Gorka Azkarate.
IRITZIA

Elkar elikatuz

2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Txapelketa hasi aurretik lan ona egin zezaketen bertsolariez galdetzen hasita, bertsozale askoren ahotan zebiltzan Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaranen izenak. Oraindik asko falta da abenduko zita nagusirako, eta edozer pasa liteke, baina Gotaine-Irabarnen bai batak eta bai besteak emandako erakustaldiak bien hautagaitza berretsi baino ez zuen egin. Erakustaldi horren adibide, elkarrekin 8ko nagusian osaturiko ofizio ederra, batak bestearen esana osatuz onduriko elkarrizketa borobila, behin baino gehiagotan entzun edo bertso eskoletan eredu bezala jartzeko modukoa. Askotan esan izan da asteroko plazan ikusten denaren ispilua dela, neurri batean, txapelketa, eta azken boladan plazetan egiten ari diren jardunari segida eman zioten Ibartzabal eta Iguaranek Gotainen. Oso goitik joan zen larunbateko saioa, edozein kasutan; badira egunak zeintzuetan bertsolarien jardunak eta publikoaren jarrerak erabateko komunioa lortu eta elkar elikatzen duten, saioaren kalitatea esponentzialki biderkatuz. Halako zerbait gertatu zen larunbatean. Horrela, Ane Labakak eta Julio Sotok ere puntu pila ederra zakuratu eta finalerdietan kantatuko dute, olatura igota eurenetik asko eman eta gero. Eneko Lazkoz eta Patxi Iriart sailkapenean atzeraxeago geratu baziren ere, ez zuten kolpea emateko aukera alferrik galtzen utzi, aukera izan zuten guztietan.

Gasteizko saioak ere, bere aldetik, eman zuen zeresanik: ez zen saio bereziki dirdiratsua izan, eta une askotan pausa pixka bat ere falta izan zitzaion agian. Zenbait unetan, bertsolariak estropezuka bezala sumatu genituen, baita ofizio batzuetan euren burua egoki kokatzeko zailtasunekin ere. Anabasaren erdian Haritz Mujikak eman zion argitasuna arratsaldeari; umea zenetik bere bilakaera gertutik jarraitu dugun bertsozaleok espero genuen, txapelketan parte hartzeko aukera izanik, koxka bat gorago egin zezakeela, eta egin zuen. Nola, gainera! Patxada harrigarriz eta modu erabat sinesgarrian josi zituen bertsoak bata bestearen atzetik, umore zentzuduna erabiliz hala behar zenean, eta entzuleak hunkituz une askotan. Erreferentzia gaurkotuetan oinarrituriko bertsokera freskoa, azken finean, belaunaldi berria deitzen dioten bertsolari talde horretako beste kide ilustre bat gehiago.

Miren Artetxek bere mundu ikuskera berezia berriz ere bertsotara eraman zuen, zenbait bertso eder oparituz entzuleari, baina saio erabat borobila jostera iritsi gabe. Aukera serioak ditu aurrera egiteko; zain egon behar, ordea. Iban Urdangarin ahalegindu zen, ahalegindu zenez, bere bertso bakoitza Soberano tantez bustitzen, baina ez zuen beti lortu. Ganbarako lanean ibili zen bere bertsio onenetik gertuen, eta aretoa lehertu zuen ariketa horretan. Bere azken agurrari despedida usaina zerion arren, oraindik ere badauka ataundarrak finalerdietan oholtzara igotzeko aukerarik. Zailagoa dauka Xabat Galletebeitiak, ezinezko errimak ekarri eta bertsoak josteko daukan abilezia agerian utziagatik, beste behin ere. Bere saioa entzunda kosta egiten da ulertzea zer dela eta tematzen den behin eta berriz betiereko galtzailearen paper horretan sartzen. Amaia Iturriotz izan zen bosgarren Gasteizen; eman zuen beretik tarteka urretxuarrak, baina distortsioa eragin zuten kanpoko elementuengatik batzuetan eta bere irristadek eraginda besteetan, kontua da bere mailatik koxka bat beherago ibili zela saioan oro har. Manex Agirreri dagokionez, atzoko arratsaldea ahalik azkarren ahaztu eta aurrera. Bagoaz poliki-poliki; 2022ko BTNko lehenengo denboraldiko azken bi kapituluak, Donostia eta Lizarran. Nor geratuko da bizirik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.