Naziek debekatu idazleen zerrenda plazaratu dute

Freud, Marx, Mann, Kafka, Musil, Gide eta Zweig daude «espiritu germanikoaren aurkako» iritzitakoetan

Agentziak
Berlin
2013ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Sigmund Freud, Karl Marx, Thonas Mann, Franz Kafka, Robert Musil, Albert Einstein, Rosa Luxemburg, Alfred Doeblin, John Dos Passos, Stefan Zweig, Walter Benjamin, Hermann Broch, Andre Gide, Jaroslav Hasek, Arthur Schnitzler, Ludwig Marcuse eta Karl Krausen lanak daude, besteak beste, Alemaniako Hirugarren Reichak «kaltegarri eta espiritu germanikoaren aurkako» iritzi eta horregatik debekatutako 5.800 liburuen zerrendan, Wolfgang Both herritar berlindarrak 2008an hasi eta orain plazaratutako ikerlanak berretsi duenez.

Nazionalsozialistek isilpean osatu zuten liburu «kaltegarri» eta «debekatu beharrekoen» zerrenda hori, 1938tik 1941era bitarte, eta zerrendako liburuetako askoren aleak plazetan erre zituzten jendearen aurrean. Zerrenda hori eta liburuak erretzeko saio publikoak juduen aurkako jazarpenaren eta holokaustoaren aitzindaritzat jotzen dira.

'Aniztasun suntsitua' gogoan

Nazismoak debekatutako liburuen zerrenda orain arte sekretua www.berlin.de webgunean ezagutarazi du Bothek, eta alemanezko Wikipedian ere ikus daiteke. Aniztasun suntsitua izenburuarekin egiten ari den ekitaldien barruan eman da ezagutzera. Ekitaldi horiekin Adolf Hitler agintera iritsi zela 80 urte direla ekarriko dute gogora, eta 75 urte direla Kristal hautsien gaua deitutakoak juduen jazarpenari hasiera eman zionetik. Zerrenda ikertuz eta haren berri emanez zerrenda horretako idazleak omendu nahi ditu Wolfgangf Bothek, eta haien lanaren aldeko aldarria egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.