KRITIKA. Zinema

Amorrua eta biolentzia iragarkietan

Frances McDormand aktorea, filmeko eszena batean. MERRICK MORTON / EFE.
Gontzal Agote.
2018ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

'Three Billboards Outside Ebbing, Missouri'

Zuzendaria: Martin McDonagh. Aktoreak: Frances McDormand, Woody Harrelson, Sam Rockwell. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 112 minutu.

Hiru erpinek mugatzen dute jatorrizkoan izenburu luze-luzea duen ezohiko pelikula honen jolas eremu zabala.

Horietako batean, nabarmenenean akaso, Coen anaiak daude. Ez bakarrik Frances McDormandek protagonistaren rola jokatzen duelako, baina hori ere bai. Coendarren itzala filmaren bazter ia guztietan antzematen ahal da: kokapen geografikoan, bigarren mailako pertsonaien aniztasunean, umore beltzean...

Bigarrengoan, AEBetako telesail garaikide batzuk daude, thriller kategoriaren barruan sartzen ahal ditugunak. Horien artean aukeratzen hasita, pelikulak berak erraz aski jarriko digu, Woody Harrelsonen arrastoari segika hasten bagara, berehala ailegatuko baikara True Detective-era. Telesail horri —lehen denboraldiari, alegia— asko zor dio Three Billboards Outside Ebbing, Missouri honek. Kontua ez da batere harritzekoa, azken urteotan egin diren gisako pelikula askok hori izan baitute oinarri ezinbesteetako bat.

Azken erpina, Jim Thompsonen literatura lehorrarena da. Bortizkeria, bereziki Poliziarena, inork baino hobeto jaso zuen idazleak bere orrialdeetan, eta, berez, filma hau haren inongo nobelatan oinarrituta ez badago ere, haren liburuetako atmosfera itogarriak erabat kutsatu du Martin McDonaghen filma.

Hor barruan mugitzen da filma, era nahiko libre eta kontzientean, eta batzuetan kaotiko samarrean ere bai. Izan ere, gidoi gorabeheratsu baten gainean eraikia dago berez oso indartsua den pelikula hau. Hori du ahulezia nagusia, betiere originala edo politikoki ez-zuzena izan nahi izate horretan batzuetan huts eginen baitu.

Hori alde batera utzita, gozagarria da oso pelikula: interpretazio bikainak, umore absurdoa, eta haiekin enpatizatzea ahalbidetzen ez duten pertsonaia anbiguoak. Gutxienekoa da hiltzailea nor den jakitea, mikrokosmos batean barneratzea da azken helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.