Osasunari buruzko foru lege berria: ezinbestekoa eta presakoa

Josemi Ablitas, Iban Irisarri, Marisol Saiz-Aja, Izaskun Arteaga Urrutia eta Alberto Mendilazo
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak eta Osasun Departamentuak osasunari buruzko foru lege berri bat garatzeko inolako interesik ez dutenez, Osasunbidean egitura- eta antolaketa-arazoak handitzen ari dira, eta kalteak eragiten ari dira herritarren osasun arretan eta langileen lan baldintzetan.

Gaur egun, Osasunbidean, 1990eko lege batekin eta joan den mendeko gizartearentzat pentsatutako irizpideekin funtzionatzen jarraitzen dugu. Nafarroako Gobernuan eta Osasun Departamentuan inork ez du inolako interesik Nafarroako herritarrei osasun arreta segurtatuko dien eta langileen lan baldintzak bermatuko dituen osasun lege berri bat garatzeko. Guztiz kontrakoa: interes handiagoa dute deribazioetan eta pribatizazioetan, itxarote-zerrendak eta behin-behinekotasuna etengabe handitzen diren bitartean eta Nafarroako osasun publikoko lan giroa okertzen den bitartean.

Osasun langileak pandemiako heroiak izatetik funtzionario pribilegiatuak izatera igaro gara. LAB sindikatuak ohartarazi dio Nafarroako Gobernuari ez garela ez gauza bat, ez bestea, eta gaur egungo lan baldintzak eta arreta baldintzak onartezinak direla langileentzat. Arduradun politikoek ez dute ez negoziatzeko gaitasunik, ezta anbizio politikorik ere, Nafarroako osasun sistema publikoa garatu eta blindatuko duen lege-ekimen bat aurrera eramateko.

Atzean gelditu da garai bateko interesa lege oinarri berri bat finkatzeko, funtzio publikorako sarbidea aldatzea edo neurrigabeko behin-behinekotasun indizeak jaistea ahalbidetuko lukeena. Alde horretatik, beldur gara enplegua egonkortzeko datorkigun LEP berezia ez ote den izanen arazo bat gehiago, eta ez horretarako konponbidea.

Gobernuari eskatzen diogu ekin diezaiola garapen profesionaleko lege bat egiteari, Osasunbideko eta Nafarroako funtzio publikoko gainerako langile guztiak barne hartuko dituen lege bat (Espainiako estatuko autonomia erkidego gehienetan garatua dago kontu hori, baina Foru Komunitatean erabat ahaztua dute), besteak beste, profesionalei behar dituzten eskumenak emateko eta, horrez gainera, gure lana behar bezalako bermeekin egin ahal izateko beste hainbat alderdi finkatzeko.

Nafarroako Gobernuari eta bereziki Carlos Artundo jaunari gogorarazi nahi diogu legegintzaldi honen hasieran Osasunari buruzko Foru Legea garatzeko konpromisoa hartu zuela sindikatuekin, baina gaur den egunean, ez du ezer egin, eta ez du ezer egiteko inolako asmorik.

LABek dei egiten die langileei eta gainerako sindikatuei, Nafarroako Gobernuari eska diezaioten premiazko kronograma bat Osasunari buruzko foru lege berria berehala garatzeko.

Javier Remirez jaunak eta Osasun Departamentuak negoziatzeari uko egiten jarraitzen badute eta osasun arreta publikoa eta kalitatezkoa bermatzeko proposamenik aurkezten ez badute, LAB sindikatua prest dago gainerako sindikatuekin mobilizazioak egiteko akordioak lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.