Olivia de Havilland

Hollywoodeko urrezko aroko azken izarra

Estudio handiek eraiki zuten Hollywood klasikoaren ordezkaria izan zen Olivia de Havilland, baita estudio horiek berek aktoreei ezartzen zizkieten baldintzen kontra egin zuten lehen izarretako bat ere.

IAN LANGSDON / EFE.
mikel lizarralde
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Hollywoodeko garai loriatsuaren ordezkari nagusietakoa izan zen Olivia de Havilland (Tokio, 1916). Estudio handiek zinemaren makineria guztia gidatzen zuten aroan eta star-system-a puri-purian zegoela, haren izena letra larriz ageri zen parte hartzen zuen film bakoitzean. Eta, hala eta guztiz ere, sistema horren beraren eta aktoreei ezartzen zizkien kontratu hertsien kontra altxatu ziren lehen aktoreetako bat ere izan zen De Havilland. Antzezlea larunbatean hil zen, Parisen, Hollywood klasiko haren azken ordezkari bilakatuta, otsailean Kirk Douglas hil ondoren. 104 urte zituen.

De Havillanden izena beti azaltzen da Gone With Wind filmari lotuta (Victor Fleming, 1939), nahiz eta haren jarduera askotarikoa izan zen eta hamaika generotako lanak egin zituen. Gone With The Wind-en itzala luzea da, baina, Metro Goldwyn Mayer ekoiztetxearen produkzioa inoizko film handiena izateko asmoarekin berarekin jaio baitzen. Film hartan Scarlett O'Hara protagonistaren rola betetzeko aukera izan zuen arren, nahiago izan zuen Melaniarena bete, eta horrek Oscar sarietarako lehen izendapena eman zion, bigarren mailako aktore gisa. «Nahiago ditut neska onen rolak, aktore gisa gehiago eskatzen dizutelako. Gaiztoen rolek aspertu egiten naute». Ez zuen saria irabazi, baina AEBetako sezesio gerran girotutako drama hark izar bilakatu zuen ezbairik gabe.

Ordurako, aktore ezaguna zen De Havilland, batez ere Warner Bros major-arentzat egindako abentura filmengatik. Alibi Ike (1935) izan zen egin zuen lehen lana, baina Captain Blood (1935) Michael Curtizen esanetara filmatutako pelikulak bihurtu zuen ezagun. Abenturazko film hartan, Errol Flynn izan zuen lagun, eta zenbait urtez luzatuko zen bikote zinematografikoaren lehenengo lana izan zen. Gero iritsiko ziren The Charge of the Light Brigade (1936), The Adventures of Robin Hood (1938), Dodge City (1939), The Private Lives of Elizabeth and Essex (1939) —guztiak Curtizek zuzenduak—, eta Raoul Walshen They Died with Their Boots On (1941).

Joan Fontaine aktorearen ahizpa zen De Havilland, eta 1941n Oscar sarietarako izendatu zituzten biak. De Havilland, Hold Back the Dawn filmagatik (Mitchell Leisen); Fontaine, Alfred Hitchcocken Suspicion lanagatik. Sari nagusia Fontainerentzat izan zen, eta, handik gutxira, elkarri hitz egiteari utzi zioten.

1940ko hamarkadan, bere garairik onena izan zuen De Havillandek. Lau aldiz egon zen Oscar saria jasotzeko hautagaien artean, eta 1946an lehendabizikoz jaso zuen, To Each His Own I. Mundu Gerran girotutako draman egindako lanagatik. Handik lau urtera, berriro altxatu zuen garaikurra, Wiliam Wylerren beste drama bati esker: The Heiress. Hamarkada hartan beste hainbat film aipagarri egin zituen, haietako pare bat zinema beltzaren kodeekin jokatzen zuten suspensezko lanak: The Dark Mirror eta The Snake Pit.

Baina 1940ko hamarkada beste arrazoi batzuengatik ere izan zen garrantzitsua De Havillandentzat. Garai hartan, Warner Bros etxearekin zuen kontratua, eta 1943an haren kontra egin zuen, sinatutako kontratuaren baldintzak aktorearentzat bidegabeak zirelakoan. Bi urte geroago, epaitegi batek arrazoia eman zion aktoreari, eta epai horrek berak aldarazi egin zituen estudioen eta izarren arteko harremanak.

1950eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, De Havilland film gutxiago egiten hasi zen, Parisera bizitzera joatearekin batera. Nolanahi ere, artean hainbat film egin zituen: The Proud Rebel (1958) westerna, Not as a Stranger drama, eta, guztien gainetik, Hush...Hush, Sweet Charlotte (Robert Aldrich, 1964), Bette Davisekin batera.

Handik aurrera, telebistarako lan apur batzuk baino ez zituen egin, The Woman He Loved (1998) telefilmarekin bere ibilbide zinematografikoa amaitu baino lehen.

1965. urtean, Cannesko zinema jaialdiko epaimahaiko presidentea izan zen. Zeregin hori eman zioten aurreneko emakumea izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.