KRITIKA. Donostiako 56. Jazzaldia

Izarren gaua

Kenny Barron All Star Quartet, ostiralean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun

Marco Mezquida: 'Talismán'; eta Kenny Barron All Star Quartet



Lekua: Trinitate plaza, Donostia. Eguna: Uztailaren 23a.

Berriro dugu gure artean Marco Mezquida (Menorca, 1984). Musika freskoa dakarkigu, gaurkotasun handikoa; garai txar hauetan hain premiazkoa duguna. Talismán izeneko diskoa aurkeztera etorri da. El cielo en tus brazos-ekin hasi du kontzertua, eta, jarraian, No passis pena jo dute musikariek aurkezpen gisa: Menorcan erabiltzen den esaldi bat omen da No passis pena. Esanahia, dena igaroko dela, baita okerrena ere. Martin Melendezek lagundu dio biolontxeloarekin, Moskun jaiotako kubatarrak; txeloarekin ohikoak ez diren jokoak eta erritmoak egiten ditu. Txeloa gutxitan ikusi dugu klasikoa deritzon musikatik at. Eta berritzaile agertzen zaigu. Ondoren, Melendezentzat espresuki sortutako musika jo dute, Carpe diem izenekoa. Mezquidak bizitza egunean gozatzea proposatu du, unean gozatzea. «Egunero, egun txarrenean ere, opari bat eman diezaiogun geure buruari», esan du, «oparitxo bat egunero, musika pittin bat, bonboi txiki bat, txupito bat, maitasuna egin, edo onanismoa... Nahi duguna, baina goza dezagun egunero». Jazza eman digu gozatzeko, bai, baina galbahetuta. Alde batetik, Granados, Albeniz eta, nola ez, Ravel aipatu ditu. Hain urruti ez ditugun pianorako musika egile bikainen esentziak jaso ditu, eta lurrinak gure artean zabaldu, musika zoragarri eta berritu batean bihurtuta. Vientos Eliseos-ekin jarraitu dute, Eliseo Parra iberiar folklore eta musikaren ikertzaile sutsu, nekaezin eta sortzaile bikainari eskainia.

Aleix Tobiasek lagundu dio perkusioarekin oraingoan ere. Oso trebea da; pandero sinple batekin, gai da erritmo eder eta jostagarriak sortzeko. Perkusio etnikoan ikertzailea da, baina berak sortzen duena harago doa. Sakona, sotila eta dotorea da bere musika. Kontzertu ederra, sortzailea eta atsegina, Talismán delako hau.

Thelonious Monken Green Chimneys jotzen hasi du kontzertua Kenny Barronen laukoteak. Barron (Filadelfia, AEB, 1942) musikari zaildua da. 20 urterekin hasi zen Gillespierekin jotzen; egun, 78 ditu, eta oraindik jarraitzen du han eta hemen beebop musika zoragarria zabaltzen. Jazz heldua, nolanahi ere; sakona. Musikari bikainez inguratuta etorri da.

Steve Nelson bibrafonista estatubatuarrak lagundu dio, Modern Jazz Quarteten bertsio berritu baten ukituarekin. Energia eta kemen handia du gizon ihar horrek, teknika dotorea, eta indarra ematen dio gehienetan. Aitzitik, batzuetan erabat sotil eta leun jardun du.

Jonathan Blake, baterian, bikain. Harrigarria da nola dagoen une oro, zein azkar, arin eta indartsu; bateria jotzaile bikaina da, zalantzarik gabe. Soloetan erakutsi du gaur egungo bateria jotzailerik handienetariko bat dela.

Peter Washington kontrabaxu jotzaileak osatu du laukotea. Solo bikainak egiteaz gain, moldakor eta sendo aritu da, laukoteari behar duen bultzada garrantzitsua ematen. Ibilbide oparoa du Washingtonek, eta bere lana eskertzekoa da, kontzertuaren trena sendo eraman baitu aurrera, teknika ikaragarriaz baliatuta.

Barron sendo aritu da taldean, baina lasaiago eta sakonago bakarka, Billie Holidayri eskainitako kantan eta Song for Abdullah-en, Abdullah Ibrahim omendu duenean, egungo pianistarik onenetariko bat dela goraipatuz.

Kontzertu bikaina, Donostiako Trinitate plazan entzundakoa. Izarrak zeruan eta izarrak oholtza gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.