Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena. Hondarribiko aroa

Inoiz guztiz joan ez zenaren itzulera

Euskal Herrira itzultzean, politikan murgildu zen Martin Ugalde, eta seta handiz aritu zen historiaren dibulgazio lanean. Haren asmoek talka egin zuten 'Deia'-ren proiektuarekin.

Iñaki Oregi, Juan Ajuriagerra eta Martin Ugalde egunkari bat esku artean dutela, Gipuzkoako Aldundian, 1977an. JAKIN ETA MARTIN UGALDEREN FAMILIA.
Julen Aperribai - Arantxa Iraola
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Estatu handi eta kultura indartsu bateko seme izan banintz, ez nuela lanera itzultzeko hain gogo larria izango. Hau da sentitu nuena. Baina herri hain indartsu eta demokratiko eta baketsuko seme izan banintz, beharbada ez nuen irteteko beharrik ere izango!». Martin Ugaldek Joan Mari Torrealdairi esana da. Sorterritik kanpo 22 urte egin ondoren Ugaldek familia hartuta Euskal Herrira itzultzeko izan zituen arrazoi nagusietako baten tamaina erakusten du esaldiak. Izan ere, atzerrian sona handiko kazetaria izanagatik eta bizimodua egonkor garatzeko habeak eraikiak izanagatik, itzuli egin zen Ugalde, artean frankismoaren pean zegoen Euskal Herri hartara. «Besteak beste, gizon arduratsua zelako etorri zen; gizon konprometitu eta serioa zen. Ugaldek dena jarri zuen ardura baten pean», adierazi du hautu horretaz Larraitz Ariznabarreta Renoko Unibertsitateko irakasleak.

Etorrera lehen kolpean gogorra egin zitzaiola aitortu du Ainara Ugaldek: «Oroimena daukat hasieran dezepzioa hartu zuela Euskal Herrira etorri zenean; ez zuen izan berak espero zuen harrera». AEBetan kazetaritza ikasketak eginda eta ofizioan luzaroan arituta iritsi zen. Hala ere, kazetari lanean ez zen berehalakoan hasi. Ate asko jo behar izan zituen lehenago, eta bestelako eginbeharretan ere aritu zen; abertzaletasuna bateratzen eta suspertzen saiatzen, besteak beste. Haren ulerkera zabalenean, betiere.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rekin harremana zuen, eta ETArekin elkarrizketa sortzen saiatu zen, haren bidez. «Agirrek esaten zuen, behin eta berriz, gure herrian ez genuela Luterorena egin behar herri barruan, honek elizbarruan egin zuen zatiketa legez, baizik eta, Erasmoren moduan, konponketa eta elkartasunaren, batasunaren alde», adierazi zion Ugaldek Torrealdairi. Erreferente garrantzitsua izan zen Agirre lehendakaria harentzat.

Sinkronizaziorik eza

Genevan (Italia) eta Parisen zituen kontaktuak baliatuta saiatu zen lana lortzen; besteak beste, Osasunaren Mundu Erakundean eta Unescon. Ez zuen arrakastarik izan. Kazetari, itzultzaile eta interprete lanerako aurkeztu zuen bere burua Euskal Herrian, baina euskararekin eta euskal munduarekin loturiko eginbeharrak profesionalizatu gabe zeuden.

Kazetari «trebatua» izateaz gain kudeaketan ere aritua zela gogoratu du Nerea Azurmendi kazetariak. Zuzendari izan zen Creole petrolio korporazio handiaren El Farol aldizkarian, kasurako. «Esango nuke 1960ko hamarkadan ez zela egongo Euskal Herrian beste kazetaririk Ugaldek zuen prestakuntza eta orain background deitzen zaion hori zuenik», azaldu du Azurmendik. «Hark zekarrena hartzeko gai ez zen panorama bat» topatu zuen, haren arabera: «Ez dakit gu genbiltzan beranduegi, edo bera iritsi zen azkarregi».

Saiatu zen, hala ere, Venezuelatik buruan zebilkion proiektu bat gauzatzen. Euskal Herrirako kultur aldizkari bat egin nahi zuen, zabala eta alderdiez haraindikoa. Jose Mari Lasarte errepublika garaian diputatua zenak laguntza eman zion, eta bere lehengusuaren aurrera eraman zuen, Nikolas Lasarte Donostiako Kutxako buruarengana. Ekonomikoki proiektua babesteko prest azaldu zen azken hori, baina Juan Ajuriagerra buruzagi jeltzaleak gerarazi zuen Ugalde, bankuko burua frankista zela ohartarazita.

Carlos Garaikoetxea eta Martin Ugalde, elkarri eskua ematen; eskuinean, Itxaso Ugalde alaba. JAKIN ETA MARTIN UGALDEREN FAMILIA

Hain zuzen, Ajuriagerraren itzalean barneratu zen Ugalde EAJren Euskal Herriko jardunean. Espainiako Estatuan sartu ahal izateko, politikatik urrun mantenduko zela hitzemana zuen arren, iritsi eta urtebetera EAJn ardura postuak zituen; 1971n, alderdi politikoaren Alderdi aldizkariko zuzendaria zen, eta kontseilari Eusko Jaurlaritzan, Jesus Maria Leizaola lehendakari zela. Konpromiso politiko horren ordaina 1973an heldu zitzaion, Espainiako Estatutik kanporatu baitzuen Espainiako Poliziak. Donibane Lohizune hartu zuen bizileku, familiarekin. Ainara Ugalde haurra zen aita atxilotu ziotenean; oroitzapen traumatikorik ez dauka: «Lasai atera zen, apal. Onartzeko borondatetik dator baretasun hori; bazekien zertan ari zen; onartua zuen arrisku hori».

Bestelako erbeste bat topatu zuen Ugaldek Donibane Lohizunen. Harreman sendoa egin zuen Santi Brouard buruzagi abertzalearekin. Juan Jose Etxabe eta Jose Manuel Pagoaga Peixoto ETAko kideak ere gertutik ezagutu zituen. Abertzaletasunaren ikuskera desberdinak ez ziren muga Ugalderentzat. Tradizio politikoari bainoago «pertsonari» erreparatzen ziotenetakoa zela nabarmendu du Ainara Ugaldek: «Pertsona nolakoa den, horren arabera erabakitzen zuen harekin zer-nolako harremana izan». Antzera mintzo da Angeles Iztueta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia, euskalgintzaren inguruan zuen ikuskeraz: «Euskalgintzak eta euskarak batasuna behar dutela uste zuen, eta alderdien gainetik egon behar duela batasun horrek». Bitartean, EAJrekiko ardurekin jarraitu zuen. «Oroitzen dut nola etortzen zen Leizaola lehendakaria, paseatzen, eta aita balkoitik begira egoten zen», azaldu du Ainara Ugaldek.

Kezka transmisioarekin

Euskal historia idazten ere aritu zen aldi hartan, eta 1974an argitaratu zuen Síntesis de la historia del País Vasco liburua. Dibulgazio lana egin nahi zuen, iritzita euskal herritarrek ezin hartuko zutela kontzientzia euren herrian zer gertatu zen jakin ezean. Dibulgaziorako grina horren adibidetzat har daitezke Euskal Herriko hainbat pertsona esanguratsuren inguruan egindako biografiak: Sabino Aranarena, Jose Antonio Agirrerena, Jesus Mari Leizaolarena, Lezo Urreiztietarena eta Jose Ariztimuño Aitzol-ena, besteak beste.

1976an, Francisco Franco diktadorea hilda, Hondarribira itzuli ziren ugaldetarrak. Ajuriagerrak Deia-ra joateko eskatu zion, eta hala egin zuen. Zuzendariorde kargua onartu zuen, baina garden adierazi zuen euskarazko kazetaritza egin nahi zuela. Hala, euskarazko edukien koordinatzaile hasi zen. Lantaldea osatzeko ardura jarri zuen baldintzatzat, baita h-aren inguruko eztabaida ezein modutan amaituta ere erabakitakoarekin aurrera egitea. Mikel Atxega, Antton Aranburu, Luis Aranberri Amatiño eta Nikolas Aldai batu zituen berak lantaldera; zuzendaritzako gainerako kideek osatu zuten taldea. Ageriko talkak izan zituen berripaper horretan. Gutxietsita ikusi zuen euskara sarri, eta bakarrik ikusi zuen bere burua haren presentzia handitzeko borrokan. «Arazo nagusia zen erredakzioburu guztiak, eta inguruko teknikoak, Gaceta-tik etorriak edo ekarriak izan zirela, eta nahiz eta euskaran neuk agindu, erabakiorrak hauek ziren», adierazi zion Torrealdairi. Etsipena handiagotu zioten hark Deia-ren azalerako proposatutako bi gai kontuan hartu ez izanak; Fernando Aire Xalbador bertsolariaren heriotza izan zen bata, eta Telesforo Monzon politikari abertzalea erbestetik Euskal Herrira itzuli izana bestea. Biak egunkariko azaletik kanpo geratu ziren.

Iñaki Oregi, Juan Ajuriagerra eta Martin Ugalde, egunkari bat eskuetan dutela, Gipuzkoako Foru Aldundian, 1977an. JAKIN ETA MARTIN UGALDEREN FAMILIA

«Inork askatu ez duen korapilo batekin» egin zuen topo Ugaldek Deia-n, Azurmendiren ustez: «Nola txertatu euskara nagusiki gaztelaniazkoa den hedabide batean?». Galdera horren bueltan kazetari asko ibili izan direla dio, bera barne, eta «ondorioa» berbera izan ohi dela: «Edo paradigma aldatzen da erabat eta hedabideak onartzen du euskara eta gaztelania berdin erabiltzea, edo porrotera zoaz». Alde egin zuen Ugaldek. «Nire ikuspegia da, hein batean, errealitatearekin egin zuela topo». Ahalegin elebidunak usu dakarren ezinarekin: «Azkenean, konturatzen zara zure lana bigarren mailakoa eta subsidiarioa dela». Uste du horrek eragina izan zuela aurrerago hartu zituen erabakietan.

Erabakigarriak izan ziren bi ezezko jaso zituen Ugaldek, Iztuetaren arabera, euskarazko kazeta bat lortzeko bere «ametsean». Ajuriagerrak emandakoa bata: «Alderdi agerkariaren ardura zuenean, euskarazko egunkari bat egitea proposatu zuen; gaietan zabala, eta euskaldun guztiak hartuko zituena. Baina Ajuriagerrak esan zion ez zela momentua». Esan du Deia-ko zuzendariorde zenean ere proposatu zuela euskarazko egunkaria, eta orduan ere itxi ziotela bide hori.

Deia egunkariko jarduna utzita, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak zuzendari izendatu zuen, euskara arloan. Euskarazko literaturari emandako urteak izan zituen, halaber, 1980ko hamarkadaren lehen erdikoak, eta zenbait sariketa irabazi zituen.

Istilutik aparte

Politikaren lehen lerroa utzia zuen EAJren barruan banaketa izan zenerako. Haustura hartan, «Carlos Garaikoetxearekiko leialtasunez» aritu zen Ugalde, Iztuetaren esanetan. Hala, 38 urtez EAJn izandako militantzia utzi zuen, eta EAn afiliatu zen. «Bera istilu horretan ez zen sartu, baina leiala izan zen, eta Eusko Alkartasunako karneta hartu zuen». Aterik itxi gabe inorako, inorentzat: «Lagunak zituen alde guztietan. Eta euskara tartean baldin bazegoen, hori jartzen zuen politika guztien gainetik». Hezkuntza sailburuaren kargua izan zuenean Ugalde bisitatzera maiz egiten zuela kontatu du Iztuetak, eta usu aurkitu zuela han babesa, neurriz pentsatutako hitzekin beti. «Asko entzuten zuen. Umila zen, asko irakurtzen zuen, eta berak esaten zuena bere esperientziatik esaten zuen. Aholku onak ziren, berak asko bizi izan zuelako».

Jarraitu irakurtzen: 4. Atala. Ametsa gauzagarria zen lekura.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.