Brasilgo lege aldaketek klima krisia okertzea dakarte

Romain Lauféron eta Verónica Van Horenbeke
2021eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Bilbon, joan den ostiralean (irailak 10), Bizkaiko Extinction Rebellion taldeko aktibistek odol faltsua isuri zuten Brasilgo kontsuletxean, Jair Bolsonaro presidentearen asmoak salatzeko ekintza modura.

Oraintxe bertan, Amazoniako ekosistema eta hango herri indigenak mehatxu handi baten pean daude. Bolsonarok proposaturiko lege proiektu berrien helburua da legez onartzea lurrak bereganatzea, eta erauzketa industriak faboratzea indigenen bizibideen aldean. Oraintxe, milaka indigena daude bilduta Brasilian, hantxe kanpatuta, neurriak hartzen, eta ahotsa goratzen bizileku dutena babestearren, gure bizileku ere badena. Amazoniako ekosistemaren hondamena mehatxu bat da Lurreko bizi ororentzat.

Brasilgo Gobernua fronte ugaritatik ari zaie erasoka Amazoniako ekosistemari eta jatorriz hangoak bertakoak diren herriei.

«Behin-behineko esparru» delakoak, Brasilgo konstituzioa aldatzeko saialdi bat izaki, lur indigenen mugapea leheneratzeko mehatxua dakar.

Era berean, Kongresuan lege sorta bat eztabaidatu nahi dute, lurrak usurpatzea legeztatzeko eta erauzketa industriei emateko asmoz: besteak beste, PL3729 Legea, ingurumen lizentziei eragiten diena; PL 2633 Legea, lurren usurpazioari dagokiona; PL490 Legea, lurrak lapurtzea legezko bihurtuko duena; eta PL6299 Legea, hondakin toxikoen erabilerari dagokiona. Brasilgo diputatuek eta senatariek lege horien inguruko bozketak izango dituzte datozen asteetan.

Lege horiek gizateria osoari eragingo diote, Amazoniarik gabe ez baitago etorkizunik gure espeziearentzat.

«Jada, Amazoniako oihanaren %20 dago soildua, eta, %23-25 soilduz gero, ez du atzera-bueltarik izango. Ikusiak ikusi, espero baino lehenago iristen ari gara horretara. Ezinbestean, zero deforestaziora iritsi behar dugu Amazonia osoan, bost urteren buruan baino gutxiagoan»; hala dio Carlos Nombrek, Lurreko Sistemak taldeko zientzialari batek. «Lege horiek onartzen badituzte, ez du balioko nazioarteko komunitateak klima aldaketari aurre egiteko saiaturiko ezein ahaleginek. Alarma piztu behar dugu munduan barrena. Ia ez dago astirik geure burua salbatzeko»; horra hor @apib Brasilgo Herri Indigenen Artikulazioaren larrialdi deia.

Ekozidioaren, genozidioaren eta klima krisiaren kontrako gure borroka globalaren une erabakigarri honetan, ezin dugu bertan behera utzi Brasil.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.