LOSU, Unibertsitate lege berria

Antton Azkargorta eta Jose Luis Herrero
2023ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Senatuak laster aprobatuko du LOSU (Ley Orgánica del Sistema Universitario) delakoa. Nolanahi ere, aitortu behar dugu gai honek ez duela apenas arretarik sortu gure artean, nahiz eta lege horrek gure herriko unibertsitateen garapenean izango duen eragina nabarmena izan, zehatzago, Hego Euskal Herriko lurraldeetan kokatuta dauden zentro publikoetan. Lerro hauetan Espainiako legedi unibertsitarioek mende honetan segitu izan duten bideari begirada arin bat emango diogu.

Bi joeraren arteko etengabeko tentsioa izan da urte hauetako araua: batetik, Estatuak harreman unibertsitarioak homogeneizatzeko joera, eta, bestetik, nazio historikoek haien unibertsitateetan espazio propioak eraikitzeko ahalegina. Tirabira hauek begi-bistan egon dira unibertsitateetako arauak elaboratu eta onartu behar izan diren bakoitzean. Gogora ditzagun, esaterako, Espainiako Parlamentuan izandako batailak Partidu Popularraren LOU (Ley Orgánica de Universidades) 2001. urtean aprobatu zenean, edo PSOEk aipatu lege horri berari 2007. urtean egindako erreformaren garaian. PPren ahuleziak lehen kasuan, eta PSOEren gutxiengo egoerak bigarrenean, ahalbidetu zuten unibertsitateko irakaslerian lan-kontratua sartzea; erkidego autonomoetan eskuduntza gehiago lortzea, Katalunian eta Euskal Autonomia Erkidegoan lege unibertsitario propioak egiteko aukera (oraingoz Espainiako lege-esparruan jarraituz, hori bai); lege horien aurkako inkonstituzionalitate helegiteak erretiratzea; lan kontratua duten egonkorrak eta funtzionarioak parekatzea unibertsitateko ordezkaritza-organoetan.

Horren guztiaren kontrapisu modura, Estatuak ahalegin handia ipini du boterea mantentzeko bere aparailu administratiboaren eta funtzionarioen bitartez, eta, finean, erabakiak hartzeko azken ahalmenean.

Oraingo gobernu koalizioaren legeak ere aurrekoek izan zuten oztopo bera aurkitu du: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kataluniako partidu nazionalisten laguntzaren beharra. Azkenean, Kongresuak aprobatutako legeak, batez ere irakasleria eta haren ebaluazioaren kapituluan, aipatu bi erkidego autonomoetan onartutako arauak estatuko beste guztietara lekualdatu ditu. Berriro ere, behin eta berriz errepikatutako ahalegin berbera: «kafea guztiontzat». Nahiz eta, horrekin batera, positiboki baloratu behar den errektorea eta antzeko pertsona bakarreko karguak (lehen katedratikoen monopolioa zirenak) irekita gelditu direla bai funtzionario doktore, eta bai lan-kontratua duten irakasle doktore egonkorrentzat. Erabaki berdinzale hau erabat justua da.

Baina, aurrekoan bezala, badago hemen ere kontrapisurik: irakasle-funtzionarioen sendotzea; bere pisua lehenagoko %51tik %55era pasatuko da orotara. Gauzak horrela, bigarren mailako irakasle izaten segitzeko lan-kontratua dutenen beldurra ez da desagertzen. Espero dezagun Senatutik pasa ondoren portzentaje horiek aldatuak izango direla, baina, egia esan, ez dugu itxaropen handirik. Kataluniako alderdiek, esaterako, beti kritikatu izan dute horrela egindako gehiengoen inposizioa.

Ez dezagun ahaztu, bestalde, funtzionarioak, guardia zibilak bezalaxe, beti kontsideratu izan direla Espainiar estatua egituratzen duen ardatza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.