Pilota eta surf selekzioei nazioartean lehiatzeko bidea eman diete Madrilen

EAJk eta PSOEk Kirolaren Legearen inguruan lortutako akordioaren barruan dago. EH Bilduk nabarmendu du «aurrerapauso txiki bat» dela, eta galdetu du zergatik ez den beste kiroletara iristen

Miarritzen jokatzen ari den pilotako Munduko Txapelketa dela-eta duela egun batzuk pilotariek ofizialtasuna eskatzeko Durangon egindako agerraldia. RAUL BOGAJO / FOKU.
Julen Etxeberria - Ainara Arratibel Gascon
2022ko urriaren 26a
00:00
Entzun

EAJk eta PSOEk ituna egin dute Kirolaren Legearen inguruan, eta zehaztu egin dituzte selekzioek nazioartean ofizialki lehiatu ahal izateko bete beharreko baldintzak. Testuaren arabera, «autonomia erkidego» bateko selekzioak nazioarteko txapelketetan lehiatu ahalko dira, kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzen badu eta «automia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortu bazen. Hala, euskal surf eta pilota selekzioek baldintza horiek betetzen dituzte, eta lehen urratsa egin dute bi horiek nazioartean lehiatu daitezen. Espainiako aurrekontuak negoziatzen ari dira Madrilen, eta horren testuinguruan lortu dute akordioa. Edonola ere, bi alderdien arteko inbestidura akordioan jaso zuten selekzioei bidea emateko puntua.

Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidentea «pozik» agertu zen. «Euskal kirolarentzat egun historikoa da, baita parte hartze hori aldarrikatzen dugun herritarrontzat ere. Urrats handi, garrantzitsu, sinboliko eta praktiko bat egin da. Oraingoz bi kiroletan lortu dugu. Orain arte bezala, surfeko eta pilotako federazioek alboan izango gaituzte nazioarteko txapelketetan parte hartzeko aukera hori ahalik eta azkarren eta berme guztiekin gauzatu dadin».

Ortuzarrek irakurri zuen zuzenketaren testua. «Gaurko akordioak erakusten du euskal selekzioen ofizialtasuna benetan aintzat hartzen duela EAJk. Balio erraldoia ematen dio zuzenketa hau onartu izanari». Surfeko Euskal Federazioa nazioartekoaren parte izan zen Espainiako Federazioa sortu aurretik, Ortuzarrek gogorarazi zuenez. Era berean, pilota Euskal Herrian sorturiko kirola da, eta lurraldearen izena duela nabarmendu zuen.

Bestalde, berretsi zuen lanean jarraituko dutela aitortza hori «diziplina guztietara» irits dadin. «Pausoz pauso goaz, baina gaurkoa ospatzeko eguna da. Izan ere, orain arte posible ez zena posible bihurtu da, eta hori pozgarria da guretzat», esan zuen Ortuzarrek.

EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua ere mintzatu zen gaiaz, Kirol Legearen inguruko eztabaidan. «Zergatik bi kirol horiek bai eta beste batzuk ez?», eta PSOEko ordezkariei mintzatu zitzaien: «Agian kirol horietan egitea utziko diguzue zuentzat bigarren mailakoak direlako, ez zaizkizuelako inporta. Guretzat garrantzitsuak dira». Eta beste galdera bat egin zuen. «Futbolean jokatzeko espainiarrak izan behar dugu, eta pilotan aritzeko euskaldunak?».

Nabarmendu zuen «aurrerapauso txiki bat» eman dela. «Baina hortik aurrerako bidea estua eta luzea da. Izan ere, bi kirol horietatik harago, dena da Espainiako selekzioa». Pilotaren kasuan, gogorarazi zuen parte hartze hori betetzeko nazioarteko federazioak bere estatutuak aldatu beharko dituela. Eta oharra egin zuen: «Gure herrian oso sentitua da aldarrikapen eta eskakizun hau; kirol jarduera guztietarako egiten dugu, Barakaldotik Tuterara. Beraz, ez espero gure baiezko botoa, aldarrikapen historiko eta transbertsal hau ukatzen ari zaigu eta».

«Sekulako berria da»

«Oso-oso pozik nago. Urte asko eta asko egin ditugu hau lortzeko borrokan, eta lan nekaezin horren ondorioa da hau. Herriak egin du lana, eta herriaren lorpena da. Inork ez dezala bere gain hartu, etekina hartzeko», esan zuen Martxel Toledo Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko (ESAIT) kide izandakoak. Pilotari ohia izanik, ezin zuen ezkutatu «ilusio berezia» egiten diola pilotan ofizialtasuna lortu izanak. Hala ere, zehaztu zuen ikusteko dagoela ea erabakiak zein ondorio izango dituen. Baina argi zuen: «Lehen urratsa da, handia».

Toledoren arabera, akordioak agerian uzten du haiek «beti» azpimarratu zutena: «Arazoa ez da juridikoa, politikoa baizik. Ados jarri dira politikariak legea aldatzeko eta, horri esker, aukera hau izateko. Ospatzeko eguna da».

Pozarren mintzatu zen Iera Agirre pilotaria ere. Hark irakurri zuen ofizialtasunaren aldeko agiria, hilaren 12an Durangon egindako agerraldian (Bizkaia). «Ikusteko dago akordioak zein ondorio dituen, eta nola geratzen den nafarron egoera. Baina ikaragarria litzateke euskal selekzioa nazioartean ofizialki lehiatzea. Bizitza guztia daramagu hori eskatzen, gure kasuan pilotan, eta sekulakoa litzateke asmo hori gauzatzea; ametsa betetzea litzateke. Egia esan, ez nuen itxaropen handirik; uste nuen ez zela posible izango. Iraganean indar handiagoa izan du selekzioaren aldeko aldarrikapenak, eta ez da asmo hori gauzatu. Baina, zorionez, orain iritsi da, eta oso pozik nago. Berri oso pozgarria da euskal gizartearentzat». Aukera izan du Miarritzeko Munduko Txapelketan aritzeko, frontball-ean, baina, dioenez, sentimendua ez da bera: «Euskal selekzioak aukeratu izan banu Munduko Txapelketa jokatzeko, ez nuen zalantza egingo».

Kike Zurutuza Euskal Herria Kirola elkarteko ordezkariak, berriz, hiru puntuko balorazioa egin zuen. «Batetik, pozik gaude, urrats txikia edo handia izan arren, guk nahi dugun norabidean doalako. Baina, bestetik, zuhurtziari eutsi nahi diogu. Ez dakigu zehazki zer dagoen akordio horren atzean. Askotan, eta batez ere politikan, lerroburu handiak ematen dira, eta gero ez dago ezer horren atzean. Ikusi nahi dugu zer dagoen akordioaren atzean. Azkenik, deia egin nahi diegu beste kirol federazioei, haiek ere ofizial izateko eskaera egin dezaten. Mahai gainean egon behar du eskaera horrek, ekuazio politikoan sartu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.