Osasunbideak hainbat erizain kaleratu ditu, eta militarrei deitu

Xabier Irigibel Uriz eta Amaia Ruiz
2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Beldurrak hartu gintuen lehenengo. Berehala, lanak ito gintuen. Asko gaixotu egin gara, eta gehienok ez dugu izan indarrik eta denborarik gaixotzeko ere. Isilik geunden, etengabe lanean. Beste batzuk zaintzen ari ginen, eta, hain geunden nekatuta, ez baikenuen izan ez denborarik eta ez indarrik ahotsa goratzeko. Osasun zentroan lan egin ondoren, etxean ere lan egiten genuen, etxea bera eta maite ditugunak zaintzen. Ondo dakigu nekea kontrol sozialerako estrategia nagusietako bat dela, baina horrenbeste lan geneukan, ezen berriz isilik geratu baikinen.

Maiatzaren Lehenean ez ginen joan manifestazioetara. Lanean ari ginen. Guri txertoak jartzea zegokigun, egunean zazpi eta hamabi ordu arteko lanaldiak eginda: hiru minutu txerto bakoitzeko. Hiru minutuak txertoari zegozkion, eta ez pertsonei. Izan ere, pertsonek axola izan balute, geure burua aurkeztuko genuen erizain gisa, gure izena esango genien, beldurrak uxatuko genizkien, eta ahaldundu egingo genituen beren burua zain zezaten. Garai horretan, autonomia erkidegoak lehian ari ziren ea nork emango zituen txerto gehien. Egun batean, 248 aldiz aldatu nituen eskularruak, 248 aldiz egin nituen lau galdera berak, 248 txerto erregistratu nituen sistema informatikoan. Koordinatzailea nire ondotik pasatu zen, eta hauxe esan zidan: «Azkarrago, ilarak sortzen ari dira eta». Ekoizpen kateak bere erritmo propioa du, bere formak eta mekanismoak. Langile otzanak garen heinean, erizainok eskatzen zitzaigun lana egin genuen. Berriz esango dugu: ez genuen gure lana egin, eskatzen zigutena baizik. Badakizu, nekatuta geunden, isilik geunden.

Urriaren 31n, erizain aztarnariei, aholku emaileei eta txertaketakoei kontratua bukatu zitzaigun. Kaleratu egin zituzten erizain, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikari eta administrari asko. Ekoizpen katearen erritmoa moteltzen ari zen, eta langile batzuk sobran zeuden. Gu, nekatuta geundenez, isilik geratu ginen berriro ere. Orain, kasuak ugaritu egin dira, ekoizpen erritmoa bizkortzen ari da, eta PCR gehiago egin behar ditugu, aztarnari lan gehiago egin, eta aholku gehiago eman. Badakizu, «azkarrago, ilarak sortzen ari dira eta».

Santos Indurain Orduna Osasun kontseilaria bisitan etorri zen behin NUPeko txertaketa gunera, Carolina Darias ministroarekin. Egun hartan ez zegoen ilararik. Argazki asko atera zituzten, eta posatu egin zuten gu gure lana egiten ari ginen bitartean. Hala ere, ez genuen indarrik aurkitu haiei ezer esateko. Horren nekatuta geunden, ahaztu egin baitzitzaigun antolatzea eta salatzea zenbaterainokoa den aldi baterako kontratuen indarkeria Osasunbidean, aldi baterako laneko Nafarroako enpresarik handienean, hain zuzen.

Espainiako Alderdi Sozialistak aspaldi utzi zion langilea izateari. UPN eta Geroa Bai ez dira inoiz izan langileak. Aurten, 52 milioi xahutu nahi dituzte abiadura handiko tren batean, ordu erdi lehenago iritsi ahal izateko... inora ere ez. Erizainentzat, osasun publikoarentzat eta justizia sozialarentzat, ordea, ez dago dirurik. Eta, ez dagoenez dirurik, orain, azkarrago ekoitzi beharra dagoen honetan, Osasunbidea eta PSOE militarrekin betetzen ari dira urriaren 31n kaleratu zituzten erizain, laguntzaile eta administrarien lanpostuak. Horren berri ez da ematen, baina gerrarako prestatutako militarrek bete dituzte osasungintzan trebatutako gure lankideen postuak. Eta orain, gizon batek deitzen badizu aztarnarien sailetik, segur aski uniformez jantzitako militar bat izango da, zure historia klinikoan sartuta dagoena. Erizainak kontratatzeko ez dago dirurik. Erregetan, militarretan, gerrarako armetan eta abiadura handiko trenetan xahutzen ari dira.

Nekatuta gauden arren, gaur, gurea da hitza: mesedez eta arren, alde hemendik. Eta noizbait, nonbait eta ez oso urrun, agian, erizainak ere zuekin batera altxatuko gara, bederen, hitza hartzeko. Osasunbideari eskatzen diogu kontratu duinak egin ditzala, lankideak berriz har ditzala eta, mesedez, militarrak kanporatu ditzala osasun etxeetatik.

OHARRA: Artikulu hau Osasunbideko beste hemezortzi langilek ere sinatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.