Mikel Zumeta.
Donostiako 67. Zinemaldia. Sari banaketa. ANALISIA

Garaipen banatua

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Badago aurtengo Zinemaldia eskasa izan dela esan duenik, eta agian film guztiak ez dira guztiz borobilak izan, baina maila eta ugaritasuna nabarmena izan da. Argi dago irabazle izateko hautagai ziren filmak egon direla, eta nabaria izan da film batzuetatik besteetarako aldea.

Zinemaldiak bilduma interesgarria hurbildu digu aurtengoan, iritzi kontrajarriak egon dira, eta zaila izan da adostasunera heltzea nork zer merezi duen edo bakoitzak zein gehien maite izan duen aitortzerako garaian.

Argi dagoena da aurtengo Sail Ofizialean emakume zinemegileen presentzia nabarmena izan dela, eta jorratuenak izan diren gaiak elkartasuna, ustelkeria, gizarte gero eta prekarizatuagoaren salaketa, eta maitasunaren goraipamena izan direla.

Epaimahaiaren erabakiak desadostasunak eragin ditu, batez ere, Urrezko Maskorra jaso duen Pacificado filma dela eta. Film ona dela esan beharra dago, tonu dokumentaletik hurbil mugitzen den pelikula, argazki eta aktore lan itzelarekin, baina ikusleengan arrasto handirik utzi ez duena.

Garaipena bi filmen artean egon da; alde batetik Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinita, gidoi hoberenaren saria eta zuzendari hoberenaren saria jaso dituena, euskal zinemaren Irizar sariaz gain. Bestaldetik, Pacificado-k, aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, argazki onenaren saria eta Urrezko Maskorra jaso ditu.

Epaimahaiak zuzendaritza onenaren eta gidoi onenaren sariak La trinchera infinita-ri eman ondoren, film onena Pacificado izatea deigarria da, baina oro har, sari banaketa oso banatua izan da.

Hunkigarria oso Irizar saria banatzera Peio Gutierrez epaimahaiko kidea atera izana eta Jon Garañok Juanmi Gutierrez haren aitari eskaini dizkion hitzak.

Emakumezko aktore onenaren sariak Nina Hoss eta Greta Fernandezek jaso dituzte, ex aequo haien lan itzelagatik.

Epaimahairen Sari Berezia Proxima filmak jaso du, emakumea izatea, amatasuna eta lan esparrua uztartzearen konplexutasunak azpimarratuz.

Aldarrikapenak ugariak izan dira, batzuk idatziz helarazi dituzte: Bukassa Kabengelek (Pacificado) arrazismoaren kontrakoa hitzak eskaini ditu, Brasilgo komunitate beltza eta indigena goraipatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.