Euskal hiztunen hazia ereiten

Arantza Jaka
2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Pausoz pauso, ekimenetik ekimenera bideak urratuz eta, horrek sortzen duen arrastoan, euskal hiztunen hazia ereiten. Batzuetan, espazio zainduek duten garrantzia azpimarratuz; bestetan, esparru zabalagoak bultzatuz... Baina, beti, euskararekiko konpromisoa eta atxikimenduasustatuz geure artean eta gure sareko ikastetxeen artean.

Eta jakinik, noski, lanik handiena gutako bakoitzaren eskuetan dagoela, hizkuntza batek hiztunik ez badu, ezer gutxi baita.

Gaur ere, eskuartean erronka, aberatsa eta irekia, euskal hitza gero esparru zabalagoan mugitu eta izan dadin, hainbaten hitza elkartuz eta bateratuz esanahi handiko esaldi luzeagoak eta aberatsagoak sortu ditzan; hitzetik hortzera, loturarik gabe baina etenik gabe, aldi berean, hizkuntz koreografia berriak dantza ditzan.

Haur, nerabe, gazte eta helduon artean bultzatuz, eta batak besteari lagunduaz, euskaldunok euskaldunokin euskaraz bizitzearen garrantzia transmititzen. Esku artean paregabeko altxorra eta ondarea, egunez egun gauzatu eta janaritu beharrekoa, hezkuntz eta hizkuntz eskubideak bermatuz, hizkuntzatik ere mundu justuago bat eraikitzen joan gaitezen.

Garen garenetik, mundura zabalduta, baina erroak egoki eta sendoki sustraiturik, gure izatea eta hegan egitea gizatiarragoa eta ederragoa izan dadin. Horregatik, baita ere, lagun diezaiegun euskarazko hitzei paseatzera irteten, iparraldetik hegoaldera, ekialdetik mendebaldera.

Lehenik eta behin, erabaki indibidualak berretsi behar, kolektiboak bihurtzen joan daitezen eta bihur ditzagun. Horrela, euskararen landa haratago zabalduaz, Europako eta munduko mugak gaindituz, gure euskal kulturak hitz propioagoa eduki dezan; zer esanik badauka eta. Ozenagoa izan dadin, ezinbestekoa hezkuntzaz haratago, gizartearen konpromisoa eta inplikazioa, hezkuntzaren ahalegina bakarrik ez baita nahikoa jakitetik hiztunak izatea bihurtzeko.

Etxeko balioak eskolan lantzen eta jorratzen diren balioei gorputza ematen die, horregatik ere familiei gure gonbidapen berezia: transmisioa mimatu eta denboran luzatu, gaurtik biharrera ziurtatuz. Guztiok beharrezko; batzuk, berriz, ezinbesteko.

Euskaltzaleen Topaguneak bultzaturik, urtez urte, saioz saio, gogotsu egiten dugun ahalegina, dagoeneko, bere fruitua ematen ari da, baina mardultzen joan behar du. Berri eta sendo dezagun Europa mailan egiten den ekimen handienak (eta bakarrak) zer esanik baduela, zer adierazteko gai dela, hizkuntzaren hezkuntzak garrantzia duela, eta hizkuntza aberastea pertsona, gizartea, mundua aberastea dela.

Arnasa hartu eta jarrai parkeak, eskola kanpoaldeak, plazak, terrazak, etxeak eskalatzen, gogoz, tontorrak zain ditugu eta. Esan beharrik ez, hobe lagunekin bakarrik baino. Eta horretan ere, Haurren aurrean, helduok heldu joka dezagun.

Heldu haurrei eskutik, eta elkarrekin eta elkarturik euskarazko bideari ekin, egunerokoa bere ohizko territorioa izanez, euskarazko hitzen mendikatea zabalduaz, aldi bakoitzeko giza paisaiarekin batu dadin.

Gaur, bihar eta etzi euskara eskutik hartu, ezpainetatik hitzei leku egin eta besteei eskaini, gure hizkuntzak urteko 365 egunetan bizirik jardun eta iraun dezan.

Helduon beharra dauka euskarak, haurrengana ondare baliagarri bezala hel dadin. Oinarrietatik ezagutzara berretsi dezagun. Gizartearentzat hizkuntza ere mesede baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.