KRITIKA. Musika

Obsesio gau bateko ametsa

2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Pinchas Steinberg. Egitaraua: L. V. Beethovenen8. Sinfonia op. 93 eta H. Berliozen Sinfonia fantastikoa op. 14. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Martxoak 11.

Hector Berliozen Sinfonia fantastikoa-ren konposizioak noranzko bakarreko maitasun obsesiboen istorioen sailkapenean urrezko domina eskuratzeko osagai guztiak ditu. Izan ere, Chateaubriand idazlearen irakurketak asaldaturik eta Harriet Smithson aktoreaz guztiz maitemindurik hasi zen partitura handi hau lantzen, 1830ean estreinatu zena. Hitzik gabeko sinfonia izanik, konpositoreak aurretiko hainbat azalpen eskaini zituen, musikan gidari izan zitezen. Hala, emakumearen irudi idealizatua dugu lehen mugimenduaren pasioetan ideia musikalak aurkezteko aitzakia, gerora leitmotiv izenez ezagutuko den idée fixe-aren garapena ahalbidetzen duena. Pinchas Steinbergen batuta biziak eroso eraman gintuen hirugarren mugimenduan artzainen zelaietatik, oboearen aparteko parte hartzearekin. Laugarren mugimenduan, aldiz, asaldurak hartu gintuen urkamendira, metalak bereziki distiratsu, baita Sabbat gau bateko ametsa zatian ere.

Aurretik, Euskadiko OrkestrakBonneko «jeinu guztiz muturbeltzaren» 8. Sinfonia eskaini zuen. Osasun oso ahula zeukan Beethovenek hura konposatu zuenean, 1812an —Teplitzeko bainuetxean J. W. Goethe ezagutu zuen urte berean—, fisikoa zein mentala: guztiz gorra, pianoa jo ezinik eta zenbait familia-harreman hondatuta. Hala ere, umoretsutzat hartu den musika sortzeko nahikoa arnasa bazuela dirudi, aurrekari klasikoek utzitako ondarean berriro ere murgiltzeko aukerari helduz. Orkestrako hariak trinko aritu ziren obra osoan zehar, berariazko izaeran eta orekan; Allegretto scherzando-an doi-doi, Menuetto-an dotore. Trioa goxo eta lirikotasun handiz jantzita, oboearen eta klarinetearen hartu-emanean, haizeek azken hilabeteetan erakutsi duten fintasunaren eredu.

Denera, kontzertu osoa izan zen, Steinberg maisuaren ezagutza eta sen bikainak zein orkestrako kideen jardun borobila bildu zituena. Programa erakargarriaz gain, besaulki-patioa gero eta beteagoa ikusteak ere sortzen du zirrara, publiko gabe galdua baitugu bataila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.