Nafarroako gobernu akordioa. Zerbitzu publikoak

Bizi duina iparrorratz

Oinarrizko errentak ez du denbora mugarik izango.Alokairua sustatuko dute.Pobrezia energetikoa saihesteko laguntzak, martxan

Hipotekak Kalte Egindakoen Antsoaingo Plataformaren protesta, gehiegizko klausulen aurka. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Gizarte zerbitzuak ziurtatu nahi ditu Nafarroako Gobernu berriak, «elkartasun, justizia eta zuzentasun» printzipioak ardatz, eta, horretarako, herri mugimenduko hainbat eragilek eskatutakoak sartu ditu gobernu akordioan. Garrantzitsuenak, bi: oinarrizko errentaren aldaketa, baldintza malguak ezarrita, eta Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak etxebizitzaren karietara proposatutakoak, alokairua bultzatzeko eta kaleratzeak saihesteko. «Herritarrek galdutako laguntza berreskuratu» egingo dutela idatzi dute txostenean .

Konpromisoen atalean dauden lau puntuen arteko bat da, hain justu, etxebizitzari dagokiona. Lehenik eta behin, plan estrategiko bat garatuko dutela iradoki dute, eta, erosketa baino gehiago, alokairua sustatuko dutela. Horren harira, etxebizitza kooperatibak hauspotuko dituzte, bai eta alokairu poltsa bat ere.

Plataformak eskatutako gakoen artean dago alokairua familia unitatearen diru sarreren eta tipologiaren araberakoak izatea, eta holaxe bildu dute. Horrez gain, orain arte ez bezala, ez dira erroldatze urteak aintzat hartuko bizitokiak emateko orduan, eta, beraz, aukerak zabalduko dira. Eta zenbaki zehatzez ere mintzo dira: 400 etxe jarriko dituzte alokagai legealdi honetan bertan, 150 lehendabiziko urtean. Prezioak ere izan dira aztergai. Lurraren salneurriak dezente egin du behera azken urteotan —merkatu libreko etxeen prezioa %43 jaitsi da; moduluaren prezioak, berriz, %14,7 egin du gora—. Erantzun bat emateko helburuz, gizarte alokairua arautzeko irizpideak zehaztuko dituzte. Horrekin oso lotuta, bizilekuetako pobrezia energetikoaren inguruan ere egin dute solas. «Gizarte tarifa» ziurtatuko dute, ura, elektrizitatea eta gasa ordain dezaten bazterketa arriskuan daudenek.

Eragileak ados daude

Kontent dira plataformako kideak. Oraindik analisi ofizialik ez bada ere, «oso baikor» daudela adierazi du Hipotekak Kalte Eginikoen Nafarroako Plataformako koordinazio taldeko kide Angel Lagek. «Aurretik, plataformaren konpromisoa sinatua zuten EH Bilduk, Geroa Baik, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k». Ordukoaren segida da oraingoa.

Xehetasun bakar baten faltarik ez dute sumatzen, baina bada «ahalik eta azkarren» ezartzea nahi duten puntu bat: pobrezia energetikoaren aurkakoa. «Hotza egingo du laster, eta premiazkoa da», adierazi du. Halaber, gobernuko partaide berriekin laster bilduko direla iragarri du. Oinarrizko errentarena da lorratza utziko duen beste neurrietako bat. Urtebeteko erroldatzearekin aski izango da —orain bi dira—; ez du izango denbora mugarik, oraingoak ez bezala; eta zenbatekoa familiaren lagun kopuruaren eta egoeraren arabera kalkulatuko da.

Oinarrizko Errentaren Aldeko Taldeak egun indarrean dagoena «dezente» hobetzen duela esan du. Are zorrotzago behatu dio akordioari taldeko kide Javier Urrozek. «Denbora mugarena oso garrantzitsua da, eta, gainera, paperik ez daukatenek ere kobratu dezakete; hori oso pozgarria da». Era berean, etxebizitza ordaintzeko laguntza eta oinarrizko errenta bereizita egongo dira, eta horrek gauzak «erraztu» egingo ditu, haren ustetan. Gatazka sortzen duen puntu bakarra errenta jasotzeko adina izango da: oraindik ez dute adostu 18 edo 25 urterekin jaso ahalko den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.