begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Zinema bestondoa arintzeko liburuak

2023ko irailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaur hasi den Donostiako zinema festaren ajeak itzelak suerta daitezke/zaizkizue/ zaizkigu. Artifiziozko paradisuak (ez al dira paradisu oro artifizialak?) sorrarazten dituzten alkoholak eta beste estupefaziente anitzek duten gu zoratzeko ahalmen bera edo handiagoa baitu zinemak.

Areago Donostiako festak bere ibilbideari ekin eta hurrengo egunean (bihar, hain zuzen ere) Miarritzekoaren irekiera gertatzen bada. Bide batez, Kasino ondoko emanaldietan badituzue galdu ezinezko hainbat zeluloide pieza, Totem, El viento que arrasa, Heroico, La memoria infinita. Miarritzeko programazioa Lapurdiko beste zinema herrietara zabalduko da, bai horixe. Eta Isabel Allende badator ere, egizue kontu Guillermo Arriaga bera hortik izango dela. Horretaz gain, atelier/tailer batean aukera ezin hobea izango duzue azaroan Gau Beltza inoiz baino hobeto eta egokiago ospatu ahal izateko: bertan ikasiko duzue Mexikoko burezurrak pintatzen, gauzatzen.

Miarritzekoa Donostiakoa baino egun bat lehenago bukatuko da, baina-baina-baina handik gutxira (urriaren 2an) Donibane Lohizunekoa hasi. Hortxe baduzue, beste hamarren baten artean, sorginduko zaituzten proposamen bat: Matria. Aurrera joko du udazkenak, gauak luzatuz eta konturatu barik, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen atarian izango gara...

Nola eutsi horri guztiari sasoian, eta sasoiko guk, sasoiko alenok, artifiziozko paradisuetan horren gustura gabiltzanok? Errezeta eta gomendio pila ematerik izan arren, nik Donostiako bilkuran (batik bat) antzemango duzuen noraezean hainbat libururi heltzea, atxikitzea, estu lotzea proposatzen dizuet.

Donostiako eta Miarritzeko festak bukatu bezain fite (edo pelikulen artean tarterik baduzue) eta Donibanekoari ekin aurretik, saia zaitezte Virginia Woolfen Orlando, Martin Amisen The Zone of Interest, Selma Almadaren El viento que arrasa edo Paul. B. Preciadoren Un apartamento en Urano. Crónicas del cruceopus-ak irakurtzen, zuen egiten.

Zinema darie aipatutako liburu horiei guztiei. Virginia Woolfen Orlando inoiz ahaztuko ez dugun pelikula bihurtu zuen Sally Potterrek, Tilda Swintonen konplizitate luxuzkoaz. Iparraldeko lagunek badituzte hainbat edizio elebidun elegante-eleganteak. Ezinbestekoak ere bai, inork ez baitu oraindino euskarara ekarri. Espainolez, berriz, ezin baztertuzkoa da; Silvia Ocampo emakume sekulakoak bultzatua, Jose Luis Borgesek burutu zuen itzulpena.

Libération aldizkariaren kolaboratzailea eta Parisko Unibertsitateko irakaslea den Paul B. Preciado filosofo eta sortzaileak Orlando Woolfena hartu du erreferente, ardatz, bidaide astelehenean Donostiako Tabakaleran aurkeztuko duen Orlando, mi biografía política bere estreinako zinema lanerako, Berlinen zenbait sari potolo eskuratu zituena. Trailerrean bertan, Paul B. Preciadok zirkinik egin gabe erantzuten du egingo zenioketen lehenbiziko galdera: «Jendeak nire biografia zergatik ez dudan idatzi edo filmatu komentatzen dit, jakin-minez, eta nik erantzuten dut 1928an izkiriatu zuela VirginiaWoolfek».

Ez da aitzakia txarra, eta bada erantzun zuzena. Ederki dakizuenez, Orlando 500 urte-edo biziko den gizaki baten erretratua da. Amaierarik gabeko bizitza horren erdian, Orlando sexuz aldatuko da. Sustraiak Andaluzian zituen Vita Sackville-West poeta aristokratiko eta libreari eskainitako amodiozko gutuna ere bada Virginiaren lana.

Gaur, Donostiako Perlak saila irekiko duen Jonathan Glazerren The Zone of Interest munstro-filmak oinarri duen Martin Amisen liburuak, Laszlo Nemesen Saul Fia pelikulak egin zuen bezala, kontzentrazio esparruetako erraietara botatzen du begirada ilunabarrekoa, begirada altzairatua, odolezko eta espermazkoa. Genituen susmo guztiak benetakoak zirela baieztatzen digute bai nobelak bai zeluloideak: herio-esparru horietan, goi mailako buruzagiek eta beren senideek bizitza arrunta bizi zuten... edo bizitzen saiatzen ziren. Martin Amisen liburuak era gordin batez botako dizu aurpegira sinetsi nahi ez zenuen hori...

Bukatzeko edo, bestelako amildegi batera bultzatuko gaituen beste liburu bat eskuan, beste pelikula bat begien aurrean: Selma Almadaren eta Paula Hernandezen El viento que arrasa. Hondamendia mastekatzen den trailerrean erlijio-fantasiak saltzen dituen predikatzaileak orro egiten du: «Jainkoak daki ez naizela ni erratu!».

Zinema festa eder bat, bi eta hiru opa dizkizuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.