Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak bihartik aurrera ezarriko du «normaltasun berria»

Besteak beste, haur parkeak eta eguneko zentroak ireki ahalko dira aurrerantzean, eta gehienezko edukierak, oro har, %75ekoak izango dira

Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hego Euskal Herriko beste lurraldeetara baino 48 ordu geroago helduko da «normaltasun berria» Nafarroara. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak atzo onartu zuen igandetik aurrerako fasea arautuko duen dekretua, eta gaur gauerdian sartuko da indarrean.

Nafarroan, besteak beste, haur parkeak, eguneko zentroak eta eskolak ireki ahalko dituzte aurrerantzean; gehienezko edukierak, oro har, %75ekoak izango dira; tabernetako terrazek %100 funtzionatu ahalko dute, metro eta erdiko segurtasun tartea bermatzen bada; eta udaleku irekiak baimendu dituzte —itxiak, aldiz, ez—. Maskara oraindik ere derrigorrezkoa izango da metro eta erdiko tartea mantendu ezin denean.

Txibitek argi utzi zuen etorkizuna ez dela izango pandemia baino lehenagokoa bezalakoa: «Birusak hor jarraitzen du, eta, txertoa iritsi arte gutxienez, neurriak errespetatu beharko ditugu». Joan-etorriak lehenago ez baimentzearen arrazoia osasun irizpideak betetzea izan dela adierazi zuen lehendakariak, «aurreko fase guztietan egin dugun bezala».

Nafarroa normaltasun osora itzuliko ez den erakusle izango dira, besteak beste, festak; gobernuak jai guztiak debekatzea erabaki du —baita sanferminak ere—, «kutsatze foku gehiago sor ditzaketelako». Santos Indurain Osasun Kontseilariaren iritziz, festarik onenak 2021. urtekoak izango dira: «Normaltasunean egingo ditugunak». Kontseilariak ziurtzat jo du herritarrek «aisialdirako beste jarduera batzuk asmatuko» dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.