Ingurumen Administrazioaren Legea

Nafarroan 30 urte baino gehiago daramatzate UGEPak ezartzen

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarri nahi den antzerako figura bat da UGEP delakoa. Aroztegikoaren moduko proiektuak baimendu dituzte

Aroztegiaren proiektuak protesta asko eragin ditu. BERRIA.
jone arruabarrena
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan interes orokorreko proiektuen figura ezbaian dagoen bitartean, Nafarroan aspalditik dago indarrean funtzio bera betetzen duen beste bat: UGEP, udalerriz gaindiko eragina duten planen figura juridikoa. 1987. urtean aplikatzen hasi ziren, eta, beraz, orduz geroztik gobernuak eskumena izan du zenbait proiektu handi sustatu eta baimentzeko, udalerrien nahien gainetik. Horren adibide dira Etxabakoitz, Aroztegia, Salestarrak, Gendulain...

Talde ekologistek eta tokiko administrazioek askotan salatu dute, gainera, figura honek udalen eskumenak «bahitu» egiten dituela; horrez gainera, ohartarazi dute proiektuen sustatzaile politikoek enpresa pribatuen irabaziak lehenetsi dituztela, interes orokorra alboratuta.

Lurralde Antolakuntzako 1986ko foru legean agertu zen estreinakoz udalerriz gaindiko eragina duten proiektu eta planak izena, salbuespenezko neurri gisa. Hamasei urte geroago, araudia aldatu zuen Nafarroako Legebiltzarrak, 2002ko foru legea onartuta. Besteak beste, «udalerriz gaindiko izaera duten proiektuak arautzea» eta «zenbait kasutan antzemandako arbitrariotasuna» bukatzea zuen asmo legearen moldaketak.

Praktikan, ordea, kontrako efektua izan zuen: salbuespen zena ohiko bihurtu zuten. Hala, dozenaka UGEP tramitatu zituen UPNren gobernuak urte horietan, eta «interes orokorreko proiektu» izaera eman zien hainbat egitasmori, udalen trabak saiheste aldera. Nafarroako ubidea, Itoizko urtegia, Belaguako eski estazioa eta Los Arcosko zirkuitua izan ziren horietako batzuk. Plan horiek polemika eragin zuten Nafarroan, eta oposizioko talde batzuek —Aralarrek, Ezker Batuak, Nafarroa Baik eta Bilduk— hainbat proposamen eraman zituzten legebiltzarrera, UGEParen figura juridikoa moldatzeko xedez.

2015. urtean Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra iritsi ziren gobernura, eta udalez gaindiko planen definizioa eta horiek aplikatzeko irizpideak berrikusteko konpromisoa hartu zuten. Guztiak bat zetozen arazoaren diagnostikoan: plan sektorialen erabilera «arbitrarioa eta gehiegizkoa» egin zuten UPNren gobernuek. Horrela, 2015ean sinatutako gobernu akordio programatikoan «udalaz gaindikotzat zer hartzen den azter dadin bultzatzea» adostu zuten, «udal eremua gainditzen ez duten proiektuek kontzeptua ez gaiztotzeko».

Hala ere, talde ekologistak eta ingurumenaren aldeko eragileak ez ziren fio. Izan ere, UPNren gobernuak onartu zuen Aroztegiko eta Iruñeko salestarren eremuko planak plan sektorial gisa tramitatzea, baina Barkosen gobernuak ez zituen proiektuok geldiarazi. Areago: bi proiektuei segida ematea erabaki zuen, beste aukerarik ez zegoela eta «eskuak lotuta» zegoela argudiatuta.

Legealdia bukatuta, ez zuten UGEPen gaineko akordiorik lortu, eta, beraz, gaur egun bere horretan dirau legeak oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.