Xabier Isasi Balanzategi.

Hondarribiko 'Ndrangheta'

2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Antzinako grekotik dator Ndrangheta terminoa; euskarara ekarrita, gizontasun adoretsua adieran uler genezake. Izen horrekin ezagutzen da Calabriako (Italia) mafiaren adarra. Gure ustez, terminoa bere literaltasunean, izendapen oso egokia da emakumeen bazterketa defendatzen duten Hondarribiko gizonezkoen taldea ezaugarritzeko: Hondarribiko Ndrangheta.

Orain dela 25 urte emakume talde bat saiatu zen Hondarribiko Alardean desfilatzen. Emakume haiek ez zuten lortu urrats bat ere egitea, oso modu bortitzean bidali zituzten desfiletik kanpora. Orduz geroztik, 25 urte luzetan, urterik urte, agintekeriaz eta indarrez, hiriko alderdi nagusiek lagunduta eta Gipuzkoako Diputazioak eta Hondarribiko Udalak babestuta, emakumeen bazterkeriari eutsi diote.

Gizonezkoek erabaki zuten. Kontua da, Hondarribiko Alardea antolatzen duten konpainiek, elkarte moduan antolaturik, ez zutela emakumezkorik onartzen haien estatutuetan espresukihorrela debekatuta. Bestetik, Hondarribiko Udalak hiriko jaien ekitaldi nagusiaren antolaketaren ardura bere gainetik kendu zuen. Horiek horrela, gizonezkoek, bakarrik gizonezkoek, erabaki zuten Hondarribiko Alardea nola antolatu eta zeinek parte har zezakeen eta zeinek ez. Sortu zen gatazka hartan emakumezko haien eskaeraren aurka lerratu ziren hiriko udala eta, ondoren, herrialdeko diputazioa. Hondarribiko Tokiko Gobernua guztiz lerratu zen alardea antolatzen zuten gizonezko haiekin, eta oso jarrera oldarkorra erakutsi zien emakumeen parte hartzea defendatzen zutenei. Adibidez, epaitegietan izan diren izapide guztietan Hondarribiko Tokiko Gobernuak beti erakutsi izan du emakumeen eskaeren aurkako jarrera eta beti jokatu du emakumeen parte hartzea ukatzen dutenen alde, sutsu eta oldarkor.

Erakunde publikoen artean Emakunderena eta Arartekoarena izan dira salbuespen bakarrak; erakunde horiek hasieratik eta oso modu esplizituan emakumeek berdintasunez parte hartzearen aldekoak izan dira. Espero dugu aurrerantzean horrela jarraitzea.

Bidasoaldeko jai nagusietan gizonezkoekiko berdintasunez emakumeen parte hartzearen aldeko borroka, batez ere, emakumeen, oro har, eta, zehazki, mugimendu feministaren borroka izan da. Horrela izan da eta horrela da oraindik ere. Egia da, beste aldetik, Ezker Abertzalearen eta ezkerreko beste zenbait talderen babesa izan dutela. Baina egia da ere, Ezker Abertzalearen kasuan, adibidez, kide guztiak ez zetozela bat emakumeen eskaerarekin eta alardearen auziak zatiketa ekarri ziola.

Alabaina, Hondarribiko Ndranghetak Ezker Abertzaleari leporatu nahi dio Bidasoaldeko alardeen gatazkaren erantzukizuna, eta bere eldarnioetan esaten du gatazka hori «sufrimenduaren sozializazioaren» ondorioa dela, edota «genero ideologiak» sustatukoa dela. Gizagaixoak! Feminismo hitza ez dute ezta entzun nahi ere, ez dute onartu nahi berdintasunaren printzipioa feminismoaren oinarrizko aldarrikapena dela, hasiera-hasieratik. Hondarribiko Ndranghetak Gipuzkoako Diputazioaren eta, batez ere, Hondarribiko Udalaren konplizitatearekin sinetsarazi nahi digu Bidasoaldeko alardeen gatazka «bizikidetza arazo» soil dela, ez dela emakumeen berdintasunaren eskubidearen urraketa. Orain dela 25 urte emakumeak baztertu eta ezabatu nahi zituzten, indarrez. Orain esaten digute alardea bizitzeko modu asko dagoela, eta beraiena errespetatzeko hautua dela. Koitaduak! 25 urte kostatu zaie onartzea emakumeen eskaera zilegi dela.

Espero dugu laster, beste 25 urte igaro baino lehen, behintzat, onartuko dutela emakumeak baztertzea, eremu publikoan zein pribatuan, ez dela onargarria. Hondarribiko espazio publikoetan antolatzen diren ekitaldietan, erakunde publikoek zein pribatuek antolatuta, ezin urra daitezke giza eskubideak; emakumezkoek, haiek nahi izan ezkero, berdintasunez parte hartzeko eskubidea daukatelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.