'Norma'opera, denboraldia amaitzeko

Vincenzo Belliniren obrarekin itxiko du OLBEk 2017-2018ko egitaraua. Bilboko Orkestra Sinfonikoa ariko da Pietro Rizzo gidari duela

Norma operaren entseguko irudi bat. BERRIA.
gorka erostarbe leunda
2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Genero lirikoaren ikurretako bat da Norma, Vincenzo Bellini konpositore italiarraren (1801-1835) helduaroko opera entzutetsuena. Maiatzaren 19an, 22an, 25ean, 27an eta 28an emango dute opera hori, Bilboko Euskalduna jauregian, Operaren Lagunen Bilboko Elkartearen (OLBE) denboraldia amaitzeko.

Emakume indartsu baten tragedia kontatzen du Norma-k. Bere idealak alboratuko ditu maitasun istorio baten alde, baina amaieran maitaleak traizionatu egingo du. Melodiaren, ahots gaitasunaren eta dramarako eszenen arteko oreka dakar piezak, antzinako erritu, gatazka eta leialtasun istorioz hornituta.

Operaren protagonisten roletan kantari hirukote esanguratsua ariko da: Anna Pirozi soprano italiarrak egingo du Norma protagonistarena; Gregory Kunde tenor estatubatuarrak Pollione erromatarraren rola jokatuko du, eta Silvia Tro Santafe mezzo-soprano kataluniarrak Adalgisarena egingo du. Roverto Tagliavni baxuak (Oroveso), Itxaro Mentxaka mezzo-sopranoak (Clotilde) eta Viçenc Esteve tenorrak (Flavio) osatzen dute kantari taldea.

Musikaren atala Pietro Rizzo orkestra zuzendari italiar gazteak gidatuko du. Beste behin zuzenduko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa, eta hunkiduraz nahiz aberastasun melodikoz betetako partiturari zukua atera beharko dio; Bilboko Operaren Abesbatza izango du lagun, Boris Dujinek zuzenduta.

OLBEren, Madrilgo Teatro Realen eta Valentziako (Herrialde Katalanak) Palau de Les Artsen arteko ekoizpen lan partekatuaren emaitza da opera. Agertokiaren gainean elementu nagusia zuhaitz bat izango da; Europako iparraldeko kondairetatik eratorritako zuhaitz bat, hain zuzen ere: bizitzaren arbola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.