Duela bi aste, astearte goizalde batean iritsi ziren Ceutako ertzetara geopolitikaren ondoriorik latzenak. 8.000 pertsona, horietatik 2.000 inguru adingabeak dira.
Gatazka honen jatorria Saharan kokatzen da. Espainiak ez zuen deskolonizazio prozesua amaitu eta Mendebaldeko Sahara Marokoren esku utzi zuen, duela 30 urte Nazio Batuen Erakundeak onartutako autodeterminazio eskubidea ukatuz.
Espainiako eta Marokoko gobernuen arteko merkataritza-akordioak herriek beren erabaki askerako duten eskubidearen aurretik jartzen dira. Horri, kanporatzeko politika europarraren porrota gehitu behar zaio; azken honek Maroko Europaren atzeko patio bihurtu du. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak joan den asteartean 30 milioi euro ematea onartu zuen «Marokori immigrazio irregularraren aurkako hedapenean laguntzeko». Europak bideratu dionaren zati txiki bat baino ez da hori, 13.000 milioi 2007tik.
Gertaera horiek sortzen dituzten jatorriei heldu gabe, ez dugu arazoa konponduko. Politika estraktibista eta gerra-politikak amaitzeko lan egin behar dugu. Politika horiek milioika pertsona nahitaezko joan-etorrietara eramaten dituzte. Aldi berean, bide legal eta seguruak jarri behar ditugu martxan, eskubideak aintzat hartuko dituen migrazio antolatu eta bideratuago bat egin ahal izateko.
Baina premiazkoari ere erreparatu behar diogu, eta horrek, Ceutako ertzetara garamatza berriro. Pertsona asko modu espres batean Marokora itzuli dituztela ikusi dugu, legedia eta nazioarteko estandarrak bete gabe. Argi esan behar dugu, bero-beroan egiten diren itzulketak legez kanpokoak direla. Adingabeen itzulketen kasuan, giza eskubideak urratzeaz gain, gure espeziearekiko itxaropenaren aurka egiten du.
Joan den asteazkeneko Lurralde Kontseiluan autonomia erkidegoek erabaki zuten krisiaren aurretik Ceutako babes zentroetan zeuden 200 adingabe inguru hartuko dituztela. Ez dugu 2.000 etorri berrien patua ezagutzen. Zenbat pertsona itzuli zaizkio Marokori legez kanpo? Zenbatek eskatu dute haien familiekin itzultzeko? Eta zein izango da geratzen direnen kopurua eta zoria?
Hego Euskal Herriko gobernuek 200 haur horietatik hamalau hartuko dituztela badakigu, zortzi EAEk eta sei Nafarroak. Eusko Jaurlaritza prest agertu da harreran laguntzeko, eta positiboki baloratu ditu Ministerioaren banaketa-irizpideak, bainabere zentroetan «zama handia» duela ohartarazi du.
Garrantzitsua da horrelako baieztapenei datuekin aurre egitea, herritarrek pertzepzio desitxuratua eraman baititzakete. Lagundu Gabeko Adingabeen (gaztelaniaz mena) Espainiako Erregistroaren arabera, 2018an 13.796 adingabe zeuden, eta horietatik 990 EAEn eta 58 Nafarroan. 2019an beherakada handia gertatu zen. Guztira 12.417 adingabe zeuden inskribatuta babes-zerbitzuen tutoretzapean edo harreran. Horietatik, 777 EAEn zeuden, eta 209 Nafarroan.
COVID-19aren ondorioz ez ditugu 2020ko datuak, baina euskal administrazio guztiek adierazten dute iritsieren beherakadak jarraitu egiten duela. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan bakarrik bizi diren adin txikikoen kopuruak behera egin du. Bizkaiak, familiarik gabeko adingabe gehien hartzen dituen euskal lurraldeak, 599 pertsona artatu zituen 2018an. Aurtengo otsailean zenbaki hori 286ra jaitsi zen. Beraz, ez, gure sareak ez du zama handirik jasaten.
Jendartea inbasio sentsazio faltsu batera eraman dezaketen edo, are gehiago, migratzaileak —bereziki adingabeak— segurtasunaren aurkako mehatxu direla sentitzera eraman dezaketen alarma-diskurtso horien aurka egin behar dugu. Haiei buruz egiten den kriminalizazioaren ondorioz, arrotzak bezala sentitzea eragiten du, eta gorroto eta indarkeria diskurtsoak eragiten ditu.
Eskuin muturraren eta faxismoaren gorakadak beldurra du oinarri, beldur kulturala eta beldur ekonomikoa. Ezkerrak gorroto diskurtsoen aurrean, euste-dike bat eraiki behar du, egiekin eta bermeekin.
Marra bat itsasoan, mamu bat hirian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu