KRITIKA. dFeria

Hil aurreko malenkonia

2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun

'Swimming Pools'

Konpainia: Sleepwalk Collective. Testuak: Sammy Metcalfe eta antzezleak. Antzezleak: Camila Vecco Haddad, Irana Solano Arana, Nhung Dang, Rebeca Matellan. Musika: Sammy Metcalfe. Koreografia: Alice Talge eta antzezleak. Eszenografia: Iara Solano Arana. Argiak: Alex Fernandez. Jantziak: Jorge Dutor. Lekua: Lugaritz kultur etxea.Eguna: martxoak 18.

Sleepwalk-ek bete betean asmatu du bere mezua bideratzen, bai forman, bai edukian. Horrela, aurtengo dFerian aukera paregabea izan dugu benetako antzerki postdramatiko ona zertan datzan jakiteko. Swimming Pools-en kontatu nahi dutenarentzat bideo joko vintage baten formula aukeratu dute: hondoko pantailan jokalarien pertsonaien itxura, izaera eta ekintzak hautuan daudela iradoki ondoren, eszenak jokoaren hamar mailatan antolatu dituzte, turismo-gune ezagunetako igerilekuetan kokaturik. XXI. mendeko kezken deskribapen-katalogoa entzunarazi digu off-eko ahots limurtzaile batek, Laurie Andersonen hainbat errezitatiboren estiloan. Tarteka-marteka, azafata baten antzera amoroski hitz egin digun boz horren jarioa etenda, aktoreek mikrofonoa eskuan hartu, eta hausnarketari ekin diote. Eta jokoaren maila bakoitzarekin, salto egin dugu munduan barrena resort batetik bestera, gogoeta batetik bestera.

Hiperkonektaturik dagoen munduaren isolamendua irudikatuz, antzezleek ez diote elkarri hitz egiten, nahiz eta denak erregistro gozo berean mintzatzen diren hainbat hizkuntzatan. Espazio eszenikoan, belztasunaren nagusitasuna neoizko hainbat lanparak apurtzen dute, batzuetan zuriz, besteetan oinarrizko kolorez. Ez dago ia isiltasun unerik, eta soinu iraunkorrak artegatasuna zabaltzen du airean. Horrez gain, bideo jokoaren pantailetako hitzek noiz eta non gauden argitzen digute: Eivissa, Thailandia, Yucatan edo Korean, esaterako, eta 2021-2025 bitarteko zein data zehatzetan. Eszenografia estatikoak balio du errepikakorrak diren toki eta bertako igerilekuen ilusioa sortzeko, zeren, jakin badakigu bidaiatu arren ez garela inora joaten. Elementu gutxi daude: uretatik ateratzeko eskaleratxoa publiko aldean zintzilik, plastikozko baloi bat eta aldagela dioen txartel esanguratsua.

Gaiak oso egungoak ditugu: gure nortasun askotariko nahiz aldakorrak, generoa, turismo masiboa, kapitalismoak ekarritako zorigaitza, eta ez-lekuen (aireportuen, merkataritza zentroen, igerilekuen) homogeneizazioarekin batera, intimitatearen galera zein naturaren suntsiketa, nahiz libidoaren rola, besteak beste. Baina, funtsean, zer dira soinu banda aztoragarriaren gainetik aditzen ditugun parlamentu poetiko horiek? Haluzinazioak? Amesgaiztoak? Ala onartu nahi ez dugun egia? Zeren Lars von Trierren Melancholia filmak bezala, Swimming Pools-ek gogorarazten baitigu Lurrak iraungitze data duela, eta ez ikusiarena egiten ari garela. Amaiera aldean, ume bat jaiotzen da, eta deskribapena zen testua aldarrikapen sutsu bihurtzen da gazte baten ahoan: zuen monumentuak erreko ditugu, zuen arrastoak suntsituko ditugu, utzi diguzuen mundua utzi diguzuelako. Horregatik, ikusle honi Blade Runner-eko azken esaldietako bat etorri zaio gogora, erreplikanteak zioen «Hiltzeko ordua da» famatu hura; hil aurreko malenkonia aitorpen bat zen hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.