KRITIKA. Musika

Egiazko 'Manon'-a

2018ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

'Manon'

Egilea: Jules Massenet. Musika zuzendaria: Alain Guingal. Eszena zuzendaria: Arnaud Bernard. Abeslari bakarlariak: Irina Lungu, Michael Fabiano, Manel Esteve Madrid, Roberto Tagliavini, Francisco Vas. Musikariak: Verum Orkestra Sinfonikoa. Abesbatza: Bilboko Opera Abesbatza. Noiz: Urtarrilaren 23an. Non: Bilboko Euskalduna jauregian.

Oraingo gorabeherak gaindituz, OLBEk fintasunez eskaini digu Jules Masseneten Manon opera, Montecarloko Operaren ekoizpenatik eratorria. Izan ere, gero eta aldaketa gehiago izaten baitira jatorrizko programaziotik oholtzara gauzatzen diren arte. Kasu honetan, iragarrita zegoen tenorraren ordezkoa, Michael Fabiano alegia, gaueko irabazle izan da Irina Lungu sopranoarekin batera. Euskadiko Orkestraren ordez jo du Verum Orkestra gazteak, eta oso ondo gainditu du erronka, gure ustez, Alain Guingal maisu trebatuaren eskuetan. Aipatutako fintasuna, hasteko, Arnaud Bernardek lortu du garaiko giroa irudikatuz: arropa dotoreak, argiztatze egokia eta ikuspuntu parodikoa emanez operari, hein batean: esaterako, ekintza kolektiboak geldiaraziz, behin eta berriz tankredoarena eginez, garaiko parrandak sexu orgian, karta jokoetan eta mozkorraldietan, eta batez ere, Francisco Vas eta Manel Esteve abeslarien vis comica bikainari esker. Eszenografiaren alorrean, bidaiatzeko gurdiarekin eta globo aereostatiko ikusgarriekin ederto bete dute oholtza, berez minimal zegoen atrezzoa. Aldiz, nekagarriak iruditu zaizkigu etengabe itxi eta zabaldu egiten ziren ate labainak, eta eskas, aldiz, elizaren eszena.

Bikote protagonistak ederki kantatu du. Irina Lungu sopranoak eder azaleratu du Frantziako kantu moldea, mezza voce gozoa erabiliz, baina muzin egin gabe gurguiluei eta agudo zorrotzei, beharrezkoak zirenean. Asko gustatu zaigu Michael Fabiano tenorra, ahots tinbratua eta adierazkorra, maitalearen etsipenaren ildoan. Manel Esteve baritonoak biribildu du Lescauten rol anbiguo eta barregarria. Roberto Tagliavini baxuak fraseo erakargarria agertu du. Paregabea izan da Francisco Vasen itxura komikoa, kantaldi egokiarekin. Oso ondo konpondu dira Ana Nebot, Itziar Undakoa eta Maria Jose Suarezen ahotsak prostituten hirukotea osatuz. Fernando Latorre baritonoak egoki abestu du. Bilboko Operaren abesbatzak lan handia egin du bai abesten eta baita operak iraun duen artean geldi-geldi egoten. Musikaren arloan, lan bikaina bete du Alain Guingal maisuak, operaren melodia delikatua adierazteko, bai algaretan eta baita sentipenen edo sentsualitatearen pasarteetan. Haren eskuetan Verum Orkestra Sinfoniko gazteak malgutasunez jo du eta guretzat ustekabe atsegina izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.