KRITIKA. Musika

Musika lan berreskuratua

2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun

BOS

Zuzendaria: Diego Martin-Etxebarria. Bakarlariak: Marina Monzo sopranoa eta Nicolas Carpentier oboe jotzailea.Egitaraua: Mozart, Lebrun, Salieri eta Mendelssohnen lanak.Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Martxoak 21.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak ez zuen lan handirik eskaini denboraldiko hamabigarren kontzertuan, ez lehenengo zatian behintzat. Baina, aldiz, galduta omen zegoen lan bat berreskuratu eta berpiztu zuen Bilbon: hain zuzen, Alemaniako Ludwig August Lebrunen 5. Kontzertua oboe eta orkestrarako Sol Maiorrean. Zorioneko aurkikuntza Joseba Berrocal musikologoak egin zuen, eta Nicolas Carpentier BOSeko oboe bakarlariak jo zuen kontzertuan, orkestraren laguntzarekin.

Lebrun oboe jotzaile eta konpositorea Mozart eta Salieriren garaikidea izan zen, eta hamahiru oboe kontzertu idatzi bazituen ere, apenas izan zen ezaguna gure artean. Bilduma horretatik ez dugu uste bosgarren hau denik onena. Hiru zatitan banatzen da —Allegro, Pastorella eta Rondo—, Barroko eta Klasizismo garaian egin ohi zuten bezala.

Kontzertura itzulita, Carpentier bakarlariak ez zuen eragozpenik izan oboearekin soinuaren garbitasuna eta afinazioa lortzeko, ezta oreka intentsitatean ere; fraseo egokia eta cadenza orbanbagea entzun ziren haren eskutik, aretoan sakelako batek zarata egiten zuen bitartean.

Kontzertuaren lehen saioa osatzeko, oboeak lagunduta, bi aria entzun genituen, gure artean jada ezaguna den Marina Monzo sopranoaren ahots atseginean: Mozarten Vorrei Spiegarvi, oh Dio eta Salierien Quando piu irato freme. Sopranoak tinbre atsegina, teknika ona gurguiluetan, arnasketa egokia eta fraseoa agertu zituen, eta bereziki harrigarriak izan ziren Salieriren arian jaurti zituen sobreagudoak. Publikoaren berotasuna eskertzeko, oboe jotzaileak eta sopranoak egitarautik kanpoko erlijiozko pieza zati bat ere eman zuten.

Kontzertuaren bigarren zatian, Felix Mendelssohnen4. Sinfonia, Italiarra ere deitua, interpretatu zuen BOSek, Diego Martin-Etxebarriaren zuzendaritzapean. Hasierako Mozarten Cosí fan tutte operako oberturan bezala, sinfonia horretan ere zuzendariaren modu eraginkorrak eta zehatzak ikusi genituen; beharbada ez ziren ikusgarriak izan, baina BOSen exekuzioa biribila izan zen. Adibidez, lehen mugimenduan tentsioa eraman zioten hasierako gai dantzagarriari, eta, samurtasuna hurrengoari. Bigarrenean, elegiaren ikuspuntua zabaldu zuten bi ahotsen arteko kontrapuntuarekin. Hirugarrenean—konpositorearen partetik epelena—, minue klasikoa egin zuten. Eta azken uneetan, arin-arinean, saltarello itxuraz baina tarantella-ri gehiago hurbilduz, distiraz eta baikortasunez bukatu zuten kontzertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.