102 Bizkaian). Datu horiek, ordea, «prozesatu» egin behar dira, eta horretarako «irizpide ezberdinak» erabili zituzten: Kontsumoaren, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziaren eta Erresuma Batuko Osasun Sailaren irizpideak erabili zituzten, «gehien erabiltzen diren ereduetako batzuk baitira». Halaber, NOVA izeneko sailkapena erabiliz, makinetan jarritako artikuluak industria prozesamenduaren mailaren arabera ere sailkatu zituzten. Azkenik, produktu bakoitzaren prezioari buruzko informazioa erregistratu zuten, eta haien sustapena neurtu, marketinerako irizpideak erabiliz, makinen barruan non kokatzen diren aztertuta.

Ondorio argigarriak

Martinezek berak laburbildu ditu ondorio nagusiak. Esan du makinetan gehien saltzen diren produktuak gozokiak direla (% 23,4), kafea datorrela ondoren (% 20,3), eta aperitibo gaziak hurrena (% 11,7). «Ikusi dugu eskaintzen diren elikagai eta edarien balio nutrizionala, oro har, txikia dela: produktuen % 48,6 balio apalekotzat sailkatu dira». Prozesatze mailari dagokionez, berriz, ikerketaren egileak dio artikuluen % 73,8 ultraprozesatuak direla: «Lautik hiru».

Ikaslez betetako inguru batean, prezioa eta sustapena badirakontsumitzaileen erosketan eragina izan dezaketen beste faktore batzuk. «Marketin irizpideak erabili genituen horretarako. Batetik, azterketa honek berretsi du balio nutrizional handiko elikagaiek eta edariek aukera gehiago dutela garestiagoak izateko», adierazi du Naiara Martínezek.

Bestalde, aztertu dute elikagaiak makinetan non kokatzen dituzten, eta nola sustatzen dituzten. Argigarriak dira ondorioak: «Ikusi dugu gomendio dietetiko osasungarriak betetzen dituzten elikagaiak eta edariak kalitate nutrizional txikiagokoak baino gutxiago sustatzen dituztela. Adibidez, ez da ohikoa fruta pieza bat aurkitzea makinen erdian edo begien parean; nutrizio aldetik kalitate handiena duten elikagaiak makinaren izkinetako batean jartzen dituzte oro har ,beheko aldean... nekez ikusten dira, edo, gutxienez, lokalizatzeko ahalegina eskatzen dute».

Badira datuak metodo zientifikoarekin esplikatzen direnak, baina badira bekatuak daturik eman gabe aitortzen direnak. Martinezek ere aitortzen du hori: «Pentsatzekoa da unibertsitatean dagoen jendeak badakiela zer den dieta osasuntsu bat, zer komeni zaigun jatea eta zer ez. Patata frijituak eta txokolatezko galleta batzuk ez direla osasuntsuenak, orokorrean, badakigu, baina gaur egun badakigu ere gure aukeraketan hainbat faktorek eragiten dutela: zaporea, plazera... Estres uneak izaten dira, urduritasuna egoten da ikasleen artean, lan asko, eta zeure buruari esaten diozu: 'Egun ikaragarri txarra izan dut, eta uste dut merezi dudala hau'». Eta ikerlariaren aitortza: «Niri ere gertatu izan zait».

Makinako,248 erabiltzaile

EHUko ikerketak eman ditu datu gehiago ere. Esanguratsua den beste bat: Europa osoan Espainiako Estatua dela horrelako makina gehien dituena: 80 biztanleko makina bat. Europako batezbestekoa, aldiz: 180 biztanleko makina bat. «EHUkoak kontuan hartuta, makina bakoitzak 248 erabiltzaile zituela ondorioztatu genuen, ikasleak zein unibertsitateko langileak. Finean, makinak prestatuta daude edonon egoteko eta 24 orduz zabalik egoteko, asko irauten duten elikagaiak saltzeko».

Aldaketak egingo dituzte

Ikerketak baditu emaitzak, baina izango ditu ondorioak ere. EHUko elikagai eta edari makinak lehiaketa publiko bidez esleitzen dituzte. Ezarritako irizpideen arabera, puntuaziorik onena lortzen duen enpresak irabazten du lehiaketa eta ematen du zerbitzua. Enpresa ezberdina izan daiteke campus bakoitzean, nahiz eta gaur egun berbera den denetan. «Ikerketa egin genuenean, bi enpresa zeuden. Hain justu, datuak bildu eta gutxira egin zen esleipen berria, eta lortu genuen aintzat hartzea beste irizpide bat puntuazioan: osasuntsuak ziren 50 produktu eskaintzea aintzat hartuko zela puntuaketan», azaldu du Martinezek.

Enpresa ia denek betetzen zuten irizpide hori. «Baina, ikerketa egin eta emaitzen berri izan ostean, konturatu ginen ez zela inondik inora ere nahikoa, nahiz eta ikusi sartuta zeudela elikagai osasuntsu gehiago. Eskatu diogu unibertsitateari eska diezazkiela datuak enpresei, azterketa bat egin ahal izateko. Gainontzean ez baita erraza. Badakit unibertsitatea esleipen berrietan aldaketak egitekoa dela, are gehiago ikerketaren emaitzak jakin ostean. Haiek badutela asmoa aldaketak egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.