Madrilek apiriletik luzatuko ditu aitatasun baimenak

Aldizkari ofizialak kaleratu du baimenak zortzi astera luzatzeko dekretua, baina atzeraldi bat du: berehala ez, apirilaren 1ean sartuko da indarrean

Erredakzioa
Donostia
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak dekretu bat onartu zuen emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzeko, eta Espainiako aldizkari ofizialak atzo argitaratu zuen; gaur jarriko dute indarrean. Dekretuak, baina, zenbait salbuespen jasotzen ditu azken xedapenean. Horietako batek apirilaren 1era atzeratzen du aitatasun baimena bost astetik zortzira luzatzeko neurria.

Gobernuaren esanetan, neurria indarrean jartzeko sistema informatikoa prestatzen ari dira, eta horregatik atzeratu dute baimena luzatzeko erabakia. Horrez gain, kontzeptuak egokitzen ari dira: amatasun baimena beharrean, jaiotza baimena erabiliko dute. Carmen Calvo presidenteordeak azaldu du, gainera, egokitzeko denbora eman nahi izan dietela enpresei; izan ere, enpresak kexu ziren gobernuak lege dekretua aurkeztu zuenean.

Dekretuak zehazten duenez, bi gurasoek batera hartu beharko dituzte baimeneko lehen bi asteak, eta gainontzeko seiak, haurrak urtebete bete aurretik. Espainiako Gobernuaren asmoa da amatasun eta aitatasun baimenak hamasei astera parekatzea 2021erako. Hortik aurrera, bi gurasoek erditu eta berehala hartu beharko dituzte baimeneko lehen sei asteak, eta haurrak urtea bete artean banatu ahal izango dituzte gainontzeko hamarrak.

2007an Espainian Berdintasun Legea onartu zen arte, aita berriek bi egun besterik ezin zuten libre hartu Hego Euskal Herrian. 2013rako zegoen aurreikusita hilabetera luzatzea, baina 2017aren hasierara arte ez zuten gauzatu. Iazko uztailean, berriz, bost astera luzatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.