KRITIKA. Musika

Goiztiarrak eta arinak

2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun

Parisko Ganbera Orkestra

Zuzendaria: Nil Venditti.Pianoa: David Fray. Egitaraua:F. Mendelssohen Hebridak obertura op. 26, W. A. Mozarten Pianorako9. kontzertua KV 271, Jeunehomme eta G. Bizeten 1. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: martxoak 7.

Asteartean Kursaal Eszenak aurkeztu zuen kontzertua ezohiko bulkada batek hasi zuen; ez, aldiz, besaulki patioan berebiziko indarra sumatzen zelako, are gutxiago pandemia osteko batez besteko entzule kopuruari begira, baizik eta Nil Venditti zuzendariak bere gar bizia publikoari nolabait kutsatu ziolako mikrofonoa eskuan. Orkestra baten emanaldia hasi baino lehen normalean entzuten ez den elkarreragina sustatuz —«¿Cómo están ustedes?» ere galdetu zuen—, obren nondik norakoak azaldu zituen, tonu pedagogikoan.

Hala, Mendelssohnen Hebridak obertura izan zen lehenik, espiritu erromantiko nekaezinak Eskoziako kostaldean jasotako zirrararen erakusgarri musikala. Parisko Ganbera Orkestraren kalitatea ez da zalantzagarria: grina eta sen ona hauteman daitezke gai zein soinu maila ezberdinen trataeran. Haatik, asteartean zertxobait biguna suertatu zen emaitza; trazu lausoz osatutako paisaia agertu zitzaigun taulan, tarteka haizeen distira ere ezkutatu zuena.

Mozarten musika argitasunez eskaintzeko tasunik badu David Frayk. Maisutasun handiko kontzertua da hau, Mozart edo Louise-Victoire Jenamy bezalako birtuosoentzat aproposa. Hasierako Allegro-an zein bukaerako rondoan agerikoa izan zen Mozarten pieza ugari blaitzen dituen jolasaren lañotasuna. Frayk samurki ekin zion Andantino-ari, hainbatetan inork baino hobeto ulertzen zuen espresibitatea zehaztasunaren gainetik jarriz, kadentzian bezalaxe. Tempoan ere izan zen gorabeherarik, akaso batutaren eta pianoaren arteko batasun faltagatik, baina xehetasun horiek ez ziren gozatzeko oztopo izan.

Atsedenaldiaren eta Vendittiren animazioaren ondoren, Georges Bizeten 1. sinfonia eskaini zuten. Kontserbatorioan zegoela konposatu zuen, 1855ean, baina eskuizkribuen artean galdu zen 1933ra arte. Orkestraren gaztetasuna eta piezaren goiztiartasuna batu ziren dotoreziaz —oboearen fraseatzea nabarmen—, melodia argiz eta xarmaz betetako interpretazioan, arintasuna eta edertasuna nonahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.