Albistea entzun

Koloretxe, txertorik onena

Susana Andino eta Yolanda Jubeto - Bilboko Galtzagorri talde feminista

2021eko urtarrilak 29

Urtarrilaren 14an, emakumeen etxeen errealitateari buruzko ikerketa bat aurkeztu zen Bilboko Burtsako eraikinean, Bilboko Udaleko Berdintasun Sailaren eskutik. Aurkezpen publiko horretan Galtzagorri, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabaleko emakumeen talde feministaren bi kidek parte hartu genuen. Bilboko feministok urteak daramatzagu Emakumeon Etxe bat aldarrikatzen Bilboko auzo garaietarako eta emakume guztientzat. Hala, 2015etik aurrera, partaidetza-prozesu zabal bat garatu izan dugu, auzoko hainbat talderekin adostua eta partekatua. Prozesu horren ondorioz, txosten bat egin dugu —Koloretxe, guztion etxea—, udaleko alderdi politikoen eta berdintasun-arloaren esku dagoena eta laster eskuragarri egongo dena gure webgune berrian.

Aurkeztutako azterlanak emakumeentzako espazio propioen beharra azpimarratzen du, gure bizi-baldintzetan dakartzaten onurak ikusita; erreferentzia-espazio kolektiboak izateaz gain funtsezko tresna baitira emakumeon emantzipazio-prozesuetan. Ikerketa honen egileek azpimarratu zutenez, «esperientzia hauetako bat ere ez dago krisian, guztiek oso ondo funtzionatzen dute». Izan ere, Euskadin 13 emakumeen etxe ditugu, eta lau bidean daude (Tolosa, Zarautz, Getxo, Hernani). Gainera, Hegoaldeko euskal hiriburu guztietan (Gasteiz, Iruñea eta Donostia) emakumeen etxeak daude, Bilbon izan ezik. Zalantzarik gabe, euskal mugimendu feministaren lorpen bat izan da hori, udaletako berdintasun-arloekin bat eginda. Horixe da Balmaseda, Durango, Arrasate, Azpeitia, Eibar, Errenteria, Ermua, Basauri, Ondarroa, Portugalete, eta lehen aipatutakoen kasua.

Mugimendu feministan adostasuna badago emakumeon etxeen beharrari buruz, eta, Bilboko Udala osatzen duten alderdi politiko guztiek bat egiten badute emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearekin: orduan, Bilbon, zergatik ez dago emakumeen etxerik? Agian arazoa da aurrekontuetan berdintasunera bideratutako dirua oraindik ez dela esanguratsua.

Ezin dugu legealdi bat gehiago igaro Koloretxe eratu gabe, ondoren Bilboko beste auzo batzuetan emakumeen etxe gehiago eraikitzeko, beharrezkoa balitz. Ekipamendu publiko hau inoiz baino gehiago behar dugu gaur egun, pandemia garaian, birus horrek areagotu egin dituen arazoak bideratzen lagunduko digulako: bakarrik bizi diren adineko emakume askoren bakardadea, baldintza duinetan lanik ez duena, diru-sarrerak bermatzeko errenta lortzeko zailtasunak dituena, lehen mailako osasun-arreta eskasa, emakumeen eta haurren aurkako indarkeria matxisten kasuen gorakada. Halaber, etxe askotan eten digital, pobrezia energetiko eta elikadura eskasarekin bizi behar dute, eta horri buelta eman behar diogu. Ildo horretan, emakumeon etxeek antena eta bozgorailu gisa balio dute dauden gabeziak detektatzeko eta horiek konpontzera bideratzeko; izan ere, askotariko emakumeak elkartzeko espazioak dira, konfiantzazko harremanak sortzeko, esperientziak partekatzeko eta elkarrekiko ikaspenak egiteko aukera ematen dutenak, eta sare feministak sortzen dituzte, banakako eta taldeko emantzipaziorako balio digutenak.

Galtzagorrin denbora daramagu Koloretxe Elkartea osatzeko urratsak egiten, eta datozen asteetan aurkeztuko dugu jendaurrean. Lerro hauen bidez, Bilboko emakume feminista guztiak deialdiei adi egotera gonbidatzen ditugu. Pandemiak areagotu duen zainketen eta ugalketa-lanaren krisi hau politika publiko feministekin konpondu behar dugu, baliabide publikoekin eta kudeaketa komunitarioaren bidez; bestela, emakumeen gehiengo zabal bat pobretuago, mendekoago eta askatasun barik bizitzera behartuko dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

M-28ko hauteskundeak: pentsatu beharreko zerbait

Sabino Cuadra Lasarte - Abokatua

Bilera ofizialak, pasabideko bilerak, komunikabideetako azalaren bilatze larria, alkatetza eta presidentetza aunitzi buruzko ezbaia... zurrunbilo horretan murgildurik gara, eta, horrenbertze ahotsen artean, zenbait gai garrantzizko ari dira urtzen. Ez dut erraten bertze batzuk baino garrantzitsuagoak direnik. Bai, ordea, hausnarketarako xede izan beharko liratekeela.

Gorrotoa heriotza mota bat da
'Don't Say Period'

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.