Espainiako inbestidura. Euskal Herria. Mertxe Aizpurua. EH Bilduko diputatua

«Gure funtzioa Madril mugiaraztea da, bera bakarrik ez baita mugituko»

Olatz Enzunza Mallona.
2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez Espainiako presidentegaiak EH Bilduri zilegitasun osoa ematen ziola esatea «aurrerapausoa» izan dela dio Mertxe Aizpuruak (Usurbil, Gipuzkoa, 1960). Haren inbestidura saioan, EH Bilduk abstentzioa eman zuen joan den ostegunean, eskuinari «oztopo» egiteko, eta euskal herritarren eta kataluniarren alde eginez, gauzak «beste modu batera» planteatzeko asmoz.

Zergatik erabaki du abstenitzea EH Bilduk?

Guk argi esan genuen nola edo hala eskuinari oztopo egitea izango zela hartuko genuen jarrera, eta horrela egin dugu. Alde horretatik, ez zen Sanchezi edo PSOEri ematen genion botoa, gure mesfidantza guztiak izan baikenituen mahai gainean, baina uste genuen beste aukera bat irekitzen zela, Euskal Herriari eta Kataluniari dagokienez gauzak bestela planteatzeko aukera bakarra izango zena.

Azaroan Espainiako Gorteetarako hauteskundeak berriro eginez gero, zer gerta liteke?

Ikusiko genuke. Egia da beste egoera batean egongo ginatekeela hauteskundeetara berriro deituz gero irailean. Gabriel Rufianek [ERC] adierazi zuen gauzak ez direla berdinak izango eta, agian, zailtasun gehiago egongo direla kataluniarren aldetik. Inbestidura saioko diskurtsoan Sanchezi esan nion oraingo aukera aprobetxatzeko, ez zelako beste aukerarik egongo agian. Tamalez, ez du kasurik egin.

Eskuineko taldeak egoeraz baliatzen ari dira, botoak irabazi nahian?

Kontua da gertatu den honekin guztiarekin, eta Sanchezen porrotarekin, eskuinak aprobetxatuko duela ezkerraren eta progresismoaren arteko ezin elkartu edo ezin adostu hori. Espainiako ezkerrak adosteko dauzkan zailtasun horiek guztiak ez ditu eskuinak izango; beraz, hori da dagoen arriskua, egoera honek horretara eramatea.

Sanchezek onartu zuen Espainiako Gobernuan euskal agenda dagoela. Baina ba al dago euskal agendarik?

Hark ez zuen gauza askorik proposatu, baina esan zuen guztiaz hitz egin dezakegula konstituzioaren barruan. Ataka hori gainditu egin behar dute, eta PSOEk gainditu behar du, horrela ez baitira gatazkak konponduko. Errealitatea hor dago, eta hori da etengabe mahai gainean dagoena, batzuetan mutur altuagoetan eta beste batzuetan leunagoetan, baina begi bistakoa da arazoak hor segitzen duela. Guri dagokiguna da egoera behartzea eta indarrak biltzea, negoziazioaren eta akordioaren bide horretan pausoak eman ahal izateko.

Nola eragin du inbestidurarik ezak euskal aferetan?

Gaur egun, gauzak zeuden bezala daude. Gure eginbeharra da horretan eragitea; azken batean, gu ez goaz Madrilera Espainiako Estatuko gauzak salbatzera, gure interesak defendatzera baizik. Azken urteotan EH Bildu Kongresuan egon denean, bere eragina eta botoak erabili ditu ezkerreko eta langileen aldeko ekinbideak aurrera atera ahal izateko. Gure funtzioa Madril mugiaraztea da, bera bakarrik ez baita mugituko.

Euskal Herriak konponbide politikoak behar dituela esan zenuten; haien artean, euskal presoen auzia lehenbailehen konpontzea. PSOE auzi horri erantzuna emateko prest dago orain?

Hori ere defendatu ezin daitekeen beste kontu bat da. Gauzak asko aldatu dira, eta egoera berrietara moldatu beharra dago. Gure funtzioa eta eragina Madrilen gauzak aldatzera behartzea izango da. Guretzat, lehentasuna da euskal presoen gaia bideratzea eta konpontzea.

Nafarroari begira, uste duzu PSOE EH Bildurekin negoziatzeko beldur dela?

Bai, bistan da. Ez ikusiarena egiten du: existituko ez bagina bezala jokatzen dute. Inbestidura saioan Sanchezek zilegitasun osoa ematen zigula eta betorik ez dagoela esan zuenean, aurrerapauso moduan interpretatu genuen. Diskurtso mailan geratzen bada, tamalgarria izango da, baina Espainiako Kongresuan pauso hori emateko gai izan bazen, zerbaiten seinale izatea espero dugu. Zilegitasun osoa baldin badugu, Nafarroan ere gurekin kontatu beharko litzateke, eta kontatu egin beharko dute.

PSNk EH Bilduren abstentzioa behar du Maria Txibiteren inbestidurarako, gutxienik.

Ez dakit zer gertatuko den; nik dakidana da niri eta Euskal Herrian sinesten duen gehiengoari zer gustatuko litzaigukeen. EH Bilduren Nafarroako oinarrietan dago erabakia. Madrilgo inbestidura saioa bukatu den bezala bukatuta, Nafarroan ez da garairik egokiena EH Bilduren aukera kontuan hartzeko, baina behartuta daude pausoak ematera. Bestela, PSNkoei gertatuko zaie noraezean ibiliko direla, eta hori da PSOEk daukan arazorik larriena, egoera horretatik nola irten ez dakitela. Zentzua gailentzea espero dugu gai horretan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.