Normaltasunerako itzulera nahasia

Madrilek Sahararen auzian «traizio» egin ondoren, Aljeriako Gobernuak Espainiarekiko harreman komertzialak trabatu zituen. Gauzak bere onera itzultzen ari dira, baina bidea ez da erraza izaten ari.

Aljeriako Banku Nazionalaren bulego bat, Aljer hiriburuan. STR / EFE.
Ricard Gonzalez.
Tunisia
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Aljeriako gasak Mediterraneo azpitik zirkulatzen jarraitzen du Andaluziarako bidean (Espainia), baina normaltasunera erabat itzuli ezinik dabiltza Aljerko eta Madrilgo gobernuen arteko harremanak. Saharako gatazkan Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak 50 urteko neutraltasuna utzi eta Marokoren tesiekin bat egiteak sutan jarri zuen Aljeriako Gobernua, hura baita Fronte Polisarioaren babesle nagusia. Espainiaren «traizioa» ordainarazteko, harekin zuen adiskidetasun ituna hautsi zuen, ekainaren hasieran, eta ordu gutxiren buruan bankuek diru bidalketak eten zituzten. Bi hilabeteko tentsioaren ondoren, giroa baretzen ari da, baina harreman komertzialak ez dira onera etorri.

Azken astean, agerian geratu da Aljeriako Gobernuaren eta hango bankuen arteko erronka, Espainiarekin izan beharreko harremanen harira. Ostegunean, ABEF Aljeriako bankuen patronalak eskutitz bana bidali zien bere kideei, eta hor agindu zien normaltasunez ekitea Espainiako bankuekiko diru fluxuei —ekainaren 9an eten zituzten—. Baina, eskutitz hori kaleratu eta bi egunera, Aljeriako Atzerri Ministerioak ohartarazi zuen Espainiarekiko harremanetan ez zela «atzera-bueltarik» izan, eta ABEFek ez zuela eskumenik Aljeriaren subiranotasunari dagozkion gaietan erabakiak hartzeko.

Aljeriako instituzioen kontraesanezko keinuek kezka handia eragin diete han interesak dituzten Hego Euskal Herriko eta Espainiako enpresei. Espainiako Gobernuak ezin izan die lagundu, BERRIAk jakin duenez, Aljerrekiko harremanak «hautsita» daudelako. «Banku transferentzia bat prest genuen, eta egin ahal izan dugu. Duela astebete merkantzia batzuk atera ahal izan genituen portutik. Uste genuen arazoak amaitu zirela, baina aireportuko aduanetan ez digute baimenik ematen beste bidalketa bat egiteko. Kalbario bat da!», azaldu du Aljerian lan egiten duen azpiegitura arloko enpresa bateko arduradunak.

Baikor dago, ordea, Jamel-Eddin Bou Abdalla, CCIAE Aljeria-Espainiako Merkataritza eta Industria Zirkuluko presidentea. «Jende askorekin hitz egin dut, eta iritzi zabalduena da Aljeriako Gobernuak merkataritza harremanak normaldu nahi dituela. Arazoa da opor betean gaudela, eta arduradun asko ez daudela lanean».

Abuztu erdirako espero du arazoak gainditzea. «Banku batzuk jada ari dira Espainiarekin normal lanean, eta espero dugu gainontzekoak aurki aritzea», azaldu du Bou Abdallak, eta gaineratu du arazo gehien Algexek jartzen dituela, aduana lanak egiten dituen agentziak. Haren ustetan, Aljeriako Atzerri Ministerioaren agiri nahasgarriak ez du ABEFen testua baliogabetzen, harreman politikoei buruzkoa delako, eta ez ekonomikoei buruzkoa.

Otman Lahiani analista aljeriarrak ere uste du merkataritza harremanak normaltzeak ez duela esan nahi gatazka politikoa amaitu denik. «Krisia irekita dago. Bankuen arteko transferentziak baimentzea ez da Madrilen aldeko keinu bat, baizik eta herrialdearen interesak babestea; Aljeriako enpresa batzuk jada antzematen ari ziren osagaiak eta lehengaiak falta zitzaizkiela, eta lanpostu batzuk arriskuan zeuden». Lahianik baztertu egin du ABEFen agiria bankuen matxinada bat izatea, bankuen patronala erakunde sasi-publiko bat delako, eta Finantza Ministerioaren agindu zuzenak jasotzen dituelako.

EBren esku hartzea

Hain da opakoa Aljeriako erregimena, non Espainiarekiko harremanen egoerari buruzko iritzi kontrajarriak dauden. Espainiako iturri diplomatiko batek azaldu du normaltasun komertzialera itzultzeko gakoa Europako Batasunaren erantzuna izan dela. Madrilek Bruselaren laguntza eskatu zuen, eta hark oroitarazi zion Aljerri harreman komertzialak eteteak hautsi egiten zituela Aljeriaren eta EBren arteko akordioak, eta ondorioak izango zituela. Kontakizun horren arabera, erregimenak hilabete eta erdia itxaron zuen harremanei berrekiteko, berez atzera egin zuela ezkutatu nahian.

Espainiako produktuak inportatzen dituzten Aljeriako enpresek salatu dute gas naturalarekin salbuespena egin duela bere gobernuak. Gasbideak beteta egon dira, eta haren inguruko ordainketak arazorik gabe egin dira. Gasa da, berez, Espainiak Aljeriatik inportatzen duen ia produktu bakarra. 2019an, 3.995 milioi dolar izan ziren: Aljeriaren esportazioen %11,15.

Aljeriak Espainiatik inportatutakoak gutxiago dira —2.909 milioi—, baina sektore askotan banatuta daude: erdimanufakturak 1.100 milioi dira; metalurgia, 605 milioi; eta autogintza, 460 milioi.

«Blokeatzeak hilabete eta erdi iraun du. Hiru hilabetera iritsiko bagina, hondamendia izango litzateke. Zaila da hornitzaileak epe laburrean aldatzea. Esaterako, Aljerian kontsumitzen den oilaskoaren %70 Espainiatik dator. Inflazioa jada antzematen da, eta beste haragi batzuetara hedatu da», gaineratu du Bou Abdallak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.