Zaintzaileen zama: 258 egun

Esti Elduaien, Olaia Duarte
2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Pandemiatik endemiara pasatzen ari garela entzuten ari garen honetan, baikortasuna iritsi da gurera, itxura guztien arabera. Koronabirusarekin elkarbizitzen ikasten ari garela dirudi, eta ezohiko gaitza ohikotu egin zaigula; hobera egin dugula, alegia, aurrera goazela. Baina, zoritxarrez, koronabirusa ez da endemiko bihurtu den bakarra: gaitz horrek agerian utzitako hainbat gabezia larri ere endemiko bihurtzen ari dira, eta, kasu horietan, aurrerapausoa baino atzerakada nabarmena dakar endemizatzeak.

Besteren artean, zaintzaz, zaintza ereduaz, eta zaintzaileen duintasunaz mintzo gara. Gaur, maiatzak 19, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen 258. greba eguna da. Gogora dezagun orain bost urte hasi zela Gipuzkoako adinekoen egoitzetako negoziazioa, eta greba hasi zenetik lau urte pasatu direla. Lau urte luze, euren lan baldintzak hobetu eta duintzeko borrokari ekin ziotela, eta, beste horrenbeste egun, Gipuzkoako Foru Aldundiak entzungor egiten duela, bizkarra ematen diela eta duen erantzukizuna ez duela behingoz bere gain hartzen.

Pandemiak gauza asko irakatsi dizkigu. Horien artean, besteak beste, zaintzaren egungo sistema eta antolaketa arrakalaz josita dagoela. Koronabirusa iritsi aurretik agerikoak ziren gabezia horiek, egoitzetako lan gatazka da horren adibide. Gizarteko hainbat eragile sozial, feminista eta politiko hasiak ginen egungo eredua aldatu beharra zegoela esaten, baina bazen ere ezetz esaten zuenik, egungo zaintza eredugarria zela uste baitzuten. Baina, agerian agerikoa, nekez ezkutatu daiteke beste aldera begiratuta. Azkenean, pandemian zehar egoitzetan gertatu denak behartu egin ditu EAJ eta PSE egia aitortzera. Horrela, orain bai, hitzetik hortzera hasi da eredu berri baten premia nabarmentzen, aitzindaritzaren medaila jartzeraino.

Baina, ez gaitezen okertu. Bat-batean, hasi dira norbanakoaren beharretara oinarritutako zaintzaz hitz egiten; egoitzak birplanteatu eta eredu berriak ikertu behar direla esaten, pertsona erdigunean izango duten egoitzen alde egiten... Baina pertsona horiek zainduko dituzten langileen ingurukorik ez dugu entzun. Nola egin behar den ikertu eta esperimentatuko dutela bai, baina zeinek eta nola egingo duenaren inguruko hausnarketa eta aitortza bakar bat ere ez.

Bitartean, zaindua zaintzaile ekuaziokoprotagonista diren egoitzetako langileak 258 egun greban, euren lan baldintzak hobetzeko desioz, beharrez. Duin,arduraz eta ondo zaintzeko prestatuta daudela erakutsi dute pandemian zehar, unerik zailenean borroka alde batera utzi eta lanean dena emanda. Ordainetan atea itxi diete berriz ere.

Eta galdera da: nola izango dugu zaintza sistema publiko duin bat, langile prekarizatuen bizkar uzten baduzu zama osoa? Hobeto esanda, nola izango duzu zaintza sistema publiko duin bat, emakume langile prekarizatuen bizkar uzten baduzu zama osoa?

Gipuzkoako egoitzetako lan gatazka, izatez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan gatazka da. Irtenbide erraza du, gainera. Langileen duintasuna lehenetsi eta aldundiak egoitzetara bideratutako inbertsio ekonomikoa handitu. Zoritxarrez, egoitzetako langileen prekaritatea amaitzea eta zaintza sektore feminizatuaren lan baldintzak hobetzea ez daude lehentasunen zerrendan.

EH Bildun argi dugu, zaintza duintzeko, ezinbestean langileen lan baldintzak duindu behar dira. Onartezina da zaintza eredu aurrerakoi eta eredugarriaz hitz egitea, emakumeen prekarizazioari aurre egin gabe. Bada garaia, Euskal Ongizate Estatuaren egiazko zutabe izango litzatekeen Zaintza Duin eta Unibertsalerako eskubidea bermatzeko erakundetze berri bat sortzeko prozesua abiatzeko. Bada garaia ere desmerkantilizazioari ekiteko eta kudeaketa publiko zuzenari lotutako zerbitzuen kopurua handitzeko.

Sektoreko langileena ez ezik, Gipuzkoako gizarte osoari ere eragiten dion arazoa da; izan ere, herritar guztiok behar ditugun eta beharko ditugun kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea urratzen ari zaizkigu. Nekez berma baitaiteke zaintza sistema duina, zaintzailea zaintzen ez badugu.

Doakie gure babes eta elkartasuna gaur ere kalera aterako diren emakume langileei. Eta endemia honi aurre egiteko botika bere esku duen Gipuzkoako Foru Aldundiari, berriz, eskura duen sendagaia erabiltzeko eskaera irmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.