Koronabirusa

Eskoletako osasun protokoloak «desegokiak» direla salatu dute

Hezkuntzako langileek greba mugimendu zabala egin dute Ipar Euskal Herrian. Mila lagun inguru bildu dira Baionan, Parisek pandemia nola kudeatu duen salatzeko eta baliabideak eskatzeko

Sindikatu nagusiek deitu zuten atzo goizeko mobilizaziora. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Hezkuntzako langileek mobilizazio jendetsua egin dute Baionan, osasun krisia hasi denetik Frantziako Hezkuntza Ministerioa izaten ari den kudeaketa salatu eta baliabide gehiago eskatzeko. Sindikatu nagusiek greba deialdia egina zuten, eta erantzun zabala izan du. Mila lagun elkartu dira Baionako suprefeturaren aitzinean, eta handik Pirinio Atlantikoetako Departamenduko akademia ikuskariaren bulegoetara joan dira. Gutun bat irakurri dute gaur egun posturik gabe diren irakasleen izenean: «30-60 ikasgela inguru ixten dira egunero irakasle ordezkoen eskasiagatik», salatu dute, eta lanpostu batean integra ditzatela eskatu. Christine Bellinek bere kasua esplikatu du: «Akademia ikuskaritzari behin baino gehiagotan eskatu diot postu bat, Pirinio Atlantikoetan eta Landetan, baina ez didate deus ematen. Bitartean, erretiratuak deitzen ari dira», salatu du.

Hezkuntza komunitatearen haserrea handituz joan da azken hilabeteetan, eta Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak agindutako azken protokoloarekin lehertu egin da. Besteak beste, ikasgela batean COVID-19 kasu positibo bat detektatuz gero, ikasleek hiru test egin behar dituzte lau egunean, eta lehenengo test negatiboarekin itzultzen dira ikasgelara. Irakasle anitzek erran dute horrek kudeaketa zaildu duela.

«Orain arte, haur bat positibo zelarik, etxera bidaltzen genituen, denak testatzen genituen, eta hiru positiborekin gela ixten genuen. Bazituen desabantailak, baina, bederen, argi zen», esplikatu du Patxi Tikoipe Bidarteko (Lapurdi) eskola publikoko irakasleak. «Hor, haurrak etxera bidaltzen ditugu, eta berriz heldu dira. Handik bi egunera berriz testatu, lau egunera berriz testatu... etengabe joan-etorrian ari dira. Ezin dugu lan serios bat egin haurrekin». Amaia Lafitte Uztaritzeko (Lapurdi) ikastolako irakasleak ere erran du «biziki pisua» dela: «Kudeatu behar dira kasu positiboak, kontaktu direnak, eta etxean diren haurrak ere segitu behar dira. Biziki konplikatua da».

Sindikatuen hitzetan, hezkuntza komunitate osoa «nekatua eta sumindua da». «Egoera kaotiko honetan, [Frantziako] Hezkuntza Ministerioaren erantzukizuna erabatekoa da, etengabeko aldaketen, atxiki ezinezko protokoloen eta hezkuntzaren funtzionamendua bermatzeko baliabide faltaren ondorioz». Salatu dute epidemia «anplifikatu» bada ereeskolak ez duela «babes antolaketarik» ikasleen, langileen eta familien «segurtasuna bermatzeko». Erran dute Paristik agindutako azken protokoloak «anitz zaildu» dituela ikasketa baldintzak, eta lan baldintzen «okertzea» deitoratu dute.

Grebalarien iritziz, ezinbestekoa da hezkuntzako langile gehiago kontratatzea. Ikasgeletarako ekipamendua ere eskatu dute: Frantziako Estatuak ordaindutako CO2 neurgailuak, norberak egiteko testak eta FFP2 maskarak nahi dituzte irakasle guzientzat, maskarak ikasle guzientzat eta eskuak garbitzeko gela. Eskoletako osasun langile gehiago behar dela ere aldarrikatu dute ehunka lagunek, protestan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.