Donostiako 69. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Tortura erromantikoa

Mikel Zumeta.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
'Vous ne désirezque moi'

Zuzendaria: Claire Simon. Herrialdea: Frantzia.Iraupena: 95 minutu.

Ez zaitezte nahastu izenburuarekin, Claire Simonek zuzendu duen azken lana ez delako pastiche erromantikoa, kontrakoa baizik. Zinemagileak dokumentala, dokufikzioa eta cinéma vérité-aren mugetan dabiltzan lanak proposatu izan ditu. Oraingoan, Marguerite Duras idazle frantsesaren maitale izan zen Yann Andreari bere garaian egindako eta kaseteetan gordetako elkarrizketetan oinarritu da, eta elkarrizketa horien eszenaratzea eskainiko digu.

Simonek zineman bahituko gaitu, eta protagonistak —Yann Andreak— bere bizipenak azaltzen dituen bitartean, adreiluzko horma erraldoiak eraikiko dizkigu pantailaren hiru alboetara, alde egin ez dezagun. Libre geratuko den alde bakarra pantaila izango da, beraz, eta bertan, Andrearen aitortza. Filmetik mentalki ihes egitea izango da ihesbide bakarra. Protagonista, bitartean, bere bizipenez ariko zaigu etenik gabe, ia denbora guztian egongela geldi batean. Ordu eta erdi iraungo duen testigantza izugarria.

Filmak arrisku asko hartzen ditu formalki. Guztiz estatikoa izango da ia, bi bloke nagusitan banatua, bi elkarrizketa, bi deklarazio itogarri. Estatikotasun izugarri hori guztia artxibo irudiekin osatuko du zuzendariak, eta esperientzia arinagoa egingo duten beste baliabide gutxi batzuk ere erabiliko ditu, guztiak interesgarriak eta ezinbestekoak etxe hartako izugarrikeriatik aldendu gaitezen, arnasa egiteko.

Simonek bortxaz eramango gaitu Durasek bere maitalearekin erabili zuen indarkeriaz jabetzera, denbora errealean entzun dezagun mututua, ezabatua eta ukatua den pertsona despertsonifikatuaren aitortza. Aitortza hori jasan dezagun. Simonen biolentziak asaldatuko gaitu, eta ihes egitearen beharra izan dezakegu, edo, akaso, liluratu egingo gaitu, maitasuna heriotza delako, betiere Durasen hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.