Durangoko 56. Azoka. TXANDA HARTUTA

Kantatu, maitatu eta dantza

Inigo Astiz
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ozta-ozta iritsiko da gaur Durangoko Azoka ateak fisikoki irekitzera, eta, horregatik, irribarre ironikoa piztuta irakurri dut nola 2019an, hain justu pandemia heldu aurreko azken azokaren atarian, zerrendatu egin genituen Durangok aurrean zituen erronkak, orrialde hauetan bertan. Publikoaren espezializazioari erantzun beharko ziola aipatzen genuen lehenik. Zenbait gune oraindik erdi ezezagunak zirela. Euskaldunen artean daukan erreferentzialtasuna galdu gabe, oraindik ez zuela asmatu modua euskaldun ez direnengana ere iristeko. Hirira hedatzen jarraitu behar zuela. Aliantzak bilatu. Guneekin partekatutako eredua indartu... Orduan, oraindik, ez genuen sumatzen etorkizunak ere iraungitze data zehatza izan dezakeenik.

Kasik inozoa dirudi zerrendak orain irakurrita, baina seguruenik bizirik jarraitzen dute erronka horiek guztiek oraindik ere, egungo albiste eta salbuespenezko neurri erauntsiaren azpian, berriz noiz azaleratuko, esperoan. Eta ezin da kalte izan haiekin gogoratzea ere.

Usain eta guzti gogoratzen dut umetan nola aritzen ginen gurasoen auto zaharrean Anje Duhalderen Gogoaren baitan kantatzen Iruñera bidean. Nola agurtu zuten aitak eta amak sekula ikusi gabea nien miresmenez gizon txiki eta bizkarroker bat Elizondoko Eskisaroi jatetxeko bazter batean, eta gero nola aurkeztu zidaten, haren izena aipatze hutsarekin dena esplikatuta balego bezala: «Begira, hau da Mikel Laboa». Nerabetan, zehatz dakit norekin batera eta non ikasi nituen buruz Def Con Dos taldearen De caceria abestiaren hitzak, gero lehian aritzeko biotako nork azkarrago errezitatuko osorik—ketchupdecolordesangrecarnepicadadeboradaporelhambrerodajasdepepinoarosdece...—. Zer-nolako kizkurrak zituen Iruñeko bere dendan Iron Maiden entzuten jaso eta math metalaren ataritan utzi ninduen disko saltzaileak. Institutuko lagunak belarrietan Itoiz jarri zidan lehen aldian «motela» iruditu zitzaidala. Anaiekin —odoleko zein beste— rap saio askeak gero. Badakit noren laztanen oroitzapenekin iritsi ziren Ruper Ordorikaren doinuak lehenengoz nire bozgorailuetara. Eta, orain, nola kantatzen dugun etxekook Vinu, cantares y amor abestiaren Anariren bertsio ederra —barkatu— ume txikiena altzoan lokartzeko.

Pertsonalegia izan liteke argudio zerrenda hau. Baina galdetu edonori, eta antzekoa izango da ondorioa: kontaktuarekin lotuta doaz kultur aurkikuntza gehienak. Ukimenarekin. Eta horregatik da Durangoko Azoka fisikoa gainerako erronka guztietarako gurutzatu beharreko lehen atea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.