Pastor
DARWIN ETA GU

Erizaina, xiringa eta...

2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Alderdian izandako «gehiegizko maskulinitatea» dela eta, barkatzeko eskatu du Andoni Ortuzarrek. Garaiak aldatu diren seinale da EAJko buruaren iritzia. Eta nola, gainera! Ezker abertzalean gertatu dena ere ikusi besterik ez dago. Astelehenean 45 urte bete ziren Altsasuko Mahaia sortu zenetik. 1977ko urriaren 24an eginiko argazkia aro baten testigantza historikoa dugu. Trantsizioaren garaiko gizartearen eta politikaren isla.

Orduko begiek egin zuten argazkia oraingo niniak urratzeko moduko irudia dugu. Seguruena, duela urte batzuk erretratuari begiratu eta joan den mendeko janzkerak eta orrazkerak emango ziguten arreta. 2022. urtean, berriz, beste kontu bat gailentzen da: argazkiko hamasei kideen artean ez dago emakumerik. Zakil festa, Zarauzko lagun batek taberna bat idiskoz beteta zegoenean esaten zuen moduan. 1977an Euskal Herrian bazeuden emakumeak, Altsasuko Mahaia ordezkatzen zuten gizonezkoek bezainbesteko esperientzia politikoa zutenak. Niri bi izen datozkit burura, ordurako borrokan bide luzea egindako emakumeenak. Gizon haiek bezain zailduak ziren diktaduraren kontrako borrokan. Emakume horien arrastorik ez zegoen Altsasun. Inguruan ibiliko ziren, dudarik ez. Argazkian, ez.

Nabarmen egin dugu aurrera, baina arlo teorikoan praktikoan baino dezente gehiago izan dela esango nuke. Izan ere, lehengo diskriminazioak bizirik dugu hainbat lekutan. Bestelako moduak ditu; hobeto mozorroturik dago. Lehen, epe laburrean umerik izan behar ote zuen galdetzen zioten emakume gazte bati enpresa batean kontratatu aurretik. Zuzenean. Orain norekin bizi den galdetzen diote. Bikotekidearekin bizi bada, arriskua: neska laster ama izan daitekeela pentsatuko dute, beharbada. Zergatik jakin behar du enpresak norekin bizi den 25 edo 30 urteko emakume bat bere lan-taldean onartu baino lehen? Gizonezko bati halako galderarik egingo lioke? Ez da berdina, baina hura ere aita izateko irrikan egon liteke. Eta gero aitatasun baimena oso-osorik hartu. Eta luzatu, gainera.

Beste adibide bat: hortz-klinika batean lan egiteko iragarkia ikusi du neskak. Bertara deitu du, informazio eske. «Zure ahotsa oso gustukoa dugu. Gaztea ematen duzu», esan diote. Argazki bat bidaltzeko eskatu diote gero. Neskak, autoestimua altu, espektatibak beteko lituzkeela uste du. Hala ere, hortxe utzi ditu. «Hartu dezatela beste haragi puska bat». Neska pinpirinik gabe geratu da osasun arloko enpresa. Inoiz ez dute pentsatu hortz-kliniketan eta antzeko lekuetan emakume heterosexualak gusturago joango liratekeela artatzera Brad Pitt gaztetakoa bezalako morroi batek hartuko balitu sarreran? Klinika horien jabeen arabera, soil-soilik gizonezkoek dute ezkutuko desio edo fantasiarik? Emakumeek ez?

Hori guztia aurton gertatu da. Ondo da gehiegizko maskulinitatea salatzea, baina ezin da haratago joan? Nork aginduko die enpresen arduradunei sexismoa, matxismoa eta babosismoa baztertzeko? NANean egoera zibila jadanik ageri ez bada, nor da pertsona bat norekin bizi zaren galdetzeko? Non bizi zaren, agian bai, distantziak lan motari eragiten badio. Baina norekin bizi zaren? Nork erantzungo dio nagusiari zer ardura dion bere aurpegia eta gorputza nolakoak diren jakiteak?

Legeak lege eta arauak arau, diskriminazioak bere horretan dirau. Klixeak ere bai. Arlo guztietan izaten da. Jokaera agerikoagoa dugu andrazkoen lanbidetzat jotzen ditugun postuetan. Erizainen kasuan, esaterako. Badirudi erizain guztiek emakumezkoak izan behar dutela. Eta atseginak. Oso.

Ez da beti horrela izaten, ordea. Ebakuntza txiki bat egin zidaten egunean jabetu nintzen. Anestesia jasotzeko nengoela dardarka hasi zitzaidan gerria. «Beldurra, e? Oso balienteak zarete taldeka joaten zaretenean, baina bakarka ez duzue ezer ere balio», esan zidan erizainak, burlati bezain zakar. Isildu egin nintzen. Zer egin behar nuen, ba? Esku batean operatu beharreko organoa zuen; bestean, xiringa. Ez nuen salaketarik jarri.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.