Koronabirusa

Ia denean gorria

Itxiera perimetrala ezarri dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita hiru hiriburuetan ere. Guztira, 65 udalerri daude eremu gorrian. Erietxeen presioa gora eta gora doa

Herritarrak Beasaingo (Gipuzkoa) kaleetatik paseatzen. JON URBE/ FOKU.
Edurne Begiristain - Ion Orzaiz
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Gero eta nekezagoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gorriz jantzita ez dagoen eremurik ikustea. Atzotik, duela astebete baino hamabost udalerri gehiago daude perimetralki itxita, 400dik gorako intzidentzia metatua izateagatik. Denera, 65 udalerri daude eremu gorrian, hiru hiriburuak barne, eta, Araba eta Gipuzkoarekin batera, Bizkaia ere hetsirik dago gauerditik—praktikan, itxita zegoen herrialdea joan den astetik, ezinezkoa baitzen Arabara, Gipuzkoara edo Kantabriara (Espainia) igaro—. Eremu gorrian dauden udalerri eta lurraldeak itxiera perimetralean izango dira gaurtik datorren astera arte, gutxienez. Jaurlaritzak atzo berrikusi zuen eremu gorriko udalerrien zerrenda, eta gaur sartuko dira indarrean neurri murriztaileak. Itxieraz landa, ostatuek barruko jarduera mugatua izango dute, eta toki itxietako kirol jarduerak gehienez lauko taldeetan egin ahal izango dira, besteak beste.

Azken asteetan nabarmen larriagotu da birusaren transmisioa Hego Euskal Herrian, eta gero eta gehiago dira intzidentzia tasa metatua 400eko langatik gora duten herriak. Joan den astean 29 udalerri itxi zituzten, eta tartean baita Bilbo, Araba eta Gipuzkoa ere. Gehienek itxita jarraituko dute, eta 5.000 biztanletik gorako herrien artean bi baino ez dira aterako eremu gorritik: Markina-Xemein eta Muskiz (Bizkaia). Beste asko sartu dira zerrendan, ordea.Gipuzkoako mapa ia osorik dago gorriz margotuta, eta 5.000 biztanletik gorako bost herri ez beste guztiak daude gaurtik itxita. Lurralde horretan beste sei udalerri sartu dira eremu gorrian: Azpeitia, Deba, Hernani, Eibar, Urnieta eta Mutriku. Araban, eremu gorrira igaro dira Amurrio eta Laudio. Eta Bizkaian, Berango, Erandio, Leioa eta Trapagaran.

Hiru lurraldeenintzidentzia metatuak ere okerrera egin du azken zazpi egunetan. Joan den astean 400 kasuren langa gainditu zuten Arabak eta Gipuzkoak, eta eremu gorrian sartu ziren, baina azken datuen arabera, beste astebetez itxita jarraitu beharko dute. Arabako intzidentzia tasa metatua 426,87tik 437,9 da igaro da, eta askoz gehiago goratu da Gipuzkoakoa, 484,66tik 635,71ra. Bizkaian, berriz, 356,56tik 419,13ra pasatu da.

Nafarroan, berriz, ez dago eremu gorririk, herrialde osoan itxiera perimetrala ezarria baitago iazko urritik, baina intzidentzia tasa kezkagarria da: 410,96. Nafarroako Gobernuak azaldu du birusaren transmisioa mantsotu egin dela azken astean —kutsatzeak %21 murriztu dira aste batetik bestera—, baina 14 eguneko intzidentzia metatua oso handia dela oraindik eta arriskua ere bai. Hori dela eta, maiatzaren 9ra arte COVID-19aren aurkako neurri murriztaileei eustea erabaki du foru gobernuak, hau da, Espainiako Gobernuak alarma egoera bertan behera utzi arte. Besteak beste, mugikortasunari, bilkurei eta ostalaritzako barnealdeen itxierari eragiten diete neurriek.

Herrialdea bera ez ezik, Nafarroako zazpi udalerri ere itxita daude, intzidentzia handiagatik. Milagro martxoaren 26tik dago itxita, eta ostegunera arte luzatu dute ezohiko neurri hori. Arguedas apirilaren 6an itxi zuten, eta datorren astelehenera arte indarrean izango da itxiera perimetrala, eta Cadreita etzi arte izango da itxita. Ostegunean itxialdia indarrean sartu zen Arbizun, Etxarri Aranatzen, Lodosan eta Alesbesen, eta apirilaren 29a arte jarraituko dute horrela. Bitarte horretan, ezin izango da herri horietan sartu, ezta horietatik atera ere, funtsezko arrazoiengatik ez bada.

Ospitaleetako presioa gora

Bien bitartean, Hego Euskal Herrian birusak harrotuta jarraitzen duela islatzen dute gaitzaren transmisioari buruzko informazioa ematen duten adierazle ia guztiek. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, igandean 8.624 proba egin ziren birusa detektatzeko, eta 772 kasu atzeman zituzten. Aurreko egunetako datuen aldean, kutsatuen kopurua apalagoa izan da, baina, ohi denez, astegunetan baino proba gutxiago egin ziren herenegun. Igandeko kasuetatik 302 Gipuzkoan detektatu ziren; Bizkaikoak izan ziren beste 253, Nafarroakoak 139, eta Arabakoak, berriz, 71. Igandeko testen %8,9k eman zuten positibo Hego Euskal Herrian. Datua are larriagoa da Nafarroan: %10,1 izan zen. Osakidetzak egindako testen %8,7 izan dira positibo.

Erietxeen presioa ere gorantz doa, eta egunetik egunera gero eta gehiago ari dira betetzen gela arruntetako eta ZIUetako oheak. 829 lagun dauden ospitaleraturik Hego Euskal Herrian, eta horietako 189 ZIUetan daude, larri. Azken bi hilabeteetako gaixo kopururik handiena dago erietxeetan, eta otsailaren 16tik ez zegoen hainbeste pazienterik zainketa intentsiboetako unitateetan gaitzak jota. Osasun agintariak behin eta berriz ari dira ospitaleetako egoerarekiko kezka agertzen. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aitortu du osasun sistema «tenkatuta» dagoela, eta arreta bermatuta dagoen arren egoera «konplikatua» dela. Jakinarazi du Osakidetzako oheen %53 birusarekin gaixotutako pazienteek betetzen dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.