Durangoko 57. Azoka. Balorazioak

Maitasun istorio bat bere plaza kutunean

Irudienean aurkeztu du Paul Urkijok 'Irati' filma, taldearen babesean. Jaialdietan harrera beroa jaso ondotik eta aretoetan estreinatu aurretik erakutsi du lana Durangoko Azokan, eta ozen jo diote txalo ikusleek.

Zugaza zinema aretoan aurkeztu zuten Paul Urkijok eta haren lantaldeak Irati, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Durango
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Ez dakit zer espero duzuen», bota zien Paul Urkijok atzo Irudienean bildutako ikusleei. «Euskal Herriaren historiari buruzko film bat espero baduzue, ez da hori», ohartarazi zien. «Euskal mitologiaren inguruko lan bat espero baduzue, hori ere ez da». Ezta ezpata eta akziozko film bat ere. «Zer da ba, orduan?», ikusle batek publikotik. Eta erantzuna, azkenik, Irati filmaren zuzendariak: «Amodiozko istorio bat da; historiari, euskal mitologiari, ezpata eta abentura filmei, eta naturari eskainitako maitasun istorio bat». Orduan entzun ziren lehen txaloak Zugaza zinema aretoan, eta filmaren emanaldiaren ondotik are txalo zaparrada ozen eta luzeagoa jaso zuten zinemagileak eta filmeko lan taldeak.

Sitgesen, Kataluniako Zinema Fantastikoaren Jaialdian zein Donostian, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astean publikoaren sariak irabazi ondotik, eta zinema aretoetara iritsi aurretik —otsailaren 24an estreinatuko dute—, Durangoko Azokara heldu zen atzo Irati. Filmeko aktore eta beste partaideen arteko besarkadak ikusi ahal izan ziren Zugaza zinemen atarian, eguerdiko emanaldiaren aurretik. Edurne Azkarate, Eneko Sagardoi, Itziar Ituño, Ramon Agirre, Kepa Errasti... eta beste bildu ziren han. «Bueno, zinemako jendea halakoak gara», zioen, barrez, Urkijok. «Errodajean oso bat eginda egon gara, eta laguntasun handia dago».

Orain bost urte, Errementari filma azokan erakutsi zuen zinemagileak, eta Irati aurkezteko plaza kutuna zuela ez zuen ezkutatzen. «Niretzat berebizikoa zen Irati Durangon egotea aretoetara iritsi aurretik; azkenean, azoka euskararen plaza da, eta Irati euskarari eginiko omenaldi bat da».

Handik gertu zebilen Azkarate, filmean Irati gorpuztu duena. Lehen lana izan du zineman, eta beretzat «erronka oso handia» izan dela zioen aktoreak. «Baina halere, oso babestuta sentitu naiz; talde oso ederra eta giro polita egon da errodajean, eta zerbait berezia egiten ari ginen sentsazioa». Durangon filma erakutsi ahal izatearen ilusioz zen bera ere. Eta pozarren, halaber, Ituño; Mari jainkosaren rola jokatu du, eta «sekulako oparia» izan dela zioen. «Igual bizitzan egin dudan politenetako bat da». Azokan filma erakustea oso berezia izan da harentzat ere. «Uste dut Durangoko plaza dela pelikula honen lekua; leku aproposena, zalantzarik gabe».

Filmaren ondotik solasean

Gonbidapenak amaituta, zinema goraino bete zuten kanpoan ilara luzea osatua zuten ikusleek. Kultur munduko aurpegi ezagun asko elkartu zen bertan, idazle, musikari, bertsolari nahiz beste diziplina batzuetakoak. Eta Urkijoren aurkezpen laburraren ondotik, argiak itzali, eta erabateko isiltasunean ikusi zuten denek filma.

Argiak piztu orduko heldu zen txalo zaparrada; begiak bustiak zituzten hainbat ikuslek, eta harrerarekin hunkituta ageri ziren filmeko kideak. Iritziak trukatzeko tartea ere izan zuten emanaldiaren ondoko solasaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.