Gerra Ukrainan

NATOk berretsi du «behar beste denboraz» lagunduko diola Ukrainari

Aliantzaren helburuetako bat da Putinek «irabazten ez duela bermatzea». G7ko herrialdeek adostu dute Ukrainako gerra krimenen ikerketak koordinatzeko sare bat egitea

Mikel O. Iribar - Igor Susaeta
2022ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek berretsi zuen atzo Mendebaldeko aliantza militarrak Ukraina babesten jarraituko duela. «Ez dugu atzera egingo. Behar beste denboraz lagunduko diogu Ukrainari», nabarmendu zuen Bukaresten, aliantzako estatuetako Atzerri ministroen bilerara heldu zenean. Errumaniako hiriburuan batzartu ziren, eta gaur ere bilduko dira, negua datorren honetan, eta Errusiako armadak herrialdeko azpiegitura elektrikoei egiten dizkien etengabeko erasoak ikusita, Ukrainari ematen ari zaizkion laguntza militarra eta humanitarioa handitzeaz eztabaidatzeko.

Stoltenbergen arabera, NATOk Ukrainari laguntza emateaz gain, aliantzaren helburuetako bat da Errusiako presidente Vladimir Putinek «irabazten ez duela bermatzea». Idazkari nagusiak azpimarratu zuen «Ukrainak gudu zelaian aurrera egitea» izango litzatekeela bi aldeen arteko elkarrizketak hasteko «modu bakarra». Reuters berri agentziak kaleratu zuenez, Mendebaldeko erakundea presio egiten ari zaie armak ekoizten dituzten enpresei, ekoizpena bizkortu dezaten, hornidura arazoak handitzen ari baitira. Stoltenbergen hitzen harira, Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak Bukaresten nabarmendu zuen atzo armak emateko prozesua «azkartu» behar dela.

Ukrainari bidaliko dioten laguntza sortaren inguruko xehetasunak eman zituzten berri agentziek, iturri diplomatikoak aipatuta; besteak beste, eskudirua, elektrizitatea igortzeko ekipamendua, eta droneen aurka jarduteko arma eta munizio gehiago. NATOko herrialdeetako Atzerri ministroek adierazpen batonartu zuten atzo, eta, hala, Ukrainari laguntzeko konpromisoa berretsi.

Horiek horrela, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik azpimarratu zuen atzo Errusiako armadaren «eraso gehiago» espero dituela, joan den asteko bonbardaketen adinakoak. Zelenskiren esanetan, eraso horiek gutxienez bost milioi pertsona utzi zituzten berogailurik, urik edota elektrizitaterik gabe. Hain justu, Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko Ukrainarako ordezkari Denise Brownek ohartarazi zuen herrialdearen hegoaldeko egoera «larria dela», ur eta elektrizitate faltagatik; batez ere, Kherson eta Mikolaiv probintzietan.

Ukrenergo Ukrainako operadore elektriko nazionalak jakinarazi zuen atzo «energia defizita» %30 ingurukoa dela herrialdean; hau da, aurreko egunetako baino apur bat txikiagoa.

Hamabi milioi tona labore

Finlandiako, Suediako eta Turkiako Atzerri ministroek Bukaresteko bilera erabiliko dute, hain zuzen, Eskandinaviako bi herrialde horiek NATOrekin bat egiteko duten aukeraz eztabaidatzeko. Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak NTV kateari adierazi zionez, «ontzat» jo du Helsinkik eta Stockholmek aliantza militarrean sartzeko Ankarak eskatutako neurriak «aintzat hartzea» eta horietan «aurrerapausoak» ematea. Dena dela, ohartarazi zuen Suedia dela ezarritako baldintzak betetzeko «arazo gehien» dituen herrialdea. Horrekin lotuta, Stoltenbergek defendatu zuen Finlandia eta Suedia eskatutakoa betetzen ari direla, eta jakinarazi zion Ankarari kurduen estradizioez Suediako auzitegiek erabaki behar dutela.

Eta, gerrarekin lotuta, G7 taldeko herrialdeek atzo adostu zuten sare bat sortzea, Ukrainan egindako gerra krimenei buruzko ikerketak koordinatzeko. Munduko herrialde industrializatuenetako Justizia ministroek hartu zuten atzo erabaki hori, Berlinen bildu eta gero.

Bestalde, Turkiako Gobernuak atzo jakinarazi zuenez, abuztuaren 1az geroztik hamabi milioi tona labore esportatu dituzte Ukrainako portuetatik, berriro handik zerealak esportatu ahal izateko Kieven eta Moskuren arteko akordioa indarrean sartu zenetik. Turkia eta NBE Nazio Batuen Erakundea dira bitartekariak itun horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.