Asier Amondo. Korrikako arduraduna

«Etxean egonda, jende askok galdu du euskara»

Auzolana eta elkarlana ezinbestekotzat ditu Amondok Korrika aurrera ateratzeko. Adierazi du bide horretan lan mundua inplikatzea falta dela: «Hortxe dago konpondu beharreko itoginik handiena».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Pandemiaren ondorioz iazkoa urtebete atzeratu ostean, aurtengo Korrika «berezia» izango dela uste du Asier Amondo Korrikako koordinatzaileak (Laudio,Araba, 1969). Denbora horretan guztian euskarak lekua galdu duela dio, eta, nork bere eremutik, konpromisoak hartzeko deia egin du.

Gaur arratsaldean abiatuko da 22. Korrika. Nola joan da azken txanpa hau?

Ondo. Azken egunotan itoginak estaltzen aritu gara, baina, egia esan, markatutako erritmoan joan da dena. Pozik gaude egindako lanarekin, eta aurten ere arrakastatsua izango delakoan gaude.

Zer espero duzue aurtengo aldiaz?

Korrika bezalako ekimen bat aurrera eramatea ez da batere erraza: auzolana eta elkarlana beharrezkoak dira. Baina, oro har, aurreikuspenak onak dira. Pandemiaren ondoren, Euskal Herrian egingo den lehenengo ekitaldi handia izango da Korrika, eta jendea gogoz dago. Urterik urtera, gainera, sendotzen ari da, eragile berriak gehitzen ari dira, eta gero eta gehiago gara Korrikarekin bat egiten dugun herritarrak. Berezia izango da, zalantzarik gabe.

Joan den urteko Korrika bertan behera geratzeak zer-nolako eragina izan du?

Hasteko, guretzat, oso erabaki traumatikoa izan zen. Ez genuen espero inondik inora ere Korrika atzeratu beharko genukeenik, baina zuhurtziagatik, hala egin behar izan genuen. Egoera oso aldakorra zen. Gerora, hainbat esparrutan izan du eragina: gugan, gizartearengan, euskararengan... Hortaz, espero dugu, pixkanaka bada ere, egoerak hoberantz egitea.

AEKrentzat ere ez zen urte erraza izango.

Kolpea izan da. Korrika festa bat da, baina baita AEKrentzako diru iturri garrantzitsu bat ere. Lortutako dirua Euskal Herriko irakasle guztiok baldintza berdintsuetan lan egiteko baliatzen dugu, zerbitzua leku guztietara irits dadin. Ondorioz, alde horretatik, arrakala txiki bat sortu da. Azkenean, baina, normaltasunez egin ahal izango dugu, eta pentsatzen dut galera hori berreskuratzeko gai izango garela.

Pandemiaren eraginez, euskara zaurgarri geratu da?

Etxean egonda, jende askok galdu du euskararekiko harremana, ez direlako euskarazko giro batean bizi, edo, besterik gabe, etxean ez dutelako euskaraz hitz egiten. Berbalagun taldeetan, eskoletan eta beste hainbat esparrutan izan dute egoera bera, eta, hala, galduz joan da. Pandemia garaian ez da urgentziazko kontu bat izan euskara sustatzearena, bigarren maila batean geratu da, eta horrek ondorioak ekarri ditu.

Alde horretatik, euskarak lekua galdu du?

Bai, zalantzarik gabe. Eta guri dagokigu, guztion artean eta elkarlanean, leku horiek guztiak berreskuratzea. Pandemiaren eraginez, euskara kaletik atera da; ondorioz, kaleak berreskuratzea da orain garrantzitsuena. Euskara guztiona da, eta denok egin behar dugu ahalegina egoera aldatzeko.

Hitzekin dio aurtengo leloak. Euskarari ekiteko garaia da?

Noski. Hizkuntza bat hitzek osatzen dute, eta, aldi berean, komunitaterik gabe ezin zaio hizkuntza bati eutsi. Nork bere bidetik eta nork bere erritmoan, lortu nahi dugu euskararen aldeko ekintzak planteatzea, konpromisoak hartzea.

Euskaraz dakiten herritarrak gero eta gehiago badira ere, erabilera indartu behar da?

Urtero-urtero 10.000 ikasle inguruk ematen dute izena euskaltegietan, baina garrantzitsuena da gerora euskaraz bizitzeko eta euskaraz aritzeko aukerak izatea. Oraindik ere, gure hizkuntzaohiturak aldatu behar izatenditugu leku askotan, baina,alde batetik zein bestetik, denok egin behar dugu ahalegina: euskarara hurbildu behar dugu euskaratik kanpo dagoen mundu hori.

Konpromisoak hartzearen garrantzia aipatu izan duzue maiz. Baina, nola?

Konpromisoak hartzeko hainbat modu egon daitezke, baina bakoitzak bere aldetik egin behar du saiakera. Esaterako, arlo pertsonalean, lehen hitza euskaraz egitea izan daiteke aukeretako bat. Eragileek, erakundeek, instituzioek, kirol taldeek... ere badute lana egiteko, eta, konpromiso txikiak hartuz, euren jarduerak euskarara hurbildu behar dituzte. Jende askok daki euskaraz gaur egun; urratsak egitea baino ez da falta.

Eta, bide horretan, nor inplikatzea falta da?

Lan mundua, nire ustez. Ikasketak euskaraz egiten ditugu, baina lan mundura jauzi egitean, ohartzen gara gazteleraz funtzionatzen duela. Egiten dugun esfortzuak ez du ezertarako balio gerora ez bada euskararik erabiliko. Gazteleraz komunikatzen gara elkarren artean, eta euskara alde batera uzten dugu: kale egiten dugu. Nire iritziz, hortxe dago konpondu beharreko itoginik handiena.

Korrikara itzuliz, nolakoa izan da aurten antolaketa prozesua?

Nahiko berezia. Hasiera batean online egin behar izan genituen bilera guztiak, eta, gerora, ziurgabetasuna izan da nagusi. Ez da lan samurra izan. Pentsa, lau plan izan ditugu prest, badaezpada. Pandemiaren bilakaeraren arabera, Korrika egokituz joan behar izan dugu, eta pixkanaka, korapiloak askatuz joan gara. Baina pozik gaude: azkenean betiko Korrika egin ahal izango dugu, normaltasuna izango da nagusi.

Antolaketari dagokionez, aldatu da zerbait arduradun zarenetik?

Askorik ez. Finean, Korrika berbera da, baina urterik urtera, kontu berriak integratzen joan behar izan dugu. Teknologia berrietara ere gehiago hurbildu gara azken urteotan, baina, egia esan, ez du aldaketa askorik izan.

2013. urtetik zara Korrikaren arduradun. Oraindik ere nabaritzen duzu hasierako bertigo hori?

Bai [barreak]; batez ere, data gerturatzen ari dela ikusten dudanean. Oso prozesu polita da: hasieran lasai zaude, urruti ikusten duzulako dena, baina Gabonetatik itzultzean igartzen da aldapa gogortuz doala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.