Albistea entzun

Planteamendu ekotalibanak Aralarren

Aitziber Sarobe Egiguren - Biologoa

2021eko ekainak 10

Azken urteotan, EAEko agintariak gero eta gehiago elikatzen dira Madrileko diskurtso eta egiteko moduetatik, eta, ondorioz, hemengo hedabide publikoak —eta ez hain publikoak— hango kontuen bozgorailu bihurtu dira.

Madrileko populismoa gailentzen ari da gurean; esan nahi baita, politika-eredu dualista, planteamendu ideologikoak baztertuta, diskurtso politikoa etsaiaren irudikapenean oinarritzen duena: edo nire alde zaude edo etsaia zara.

Alderdi politikoen jardunak ez ezik, haien pentsura bizi diren gizarte eragileenak ere erakusten du jarrera hau. Horren adibidea argia da, maiatzaren 2an, Enba elkartearen ordezkariak igandero idazten duen Kanpolibrean zutabean argitaratu zen La calculadora de Arnaldo artikulua. Maiatzaren hasieran ospatzen den Aralarko larreen irekieraren aitzakiarekin, bere poza erakusten du Aralarko pisten kontrako auzia artxibatu delako, eta han bizi den gatazkari buruzko bere iritzia plazaratzen du, iritzi berekoak ez garenoi «muturreko kontserbazionistak» (los conservacionsitas más radicales) edo «kontserbazioaren erradikalak» (los radicales de la conservación) deituz, eta planteamendu ekotalibanak ditugula aipatuz: larre-azalera txikitzea, bertako basoak («mitikoak» bere hitzetan) berreskuratzeko.

Hitz iraingarri eta itsusi horiek gutxi ez, eta bere artikuluan, populismoaren ezaugarri nagusiena erakusten du: zaku berean sartzen ditu elkartetako, udaletako eta alderdi politikoetako «kontserbazioaren erradikalak». Diskurtso manikeista gizartea polarizatzeko: haiek (abeltzainen interesen babesleak) eta haien etsaiak (haiekin bat egiten ez duten guztiak).

Hasteko, planteamendu ekotalibanak zer diren eta Aralarren gaur nork defendatzen dituen argitu beharko litzateke. Izan ere, Aralarren kudeaketa jasangarria eta arduratsua eskatzen duten elkarte zein erakundeek ez dute larre-azalera txikitzea eskatzen; baizik eta larre horien kalitate ekologikoa mantendu edota berreskuratzea ahalbidetuko duten abere-taldeak eta kopuruak baimentzea.

Itsusia da Gipuzkoako eremu horretan sortu den giroa. Astea joan eta astea etorri, gatazka-iturri diren gertaerak eta adierazpenak entzuten ditugu; sarri, gizarte-ordezkarien ahotik.

Larria izan zen, esate baterako, EAJ alderdiak eta Enba zein EHNE-Gipuzkoa sindikatuek Enirio-Aralar mankomunitatearen kontra egindako agerraldia. Orain, EH Bilduk gehiengoa duenean, bere garaian EAJren gehiengoarekin onartutako ordenantzak betearazi dituelako atera ziren protestan. Iradokitzen du EAJk lizentzia duela araudiak ez betetzeko; agian, Enbako ordezkariari jarraiki, hauteskunde-kalkulagailuaren baitan betetzen dituelako?

Berriki ezagutu dugun gertaerak ere merezi du aipurik. Behia tiroz hil diotela eta, Abaltzisketako alkatearen aldeko elkartasun kontzentraziora deitu dute. Alkateak berak salatu bezala, behia hil eta hogei egunera konturatu da tiroa bota ziotela. Ez daki nork eta zergatik egin duen astakeria hori, ezta nola ere; baina gertaera hori baliatu du, Aralarren urtetan jaso diren hainbat txikizio eta gertaera nahasian kontatuta, abeltzainen etsaiak seinalatzeko (izenik aipatu gabe).

Jokabide hauek ez dira berriak, baina gizarte eta alderdi politikoen ordezkarien lanak ez luke gizartearen zatiketa eragin behar. Ekologistak eta natur kontserbazionistak ez gara artzain eta abeltzainen etsaiak. Besteak beste, haien beharra dugulako larreak kontserbatzeko; betiere, euren jarduera bioaniztasunarekin eta natur ondarearen kontserbazioarekin bateragarria bada.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.