4.000 karaktere zientziaz eta zientzia eskaerez

Iñigo Urrestarazu Porta
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Bizpahiru gauza gertatu dira nik hau idazteko beharra edo adorea sentitzeko: eztabaida bat sarean Veleiako gose-grebalariekin eta BERRIAn argitaratu Zientziari eman hitza eta Iruña-Veleia, egia oraindik falta iritzi-gutunak, besteak beste.

«Iritziak iritzi… Eta argudio zientifikorik gabeko teorien aurrean #zientzia, zientzia eta zientzia!» zioten grebalariek. Zientzia metodo zientifikoarekin egindako jardun ororen ondorioa da eta metodo horrek hiru zutabe ditu: objektibotasuna, ulergarritasuna eta dialektika esperimentala(faltsabilitatea). Teoria bat alor jakin bati buruzko hipotesien multzo egituratua da (Euskaltzaindiaren Hiztegia); hipotesia zerbait azaltzeko edo frogatzeko abiapuntutzat hartzen den behin-behineko baieztapena da, gerora egiaztatu behar dena (idem). Jakin nahiko nuke zer unibertsotan dauden argudio zientifikorik gabeko teoriak. Zientzian ez.

Eztabaidan aurrerago, «arkeometria diziplina zientifikoa» bota zuten. Galdera derrigorrezkoa zen. «Zer esan nahi duzue horrekin?». Erantzuna: «C14 eta termoluminiszentzia. Te suenan de algo?»—erdal hitzak barne—. Ezagunak, bai. Ez dakit, ordea, zer fede duten horietan eta zer duten ikustekorik gaiarekin. Ez zidatenez erantzun, uste baino ezin dut egin test horiek zalantzaren gainetik daudela uste dutela, beste ezer baino fidagarriago direla. Zientziaz —eta test (hori)ez— inongo ideiarik ez duenak baizik ezin du hori pentsatu. Testek datuak ematen dituzte, baina datuak modu jakin batean interpretatzen dira atzean teoria bat dutelako. Teoriarik gabe, datuak datu dira, ez dira ezer. Gainera, test horiek euskarriak —gauza fisikoak— datatzeko dira, ez hizkuntza datatzekoak.

Hain zuzen, hor dago koska: arazoa ez da euskarria, hizkuntza baizik —eta ikonografia, etab., baina nik hizkuntzaz eta zientziaz, metodo zientifikoaz, dakit eta ez dakidanaz saiatzen naiz txintik ere ez esaten—. Hizkuntza aztertzen duen zientziaren atala hizkuntzalaritza da eta, beraz, hizkuntza faltsua den hizkuntzaren azterketaren bidez baino ezin da argitu. Eta benetakotasuna defendatzen dutenen kanpaina hori da: diziplina zientifiko oso bati zientifikotasuna ukatu, hura ezagutu gabe, eta dituen argudioak balioetsi edo balioesteko gaitasunik gabe.

Hori da, nire ustez, gutunetako baten egilearen kasua —katedratiko bezala sinatzen du; bai, komunikazioan katedratiko—: «Akademiko ofizialistek egindako azterketak eta erabilitako teknikak gai dira ostraken faltsutasuna frogatzeko? Badirudi ezetz, hainbat ikertzailek adierazi duten arabera». Ostrakak ez, hizkuntza da faltsua, eta jakin nahiko nuke zer hizkuntzalarik esan duen benetakoak direla eta zer hizkuntz argudio erabili duen bere iritziari eusteko; nik ez dut bat ere ezagutzen. Are, jakin nahiko nuke iritzi artikuluaren egileak zer ezagutza duen dauden (hizkuntz) argudioak balioetsi eta nahikoak ez direla ondorioztatzeko.

Aldiz, Hizkuntzalaritza Historikoa ibilbide luzeko diziplina zientifikoa da eta ezagutza piloa sortu du, emaitzetan eta horietara iristeko metodoetan: egokitasun erregularrak, lege fonetikoak, etab. Are, lekukotasun zaharrago bat agertu denean, bete-betean asmatu dela frogatu izan da; adibidez, Mitxelenak (1958) Landucciren hiztegiko euskara Araban kokatu zuen, eta gerora baieztatu da. Galde liteke grebalariei ezagunak egiten zaizkien. Gainera, Veleiakoak garai ezagunekoak lirateke eta ezagutza eta ikerketa handirik ere ez dute eskatzen.

Beste gutuneko sinatzaileek diote zinez sinesten dutela «zientzia dela erantzunak eman ditzakeena eta, beraz, zientzialariei eman behar zaiela hitza». Ez dakit ezagutza edo, zuzenean, errespetu falta den. Nik ere zientzialariei hitza emateko eskatzen dut: hizkuntzaz ari gara eta eman hitza hizkuntzalariei! Edo hizkuntz argudioen gainean eztabaida dezakeen edozeini bederen. Galdetu hizkuntzalarioi. Hemen gaude, erantzuteko eta partekatzeko prest. Baina ulertu guk ere zientzia egiten dugula, auzi honetan hizkuntzaz ari garela eta gure ondorioak edozein zientzialarik bere alorrean dituenak bezain sendoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.